Elezkano II.a-Zabaleta 15-22 Laso-Imaz

Lasok eta Imazek Elezkano eta Zabaleta harrapatu dituzte sailkapenaren buruan

Partida irauli dute urdinek Hendaian. Elezkanok eta Zabaletak hirugarren partida galdu dute jarraian. Bi bikoteak dira orain sailkapenaren buruan, zazpina garaipenekin.

Laso, Markina-Xemeinen aurreko jardualdian jokatu zuten partidan. GORKA RUBIO, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko urtarrilaren 29a
07:31
Entzun

Emoziorik ez du faltako Binakako Txapelketako ligaxkak, ezta lehen posturako lehian ere. Ligaxkaren lehen bi herenetan Elezkano eta Zabaleta jaun eta jabe izan baziren ere, azken jardunaldietan pott egin dute, eta atzo hirugarren partida galdu zuten erreskadan, Laso eta Imazen aurka, 15-22. Garaipen horrekin Lasok eta Imazek zazpigarren puntua eskuratu dute sailkapenean, eta Elezkano eta Zabaleta harrapatu dituzte. Oraingoz, azken bi horiek jarraituko dute lehen postuan, euren arteko lehen partidan 22-11 irabazi zietelako Laso eta Imazi. Jardunaldi honetan, baina, beste bi bikotek ere izango dute aukera zazpigarren garaipena lortzeko, Irribarria-Rezustak eta Altuna III.a-Martijak, eta azken jardunaldian erabakiko da zer bi bikotek lortzen duten finalerdietara zuzenean sailkatzea.

Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekua bete egin zen atzo ligaxkako azken aurreko jardunaldiko lehen partida ikusteko, eta ikusitakoak guztiak ase zituen. Pilotaleku azkarra da eta lau pilotariek bizi jokatu bazuten ere, Lasok atera zion etekinik onena: hamar tanto egin zituen. Bikain aritu zen Bizkarretako pilotaria. Arriskatu egin zuen, eta berera ekarri zuen partida, gauzak ondo ateratzen direla ikusten duenak hartzen duen konfidantzarekin. Elezkanoren sakea 11 aldiz jo zuen airez errestoan, eta Elezkano eta Zabaleta eraman zituen aurretik. Aurreko koadroetan jokoan sartu ezin aritu zen Elezkano, eta atzean Lasoren enbatari erantzun ezin, Zabaleta.

Jokoan ia ordubete eman zuten pilotariek (55 minutu), eta 384 pilotakada eman zituzten. Zabaletak aste honetan BERRIAn adierazi du ez dutela lortu partida bat hasi eta buka ondo jokatzea, eta atzokoa ez zen izan salbuepena. Elezkanok eta Zabaletak ondo bideratu zuten partida hasieran. Lehen erdia eurena izan zen, eta 11. tantora aurretik iritsi ziren, Laso eta Imaz oraindik 6.enean zirela. 8-12ra arte eutsi zioten alde horri gorriek, baina hortik aurrera partida Laso eta Imazena izan zen. Partidaren bigarren zati horretan 2-14 egin zuten markagailuan, eta urdinek puntu oso baliotsua eskuratu zuten sailkapenean. Imaz sendo aritu zen, eta Zabaletak atzera bidali zituen pilotakadak ondo eraman zituen oiartzuarrak, Lasok aurrean erabaki zezan tantoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.