Etxebizitza

Emakume bat eta haren hiru seme-alabak etxegabetu dituzte Barakaldon

Andrea indarkeria matxistaren biktima da. Dozenaka herritarrek protesta egin dute etxegabetzea gaitzesteko.

Barakaldon izandako etxegabetzea salatzeko protesta, gaur. 97 IRRATIA
2022ko urtarrilaren 31
13:06
Entzun

Alokabide Eusko Jaurlaritzaren alokairurako sozietate publikoak asmoa bete du, iragarria zenez. Barakaldoko (Bizkaia) emakume bat kanporatzeko prozedura eskatu zuen Alokabidek, eta gaur gauzatu da etxegabetzea azkenik. Operazioa burututa, etxerik gabe gelditu dira han bizi ziren emakumezkoa eta bere ardurapean dituen hiru seme-alabak.

Orain aste batzuk jakinarazi zuen Jaurlaritzak etxebizitza husteko aurreikusitako data. Datu hori argitara ateratakoan, hura salatzeko elkarretaratzea egin zuten Argitan emakumearen aholkularitza zentroko eta Berri-Otxoak bazterketaren aurkako plataformako kideek, urtarrilaren 10ean. Orduantxe, salatu zuten etxegabetu duten emakumezkoa indarkeria matxistaren biktima dela. Nabarmendu zuten andrea bereziki zaurgarria dela. «Lau seme-alaba ditu, horietako hiru adingabeak; indarkeria matxistaren biktima da, eta udaleko gizarte zerbitzuek egiaztatuta daukate kaltebera dela», adierazi zuten orduan. Etxegabetzea irmo salatu dute gaur ere: dozenaka lagun bildu dira protesta egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.