Neurriak otsailaren 14ra arte luzatzea baimendu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Besteak beste, ostalaritzako establezimenduek aurrerantzean ere itxita egon beharko dute 01:00etik 06:00etara. Ziurtagiri digitala ere erakutsi beharko da oraindik halakoetara sartzeko.

Iruñeako bi taberna, itxita. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2022ko urtarrilaren 28a
11:09
Entzun

Nafarroako Gobernuak eskatu zuena betez baimendu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak neurri murriztaileen jarraipena. Hala, Nafarroan otsailaren 14ra arte luzatuko dituzte koronabirusaren gaitza geldiarazteko asmoz ezarritako neurri murriztaileak.

Azken asteotan bezala, ostalaritza eta gaueko aisialdirako establezimenduak itxita egongo dira 01:00etik eta 06:00etara, ezingo da barraren inguruan kontsumitu, gehienera hamar lagun elkartu ahal izango dira, eta gizarte, kultura edota kirol arloko ekitaldiek hainbat arau bete beharko dituzte, besteak beste. Ziurtagiri digitala ere erakutsi beharko da oraindik establezimenduetara sartzeko.

Maria Txibiteren gobernuak abenduko azken egunetan ezarri zituen neurriak, eta urtarrilaren 14an luzatu zituzten lehen aldiz. Bietan, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren onespena jaso zuen Txibiteren gobernuak. Izan ere, epaileen iritziz, egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, «beharrezkoak eta neurrikoak» ziren. Horrekin batera, Nafarroako Auzitegi Nagusiak gaineratu du gaur egungo intzidentzia tasa neurriak ezarri zirenean baino handiagoa dela.

Oraingo honetan ere, neurriei eustea «garrantzitsua» dela uste du Santos Indurain Osasun kontseilariak. «Beheranzko joera nabaritu dugu birusaren transmisioari dagokionez, baina joera hori sendotu beharra dago; bide onari eutsi. Ez dugu atzera egin nahi», azaldu zuen asteazkenean. Neurriei eustearen aldeko faktoreen artean, osasun sistemaren egoera aipatu zuen: «Ospitaleen okupazio maila hasi da pixka bat apaltzen, baina oso handia da oraindik».

Azken datuen arabera, beste 1.382 koronabirus kasu atzeman zituzten atzo, 3.300 proba diagnostiko egin ondoren. Beraz, positibotasun tasa %41,9koa da orain Nafarroan. Ospitaleen egoerari dagokionez, hamahiru pertsona ospitaleratu zituzten atzo; horietatik hiru, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Horrela, 241 dira Nafarroako erietxeetan ospitaleratuta dauden gaixoak, eta horietatik 28 ZIUetan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.