Lan erreforma

PPren diputatu baten «akats» bati esker egin du aurrera lan erreformak

Boto bakar batengatik onartu da. UPNk aurka bozkatu du azkenean. PPren diputatuari eta Ciudadanosen babesari esker egin du aurrera dekretuak, inbestidurako gehiengoa hautsita. EAJk eta EH Bilduk berretsi dute eskua luzatuta jarraitzen dutela.

Aitor Esteban gaur, Nadia Calviño eta Susana Diaz ministroekin hizketan Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 3a
10:19
Entzun

Ozta-ozta eta azken unean atera du aurrera lan erreforma PSOE eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak. Itxura guztien arabera, PPren diputatu baten «akats» batengatik. UPNk iragarria zuen bere bi diputatuek alde bozkatu zutela, baina, azkenean ez da horrela izan. Boto diziplina «hautsi» eta PPrekin batera bozkatu dute. Hori hala, aurka zeuden taldeetako diputatu batek alde egin behar izan du. Oraindik ez da argitu nor izan den. Baina Ser irrati kateak jakin izan duenez, PPko Avilako diputatu Alberto Casero izan da botoa aldatu duena, «konfundituta», modu telematikoan egiterako orduan.

Tentsio handia izan da bozketaren emaitza iragartzeko orduan, Meritxell Batet Kongresuko presidentea nahastu egin baita eta erreformak ez duela aurrera egin jakinarazi baitu. Momentu horretan PPko diputatuak txalotzen hasi dira, gobernuko kideen harridura aurpegien artean. Minutu batera, emaitza zuzendu du Batetek. Azkenean, aurrera egin du dekretuak.

Bozketa iritsi arte eguna iragarri bezala ari zen aurrera egiten. Abertzaleen eskaerak onartu nahi ez izateak eraman zuen Espainiako Gobernua beste bidelagun batzuk bilatzera, eta aurkitu zituen, non eta baiezko botoa emateko baldintza bakar gisa abertzaleen botorik ez onartzea eskatu dutenengan: Ciudadanos eta UPN. Haien eta beste talde txiki batzuen —tartean Kataluniako PDeCATen— babesari esker onartzekoa zen lan erreforma, hiru botoren aldearekin, baina, azkenean, ez da horrela izan eta boto batengatik egin du aurrera. 175 alde eta 174 aurka.

PPren diputatuaren «akatsa» UPNko bi diputatuek alderdiak herenegun iragarritako botoa aldatu ondoren iritsi da. Goizean iragarri zuten Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanerok ez zutela boto diziplina beteko, baina alderdiak ukatu egin du hori gerta zitekeenik. «Alderdiak jarraibide bat eman du eta ni ez nator bat», esan zuen Sayasek osoko bilkura aurretik, Kongresuko korridoreetan. Carlos García Adanerok ere, COPE irratian eginiko elkarrizketa batean, hutsegitetzat jo zuen UPNk gobernuari emandako babesa: «Uste dut kontra bozkatu beharko genukeela, ez garelako ari testuak dioenaz, baizik eta Sanchez babesten ari ote garen; Bilduren botoak dituen presidente batez». UPNk herenegun iragarri zuen alde bozkatuko duela, «estatu arrazoiengatik». Mezu nahasgarriak egon dira egun osoan zehar, baina azkenean konfirmatu da UPNko diputatuen aurkako botoa. Alderdiak ez du azalpenik eman hori gertatu ondoren.

Eskua luzatuta

Azken uneko ezustekoak kenduta, iragarri bezala joan da eguna. Elkarri erruak botatzeko eguna izan da gaurkoa. Berak gidatutako erreformaren «onurak» defenditu ditu Diazek, eta aurka bozkatu dutenei zuzendu zaie, bereziki «beren burua ezkerrekotzat dutenei», ERCri eta EH Bilduri zehazki. «Alderdikeriaz» jokatzea leporatu die, langileen interesei «bizkarra» ematea. «Erreforma honi ezetz esatea, errefusatzea, prekaritatearen joko zorigaiztokoan irteerako laukira itzultzea litzateke», esan zuen, eta azpimarratu du ez duela «argudio seriorik» entzun haien aldetik erreformaren aurkako botoa justifikatzeko. Aldiz, eskerrak eman dizkie aldekoa eman duten guztiei, baita EAJri ere, kontra egin arren, «edukiez» eztabaidatu duelako.

