Memoria historikoa

Gudari baten gorpuzkiak berreskuratu dituzte Bilboko Begoñan

Gogora institutuaren arabera, 36ko gerran eta ondorengo urteetan hildako 60 lagun daude hilerri hartan lurperatuta.

Paco Etxeberria forentsea, senideei eta ordezkari politikoei azalpenak ematen, gaur goizean. LUIS TEJIDO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko urtarrilaren 29a
13:01
Entzun

Tomas Rubin Marin gudariaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte gaur goizean, Bilboko Begoñako hilerrian. «Urrats garrantzitsua eman dugu Rubin familiaren eta euskal gizarte osoaren zauriak ixteko», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek. Ekitaldian izan dira Gogora institutuko eta Aranzadi elkarteko kideak eta Rubinen senideak ere.

Igeltseroa ofizioz, EAE-ANV Eusko Abertzale Ekintzarekin jo zuen frontera, 31 urterekin. Legutioko (Bizkaia) gudan jasaniko zaurien eraginez, Amorebietako (Bizkaia) ospitale militarrera eraman zuten, eta han hil zen, 1936ko abenduaren 3an. Haren gorpua Bilboko Begoñako hilerrira eraman zuten, baina haren senideek ez dute orain arte jakin zehazki non zegoen lurperatuta.

Jaurlaritzak azaldu duenez, Rubinen biloba bat izan zen haren gorpua Begoñako hilerrian hilobiratu zutela deskubritu zuena, eta Begoñako Argia proiektuaren baitan eginiko bisita gidatuetako batean eman zien horren berri proiektuko arduradunei. Handik Gogora institutura jo zuen. Artolazabalek nabarmendu du familiaren «presentzia, keinuak, hitzak, emozioak eta poz malkoak» direla hilerrian egiten ari diren lanari «zentzu osoa» ematen diotenak: «Harrotasuna da Euskadin demokrazia defendatzeko borrokatu ziren Tomas Rubin bezalako pertsonei duintasuna itzultzen lagundu ahal izatea».

Izatez, Begoñako Argia proiektuaren pean eginiko aurkikuntza izan da gaur goizean jakinarazitakoa. 36ko gerran eta ondorengo urteetan hildako 60 lagunen gorpuzkiak berreskuratzea du helburu abenduan aurkeztutako proiektuak. Gogora institutuaren ikerketen arabera, gudulariak zein biktima zibilak daude lurperatutako Begoñako hilerrian; besteak beste, «1937ko apirilaren 18an Cotorrueloko babeslekuan izandako bonbardaketan hildakoak». Artolazabalen hitzetan, proiektua «gure herriaren bizikidetza eraikitzeko urrats bat» da, «memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko» egiten diren lan guztiak bezala.

Gogorak garaiko erregistro eta eliz liburuetatik atera zuen informazioa, eta, ondorioztatu dutenez, biktimen gorpuzkiak hilerriko bi eremutan daude banatuta; Aranzadik horietako batean hasi ditu berreskuratze lanak. Gainera, Artolazabalek dei egin zien herritarrei euren senideak non eta noiz hil ziren ez dakiten herritarrei, Gogora institutuarekin harreman jar daitezela eskatzeko, Rubinen familiak egin bezala.

Bilboko Udalak Begoñako hilerria «parke publiko» bihurtzeko plan bat du, eta hark bultzatu ditu lanak. Hilerria itxita dago 2006tik —1813tik 2003ra bitarte lurperatu zen jendea han—, baina, Begoñako Argia proiektuarekin, udalak eta Aranzadik memoria historikoaren esparruan ikertzeko leku bilakatu nahi dute hura. «Zientzia eta ezagutza biltzen dituen proiektu baterako agertokirik egokiena da», azaldu zuen Juan Mari Aburto alkateak aurkezpen ekitaldian.

Memoria historikoa garatzeko espazio izateaz gain, XIX. mende amaierako eta XX.eko hasierako arkitektura aztertzeko ere balioko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.