Kolonbia

Gutxienez zortzi lagun hil dira FARCeko talde disidenteen eta ELN gerrillaren arteko borroketan

Bien arteko liskarrak gogortu egin dira Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugetan. Urtea hasi zenetik 40 hildako, eta ehunka desplazatu eta desagertu utzi ditu gatazkak, gizarte zibilaren arabera.

jarraia208890.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 27a
12:45
Entzun

Garapen eta Bakerako Ikasketen Institutuak salatu duenez, Arauca departamenduko (Kolonbia) Tame udalerriko buruzagia eta haren emaztea hil dituzte 24 ordu baino gutxiagotan, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak desegin ostean sortutako talde disidenteen eta ELN Nazioa Askatzeko Armada gerrillaren artean azken egunetan gertatu diren borroketan.

Gainera, gutxienez ELNko sei kide hil, sei zauritu eta bi harrapatu dituzte Venezuelako Victoria, Osa eta Arenales eskualdeetan izandako liskarretan, Caracol Radio hedabideak zabaldu duenez.

Bi erakundeen arteko borrokak Araucako Arauquita udalerrian ere gogortu dira, eta leherketa handiak eta tiroketa handiak entzun dituzte hango biztanleek. Liskar horiek Antonio Medina FARCeko disidentzien eta ELNko kideen artekoak dira, Kolonbiako armadaren arabera.

Arauca departamenduan, estatuaren esku hartzea ia hutsaren hurrengoa da, eta, babes faltaren ondorioz, 1.500 herritarrek baino gehiagok etxea utzi behar izan dute. Erabat «ahaztuta» eta «abandonatuta» daudela salatu dute. Inguruko biztanleak ere mehatxupean bizi dira, batez ere udalerrietako buruak. Gainera, gizarte zibilak salatu duenez, errekrutatzeak areagotu egin dira, adin txikikoenak barne.

FARCeko eta ELNko kideen arteko borroken eraginez, urtea hasi zenetik gutxienez 40 hil dira Araucan, gizarte zibilak emandako datuen arabera. Departamendu horretan 500 zibil inguru hil ziren 2005etik eta 2011ra bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.