Galdeketa

Martxoa amaitu aurretik egin nahi dute herri galdeketa Usansolon

Galdakaoko Udalak Usansolo udalerri bilakatzearen inguruko memoria eta galdeketa egitea onartuko ditu bihar, osoko bilkuran. Bizkaiko Batzar Nagusietan amaituko da prozedura, eta hark izango du azken hitza. Prozedura uda baino lehen amai daitekeela dio udalak.

Usansolo Herri plataformako kideen agerraldia, gaur, Galdakaoko (Bizkiaia) udaletxean. BERRIA
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 26a
16:29
Entzun

Usansolo udalerri bilakatzeko prozesua beste fase batera igaroko da bihar. Izan ere, osoko bilkura egingo dute Galdakaoko Udalean, eta batzorde mistoak —Galdakaoko Udaleko ordezkariek, Usansolo Herria plataformakoek eta Bizkaiko Foru Aldundikoek osatuak— Usansolo Galdakaotik bereizteari buruz egindako memoriari buruzko bozketa egingo dute. Halaber, herri galdeketa egitearen inguruan ere erabaki beharko du udalbatzak. Bi erebakiek gehiengo osoa behar dute aurrera egiteko, eta hala izango dutela aurreikusten du Galdakaoko Udalak.

2020ko urtarrilean Usansoloren desanexiorako bidea berrartu zuen Galdakaoko Udalak, eta udalbatzak oniritzia eman zion Usansoloko herritarrek euren egituraketa erabakitzeko prozesuari. Horren ondotik eratu zuten batzorde mistoa. Udalak azaldu duenez, batzorde horren lana izan da "Usansolo herri independente gisa osatzeak ekarriko lituzkeen ondorioei buruzko azterketa" egitea, "herri bakoitzak zer azpiegitura eta baliabide izango lituzkeen" zehaztea eta "banaketa ekonomikoki zein sozialki bideragarria litzatekeen" ikustea. Memoria batean jaso dute azterketa, eta hori da bihar bozkatuko dena. Galdakaoko Udalak aurreratu duenez, ikerketak ondorioztatu du banaketak ez lukeela «ondorio kaltegarririk» eragingo, eta antolaketa berria «bideragarria litzatekeela bi herrientzat». Memoria horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren oniritzia ere behar zuen, eta jaso du.

Galdeketari dagokionez, martxoa amaitu aurretik egin nahi du udalak. Legediaren arabera, ez du zertan egin, eta emaitza ez da loteslea izango. Hala ere, prozedura hori lehenetsi du udalak. Agustin Aizpuru Usansolo Herriako zinegotziak gaur adierazi duenez, «gobernu taldeak eta, bereziki, Usansolo Herriak uste dute prozesua ezin dela amaitu aldez aurretik usasolotarrek izapidetutako aldaketaren aldeko edo kontrako iritzia agertu arte». Erantsi du «garrantzitsua» iruditzen zaiela herritarren «iritzia izatea eta Usansoloren borondatea markatzea».

Behin galdeketaren emaitzak izanda, Foru Aldundira igorriko ditu udalak, bihar onartzekoak diren memoriaren osagarri moduan. Hor amaituko da udalaren eginbeharra. Bizkaiko Foru Aldundiak azken onespena eman ondoren, gaia Bizkaiko Batzar Nagusietara helduko da, eta han hartuko da azken erabkia. Galdakaoko Udalak uste du uda aurretik amai daitekeela prozesu guztia. Nabarmendu duenez, modu horretan, «30 urte baino gehiagoz errepikatzen ari den eskaerari erantzuna» emango dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.