Eusko Jaurlaritzak COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzea eta beste eremu batzuetara zabaltzea eskatuko du

Otsailaren 13ra arte behintzat erabiltzen jarraitzeko aukera izatea eskatuko dute. Eremu gehiagotan eskatzea nahi dute: orain artekoetan ez ezik, turismorako ostatuetan, hoteletan eta joko aretoetan.

Herritar bat COVID ziurtagiria erakusten, Donostian, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 27a
15:13
Entzun

Labi bildu bezperan, zalantza nagusietako bat zen ea zer gertatuko zen COVID ziurtagiriarekin. Eusko Jaurlaritzak argitu du zer bidetatik jo nahi duen: ziurtagiriaren derrigortasuna otsailaren 13ra arte luzatzea eskatuko du. Gainera, orain arteko eremuetan ez ezik, beste establezimendu batzuetan ere eskatzea nahi du, hala nola hoteletan, turismo ostatuetan eta joko aretoetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abenduaren 4tik dago indarrean COVID ziurtagiria. Hasieran, gaueko aisialdiko zenbait establezimendutan eta 50 leku baino gehiago dituzten jatetxeetan eskatu behar zuten. Abenduaren 15etik, ordea, erabat zabalduta dago ziurtagiria, eta, besteak beste, tabernetara eta jatetxeetara, eta kiroldegietara sartzeko eskatu behar dute. Baimenik eman ezean, COVID ziurtagiria datorren astelehenean geratuko da bertan behera.

Nafarroan ere indarrean dago COVID ziurtagiria. Nafarroako Gobernuak baimena eskatuta dauka neurri murriztaileak otsailaren 14ra arte luzatzeko; baita COVID ziurtagiria ere. Besteak beste, zahar etxeetan, ostatuetan eta gimnasioetan eskatu behar dute ziurtagiria. Ipar Euskal Herrian ere eskatzen dute dokumentua. Gainera, txertatze ziurtagiria indarrean dago; beraz, txertatuta egotea ezinbestekoa da ostatuetara, kulturguneetara, kirol egituretara eta distantzia luzeko garraio publikoetara sartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.