Iaz %5,8 handitu zen Nafarroako ekonomia

Nastat estatistika erakundearen datuen arabera, azken hiruhilekoan %0,8 hazi zen BPG, aurreko hiruhilekoko datuekin alderatuta

Industriaren egoerak baldintzatu du Nafarroako ekonomiaren urte amaiera. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko urtarrilaren 28a
09:44
Entzun

Nafarroako Gobernuak %6,5eko hazkundea aurreikusi zuen 2021erako, eta, azkenean, zazpi hamarren beherago geratu da. Nastat estatistika erakundeak aurreratutako lehen datuen arabera, iragan urtean %5,8 handitu zen ekonomia. Halaber, 2020an galdutakoaren parte handi bat berreskuratu zuen ekonomiak; izan ere, 2020an, %8,3 egin baitzuen atzera ekonomiak.

Azken hiruhilekoaren datuen erreparatuta, antzematen da urteak aurrera egin ahala ekonomia motelduz joan dela, batik bat industriaren eraginez. Jarduera ekonomikoa %0,8 handitu zen azken hiruhilekoan, hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta (uztailetik irailera, berriz, %1,6 eta apiriletik ekainera %2,6.

Nastatek azaldu du industriak eragin du moteltze hori. Volkswagenek, esaterako, hornidura arazoen ondorioz, hainbat egunez produkzioa gelditu behar izan zuen urrian, azaroan eta abenduan, eta autogintzak zein beste hainbat sektorek izandako arazoak islatu ditu datuak. Alta, Nastaten arabera, merkatuen zerbitzuek eta eraikuntzak konpentsatu egin dute joera ezkor hori.

Azken hiruhilekoko datua iazko azken hiruhilekoko datuarekin alderatuz gero, Nafarroako BPG %4,7 handitu da.

Aurten, %5

Hazkundearen moteltzea COVID-19aren azken olatuarekin lotu du Elma Saiz Ekonomia kontseilariak. Hala ere, ziurtatu du Nafarroako ekonomia «sendoa» dela, eta aurten hazkunde «nabarmen» bat izango duela. BPGa %5 haziko dela dion iragarpenari eusten dio Iruñeko gobernuak, baina onartu du datu hori «zuhurra» dela beste erakunde batzuek egin dutenekin alderatuta. Laboral Kutxak, esaterako, %6,2ko hazkundea iragarri zuen abenduan.

Edonola ere, Saizek aitortu du egoera aldakorra dela eta zuhurgabetasuna handia dela, Ukrainako gerra hotsen, inflazio handiaren eta hornidura kateetan dauden arazoak direla eta. Azken bi arazo horiek urteak aurrera egin ahala apaltzea espero du.

Nafarroako Ekonomia urte hasieran espero baino motelago hazi bada ere, horrek ez du zerga bilketan eragin handirik izan: 2020an baino %15 gehiago bildu du eta pandemia aurreko egoera baino %5,8 gehiago.

Beste lurraldeak

Eustatek duela bi aste eman zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren datuak, eta han azken hiruhilekoan jarduera ekonomikoa bizkortu egin da urteko azken hiru hilabeteetan. 2021ean, %5,5 hazi zen ekonomia, eta aurreko urtean galdutakoaren erdia berreskuratu zuen, eskas.

Espainiako ekonomiari, ordea, tarte handiagoa geratzen zaio pandemiaren aurreko mailara itzultzeko. 2020. urtean %10,8 jaitsi zen, eta, INEk gaur emandako datuen arabera, 2021. urtean %5 hazi zen. Kopururik handiena da 2000. urteaz geroztik; baina, hala ere, Espainiako Gobernuan aurreikuspenetik behera geratu da, %6,5ekoa espero baitzuen. Hurbilago geratu dira beste erakunde batzuk: NDFk %4,9 esan zuen; Funcasek, %4,8, eta OCDEk eta Espainiako Bankuak, berriz, %4.5.

Frantziak oso gertu du pandemiaren aurreko maila: 2020an jarduera ekonomikoaren %8 galdu zuen, eta iaz %7 berreskuratu zuen, Insee Estatistika eta Ekonomia Ikerketen Institutuak baieztatu duenez. Hazkunderik handiena izan da azken 52 urteetan. Emaitzekin oso gustura azaldu da Bruno Le Maire Ekonomia ministroa: «Ekonomia bete-betean dabil. eta erantzuteko gaitasun handia du». Langabezia tasaren jaitsiera sekula ikusi gabekoa dela ere nabarmendu du ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.