Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Voxek EAEko pandemia legeari jarritako errekurtsoa

Voxek Espainiako Kongresuan dituen 52 diputatuek bultzatu dute legearen hainbat artikuluren aurkako helegitea. Tramiterako onartzeak ez du esan nahi legea etenda geratzen denik.

Emakume bat maskara jantzita, kalean paseatzen. JON URBE, FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 2a
12:40
Entzun

Voxek errekurtsoa jarri zion Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pandemia legeari, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du. Eusko Legebiltzarrak ekainaren amaieran onartu zuen pandemiaren aurkako legea, COVID-19aren aurka egiteko lege esparru zabalagoa izate aldera, baina, eskuin muturreko alderdiaren arabera, «benetako diktadura estatua» ezartzen du. Espainiako Kongresuan dituen 52 diputatuek bultzatu dute legearen hainbat artikuluren aurkako errekurtsoa.

Helegitea tramiterako onartu arren, legea ez da etenda geratu: indarrean egongo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun larrialdiak irauten duen bitartean, baina oinarrizko eskubideei eragiten dieten puntuak alarma egoeran soilik aplikatu ahal izango dira.

Voxen hitzetan, legeak nahitaezko txertaketa «inposatzen» du, baita PCRak egitera eta baheketetan parte hartzera behartu ere, alarma egoera indarrean dagoen bitartean. Legearen 11. artikulu horrek «diktadura estatua» islatzen duela esan dute. Artikuluak hauxe dio: alarma egoera ezarrita dagoenean, agintariek «sistema sanitarioan eta soziosanitarioan ezinbestekoak diren nahitaezko prestazio pertsonalak» ezarri ahal izango dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Halaber, legeak jasotako zigorrei ere helegitea jarri die Voxek. Gainera, errekurtsoak jartzera animatu ditu zigor horiek jarri dizkieten herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.