Italia

Mattarellak presidente karguan jarraituko du

Italiako alderdiek ez dute lortu beste hautagairik adostea, eta agintari beteranoak baietz esan dio estatuburu postuan segitzeari, «herrialdearen egonkortasuna» bermatzeko.

Sergio Mattarella, iazko Urtezahar eguneko hitzaldia ematen. PAOLO GIANDOTTI / EFE
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 29a
17:18
Entzun

Sergio Mattarellak 73 urte zituen Italiako presidente kargua hartu zuenean, eta argi utzi zuen agintaldi bakarra egingo zuela postu horretan, haren ibilbidea datorren ostegunean amaitu nahi zuelako. Italiako desegonkortasun ezagunak, baina, planak aldarazi dizkio agintari beteranoari, alderdi politikoak ez baitira ados jarri haren ordezkoa aukeratzerakoan. Zazpi bozketa egin dituzte asteon, baina inork ez du behar adina boto jaso, eta Mario Draghi lehen ministroak bere burua ezohiko eskari bat egitera ikusi du behartua: karguan jarraitzeko eskatu dio Mattarellari, «herrialdearen egonkortasuna» bermatzeko. 80 urteko politikariak baietz erantzun dio, eta ordezkarien gehiengoaren babesa jaso du.

Printzipioz, agintari beteranoak datorren urtera arte jarraitu beharko luke estatuburu postuan, orduan egingo baitituzte parlamenturako bozak; eta, hortaz, alderdiek hitzordu horren ondoren negoziatu beharko dituzte berriz lehen ministro eta presidente karguak. Finean, egunotan eta bereziki gaur gertaturikoa hauteskunde horietara begirako mugimendu bat izan da, inork ez baitzuen nahi bozak aurreratzea.

Arratsaldean hasi dute aste honetako zortzigarren bozketa, eta batasun nazionaleko gobernua babesten duten indar politiko guztiek bozkatu dute Mattarellak karguan jarraitzearen alde; Italiako presidentea ez dute boto emaileek aukeratzen, baizik eta alderdien diputatuek, senatariek eta eskualdeetako ordezkariek —mila politikari pasatxo dira—, eta botoa sekretua izaten da.

Alderdi garrantzitsuen artean, FdI Italiako Anaiak ultraeskuindarra izan da Mattarellak estatuburu postuan jarraitzearen aurka agertu den bakarra, eta Giorgia Meloni buruzagiak horixe adierazi du Draghiren eskaria jakitean: «Ez dut sinisten [gertatu dena]». Batez ere Matteo Salvini eskuin muturreko Legaren buruzagiarekin agertu da haserre, hasiera batean ez zuelako egungo kargudunaren alde egiteko asmorik.

Salvinik, baina, arratsalde hasieran adierazi du ez dela «seriosa ezezkoekin eta betoekin» jarraitzea, eta, besteak beste, M5S 5 Izar Mugimenduarekin, PD Alderdi Demokratikoarekin eta IV Italia Bizirik-ekin batera bozkatu du presidentearen alde.

Eskuineko blokearen zatiketa

Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren FI Forza Italiak ere Mattarellaren alde egin du, haren egunotako jarrerak agerian utzi baitu eskuineko koalizioa haustear dagoela. Legaren, FdIren eta FIren arteko desadostasunak handiak izan dira presidentea hautatzeko prozesuan: Maria Elisabetta Alberti Casellati Senatuko presidentearen alde bozkatzea adostu zuten, baina horietako batek ez zuen hitzarturikoa errespetatu. Harrez geroztik, elkarri mokoka aritu dira.

Lehen hiru saioetan, hautagaiek bi herenen babesa behar zuten hautatuak izateko, eta hori ez du inork lortu; hortik aurrerakoetan, berriz, gutxienez gehiengo osoarena da beharrezkoa, eta sostenguak kontuan harturik, Mattarellak ez du arazorik izan 505 botoetara iristeko.

Italiako presidenteak eskumen mugatuak ditu, eta batez ere zeremoniazkoak dira agintaldian zehar. Halere, krisi politiko eta hauteskunde garaietan profil erabakigarria izaten da, hari baitagokio gobernuburuak eta ministroak izendatzea —Mattarellak lau gobernu izan ditu bere agintaldian—; gainera, parlamentuko bi ganberak desegin ditzake, eta legeak eta dekretuak blokeatu, horiek eta konstituzioa bateragarriak ez balira.

Estatuburuak zazpi urteko legealdia izaten du —Mattarellaren, Giorgio Napolitanoren (2006-2015) eta Antonio Segniren (1962-1964) salbuespenak kenduta—, eta batasuna irudikatu behar du, alderdi politikoen eta ideologien gainetik.

Ordezkari politikoek italiar herritartasuna duen eta 50 urtetik gorakoa den edonoren aldeko botoa eman dezakete. Horrek, noski, proposamen bitxiak egiteko aukera eman die iragan bozketetan: Francesco Totti futbol jokalari izandakoa eta Sophia Loren aktorea, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.