Ikusteko dago lan erreformarekin gertatutakoa istripu bat izan den inbestidura blokearen arteko orain arteko ibilbidean ala mugarri bat ezarriko duen, baita koalizio gobernuaren barruan ere. 2013ko udazkenean lirateke Gorteetarako hauteskundeak, baina Espainian hauteskunde ziklo bat zabalduko da aurki, Gaztela eta Leongo eta Andaluziako bozekin. EAJk eta EH Bilduk behintzat atea zabalik utzi dute inbestidurako blokeari eusteko. Hala azpimarratu dute gaurko hitzartzeetan. ERCko Gabriel Rufianek, berriz, ohartarazi du lan erreformarekin gertatutakoak «aurrekari oso arriskutsu» bat ezarri duela. Independentistek Catalunya en Comunen babesarekin agintzen dute Katalunian, eta erreformaren aurka bozkatzeak ondorioak izango lituzkeela ohartarazi zuen herenegun Podemosen Kataluniako markak. Gaur erantzun du Rufianek: «Guk ez dugu mehatxupean funtzionatzen; hau ez da negoziazio prozesu bat izan, presio eta ukazio prozesu bat baizik. Hemen ezin azalduzko jarrera ez da gurea. Guri botoa eman digutenek egin duguna egiteko eman digute babesa».

Eskaera zehatzei ezezkoa

Oso bestelakoak izan dira EAJren eta EH Bilduren tonuak, nahiz eta Espainiako Gobernuak lan erreformaren gaiarekin agertu duen jarreran gogor kritikatu duten. Aitor Esteban diputatu jeltzaleak azaldu du azken unera arte negoziatzen aritu direla, baina ezinezkoa izan dela akordioa. Patronalaren «betoei» men egitea leporatu dio gobernuari. «Patronalak esatea ez dela koma bakar bat ere aldatu behar ordezkari demokratikoei xantaia egitea da».

Estebanek argitu du eskaera zehatza egin dutela: araudi berriak lurraldeetako hitzarmen sektorialen lehentasuna jasotzea. Horrek ez duela erreformaren «muinean» eragiten azpimarratu u, eta ez duela ulertzen gobernua zergatik ez den prest azaldu hori modu batera edo bestera bermatzeko. Bere ustez, «arrazoi sinboliko edo politiko-ideologikoak daude atzean; besterik ezin du egon». Horren harira, esan du ulertzen duela Bruselak erreforma azkar egiteko eskatu izana, baina ziur azaldu da Europak ez lukeela oztoporik jarriko hitzarmenen lehentasunak aldatzeko. «Ez dugu akordioaren muinean dagoen ezer ukitzerik eskatu. Europak ulertuko luke hori».

EH Bilduko Oskar Matute diputatuak ere edukiei egin die aipamena. Gaurko eztabaidan, halere, ez du mahai gainera ekarri PSOErekin eta Unidas Podemosekin PPren erreforma osorik indargabetzeko egin zuten akordioa. Azaldu du haiek ere «bost puntuko proposamen zehatza» egin dutela, «eta ez maximoen proposamen bat», baina gobernuak ez duela eskaera bakar bat ere onartu nahi izan salatu du. Erreformaren negoziazioan patronalari emandako gehiegizkoa pisua kritikatu du eta deitoratu indar progresista parlamentarioen gehiengoaz baliatuta «gehiago» egin zitekeela. Dena den, azpimarratu du EH Bilduren ezezkoak ez duela «ezkerreko blokea» ahultzea bilatzen, eta gaurko bozketarekin «arrakala» bat zabaldu bada ere, bihartik aurrera blokea «berregiteko» lan egingo dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.