Lan merkatua

Urtarrilean, 1.890 langabe gehiago Hegoaldean

Eguberrietako kanpainaren amaierarekin batera, Gizarte Segurantzak 8.916 afiliatu galdu ditu.

Lanbideren bulego bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 2a
09:52
Entzun

Urtarrila urteko hilabeterik txarrena izan ohi da lan merkatuarentzat, eta 2022koa ez da salbuespen bat izan. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren arabera, 148.761 lagun daude erregistratuta langabe gisa Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan, iazko urtarrilean baino 1.890 gehiago.

Igoera ez da txikia, baina bai aurreko urteetako urtarril gehienak baino txikiagoa. 2021eko urtarrilean, esaterako, 2.578 langabe gehitu zituen hilabete horrek, eta 4.161 gehiago 2020koak. Urte askoz txarragoak izan dira: 2012ko urtarrilean 13.676 langabe gehiago batu ziren langabeen zerrendetara.

Eguberrietan merkataritzan eta ostalaritzan egiten diren kontratazioen amaierarekin lotuta dago urtarrileko beherakada, eta haren eragina askoz gehiago antzematen da Gizarte Segurantzako afiliazioan. Aurreko hilean, 1.266.771 lagunek kotizatu dute batez beste Gizarte Segurantzan, abenduan baino 8.916 gutxiagok.

Eroriko handia da hori ere. Hala ere, gutxienez mende honetako txikiena da. 2021eko urtarrilean, 10.924 afiliatu galdu zituen Gizarte Segurantzak, eta 13.543 afiliatu 2020koan.

Eguberrietako kanpainaren eragina ikusten da langabeziaren sektorekako bilakaeran ere. Horrela, zerbitzuetan 2.518 langabe gehiago daude orain Lanbiden eta Nafar Lansaren. Industrian 547 langabe gutxiago daude, eta eraikuntzan, berriz, 205 gutxiago.

Kontratu mugagabeak, gora

Kontratazio moldeari dagokionez, behin-behineko kontratuak izan dira gehienak, baina kontratu mugagabeek aspaldiko partez gainditu dute %10eko muga. Zehazki, sinatutako 102.623 kontratuetatik 11.428 izan dira mugagabeak: %11,14. Espainian %15era iritsi da kopuru hori, eta lan erreformaren ondorio izan dela nabarmendu du Yolanda Diaz Lan ministroak, erreforma horrek mugak jartzen baitizkio aldi baterako kontratazioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.