Baxoko martxoko azterketak maiatzera atzeratu dituzte

Baxoaren parte diren azterketa aurreratuak martxoan egitekoak zituzten Ipar Euskal Herriko ikasleek. Frantziako Hezkuntza Ministerioak pandemiarengatik atzeratzea deliberatu du.

Ikasle bat baxoa pasatzen Baionako lizeo batean, artxiboko irudian. ISABELLE MIQUELESTORENA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 28a
14:15
Entzun

Baxoaren erreformaz gero, Ipar Euskal Herriko lizeoetako terminaleko ikasleek bi azterketa pasatu behar dituzte martxoan; azterketa aurreratuak deitzen zaie. Ikasle bakoitzak hautatutako bi gai nagusiri buruzko azterketa idatziak dira. Bada, osasun egoera kontuan harturik, Frantziako Hezkuntza ministro Jean Michel Blanquerrek iragarri du maiatzaren 11n, 12an eta 13an eginen dituztela. Bestalde, leheneko frantseseko ahozkorako ikasleek prestatu behar dituzten testu literarioen kopurua apaldu dute.

Hezkuntza arloko sindikatuek azterketa horien gibelatzea eskatu zioten Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Haien arabera, protokoloengatik beranta hartu zuten irakasleek urteko ikasgaien egutegian. Ikasleen «etengabeko joan-etorriek» eta ikasgelen ixteak eragin dute beranta, irakasleen arabera.

Martxoko azterketak atzeratu izanak eragina izanen du ikasleentzat. Izan ere, goi mailako ikasketak egiteko izena eman behar dute Parcoursup plataforman, eta dagoeneko irekia da horretarako epea. Berez, martxoko azterketetako notek balio dute Parcoursup plataformako dosierra osatzeko; baina maiatzean egingo dituztenez, lehen bi hiruhilekoetako notak hartuko dituzte kontuan.

Hala eta guztiz ere, gainerako azterketak lehenagotik iragarritako datetan eginen dituzte ikasleek. Ekainaren 15ean izanen da filosofiako azterketa idatzia, eta ekainaren 20tik uztailaren 1era antolatuko dute ahozko handia deituriko azterketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.