GINEA BISSAU

«Hildako asko» Ginea Bissaun, militarrek presidentearen jauregiaren bueltan egindako eraso batean

Umaro Sissoco Embalo presidenteak esan du egoera «kontrolpean» dutela, eta «ondo» dagoela. Ecowas Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasunak «estatu kolpe saiakera» salatu du.

Umaro Sissoco Embalo Ginea Bissauko presidentea, iazko urrian Parisen. EFE
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 1a
20:54
Entzun

Ginea Bissauko presidentetzaren jauregiaren inguruan tiroketa bat gertatu da gaur arratsaldean. Ministroen Kontseilu bat egiten ari ziren jauregian, eta han zeuden Umaro Sissoco Embalo herrialdeko presidentea eta Nuno Gomes lehen ministroa. Embalo presidenteak Twitterreko bere kontu ofizialean adierazi duenez, gobernuak «kontrolpean» dauka egoera, eta bera «ondo» dago. Hori bai, Jeune Afrique aldizkariari telefonoz jakinarazi dionez, «hildako asko» daude tiroketa horren ondorioz. Ez du kopuru bat eman, eta nabarmendu du militar «bakan batzuen gauza» izan dela erasoa. Bost bat ordu iraun du. Ecowas Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasunak «estatu kolpe saiakera» salatu du.

Twitterren zabaldutako mezuarekin batera, Embaloren Facebookeko kontuan hainbat argazki jarri dituzte, eta horietan presidentea eta Gomes lehen ministroa agertzen dira, hainbat buruzagi militarrekin batera.

Batasunak ohar bat kaleratu du, eta militarrak egin ditu Embalo presidentearen eta gobernuko kideen «segurtasunaren erantzule». Eskatu die militarrei «kuarteletara itzultzeko», eta eduki dezatela «jarrera errepublikanoa». Afrikako Batasunak ere «estatu kolpe ahalegina» kritikatu du. Batasunaren batzordeko presidente Moussa Faki Mahamatek kezka agertu du, eta hark ere eskatu die militarrei atzera egiteko, eta «atxilotuak askatzeko».

Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak kezka agertu du, eta adierazi die militarrei errespeta ditzatela «instituzio demokratikoak».

2020az geroztik lau estatu kolpe eman dituzte Afrika mendebaldean; azkenekoa, joan den urtarrilaren 24an, Burkina Fason. Ginea Bissaun ere egin izan dira saiakerak, armadatik bertatik salatu dutenez. Biague Na N'Tan jeneralak jakinarazi zuen, joan den urrian hainbat agintari militarrek kolpe bat eman nahi zuten, horretarako soldadu gazteei dirua eskainiz.

Portugalen kolonia bat izan zen Ginea Bissau 1973ra arte, eta orduz geroztik militarren hainbat altxamendu eman dira; tartean, lau estatu kolpe. Horiek herrialdearen garapen politiko eta ekonomikoa eragotzi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.