Peru

Repsoleko lau arduraduni Perutik irtetea debekatu diete, olio isuriaren auzian

Peruk salatu du beste isuri bat izan dela Limako kostaldean. Aurrez, Repsoleko petroliontzi batek 6.000 upel isuri zituen Limako kostaldean, eta 50 kilometro hondatu.

Langile bat garbiketa lanetan, Ventanilla hirian. JUAN PONCE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 28a
11:21
Entzun

Urtarrilaren 15ean, Tonga sumendiaren erupzioak eraginda, itsas maila kolpetik igo zen Peruko kostaldean, eta, ondorioz, Limatik gertu, Pampillako findegian, milioi bat petrolio upel deskargatzen ari zen Repsoleko itsasontzi batek 6.000 upel isuri zituen itsasora. Petrolioz zikinduta geratu da kostaldeko 50 kilometroko eremua. Dagoeneko hasiak dira hura garbitzen, baina gobernuak salatu du «azken urteetako ingurumen hondamendirik handiena» izan dela. Espainiako Repsol konpainiari egotzi dio Limak erantzukizuna, eta auzia daraman epaileak 18 hilabetez debekatu die enpresa horretako lau ordezkariri Perutik irtetea.

Isuria izan eta gutxira hasi zen gertaera ikertzen Peruko Ingurumen Auzietarako Fiskaltza. Pampillako findegia egiten dute gertatutakoaren erantzule, eta Repsolek kudeatzen du hura. Bi natur erreserbetara ere heldu da isuria. Ingurumen ministro Ruben Ramirezek iragarri du bestelako neurriak ere eskatuko dituztela konpainiako arduradunen aurka: «Gogor ekingo dugu erantzuleen kontra. Egin dutenak, perutarrei ez ezik, mundu guztiari eragiten dio». Bestalde, Ingurumenaren Ebaluazio eta Fiskalizaziorako Erakundeak iragarri du Repsoli isuna jartzeko prozedura abiatu duela, hark isuritako petrolioa biltzeari uko egin ostean. 4,2 milioi eurotaraino hel daiteke zigor ekonomikoa.

Repsolek berak eman zuen gertatutakoaren berri, baina hasieran garrantzia kendu zion auziari, eta esan zuen 25 litro inguru isuri zirela itsasora. Ondorioz, agintariek ez uzten isuriaren benetako neurriaren berri izan hurrengo egunera arte, orduan hasi baitzen petrolioa kostaldera heltzen. Gobernuak 90 eguneko ingurumen larrialdia ezarri du kostaldean, garbiketa lanak errazte aldera. Baina beste isuri batek okertu egin du egoera. Gobernuaren iturrien arabera, toki berean izan da isuria. Repsolek, baina, ukatu egin du, eta esan du 15 metroko sakoneran egiten ari ziren garbiketa lanen ondorioz itsas azalera atera dela hilaren 15ean isuritako eta ordutik hoditerian harrapatuta geratutako fuel olioaren zati bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.