Eskubaloia

Gurbindo, Hernandez, Odriozola eta Peciña, Europako txapeldunorde

Espainiako selekzioak 27-26 galdu du Europako Eskubaloi Txapelketako finala Budapesten, Suediaren aurka. Euskal herritarrek ez dute golik sartu finalean. 

Iñaki Peciña defentsa lanetan, gaur, Budapesten jokatu duten finalean. ZSOLT SZIGETVARY / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 30a
20:59
Entzun

Ezin izan dute egindako lan bikaina borobildu Europako Eskubaloi Txapelketa jokatu duten euskal ordezkariek. Espainiarekin jokatu dute Eduardo Gurbindo eta Sergey Hernandez nafarrek, eta Kauldi Odriozola eta Iñaki Peciña gipuzkoarrek, eta finaleraino heltzea lortu dute, baina Suediak mendean hartu ditu txapelketako finalean (27-26).

Finalaurrekoetan faborito nagusia kanporatuta (Danimarka, 29-25), Espainiak hirugarren aldiz jarraian Europako txapelketa irabazteko aukera ederra zuen. Suediak, ordea, 2020ko finalaren errebantxa hartu du, lehiaketako jokalaririk onena izendatu duten Jim Gottfridsson zentralaren gidaritzapean. Finaleko jokalaririk onenaren saria, berriz, Andreas Palicka atezainari eman diote.

Euskal herritarrek ezin izan dute golik sartu gaur. Jordi Ribera hautatzaileak hemezortzi jokalari eraman zituen txapelketara, tartean lau euskal herritarrak. Gurbindorentzat izan ezik, beste hirurentzat ere euren lehen txapelketa handia izan da.

Gurbindok eta Peciñak jokatu dituzte minutu gehien; Peciñak defentsa lanetan nagusiki. Lehiaketan hamar gol sartu ditu Gurbindok, hiru Odriozolak, eta bat ere ez Peciñak. Hernandez atezaina, berriz, norgehiagoka bakarrean sartu da Riberaren deialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.