Euskara

2020ko Euskaraldian parte hartzea jaitsi zen, baina bost partaidetik bat berria izan zen

Bigarren Euskaraldiari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Pandemiaren eragina ukaezina izan arren, 2020ko amaieran egindako ariketa sozialak hizkuntza portaerei eragin ziela berretsi dute.

Bilbon aurkeztu dituzte Euskaraldiari buruzko ikerketaren emaitzak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko otsailaren 3a
14:15
Entzun

Parte hartzaile gutxiago izan zituen 2020ko Euskaraldiak, baina balio izan zuen ariketa sozialaren inguruko mezua egonkortzeko, jende berria erakartzeko eta euskararen erabilera sustatu nahian dabiltzanen motibazioa indartzeko. Eta, gainera, hizkuntza ohituretan ere arrastoa utzi zuen bigarren aldiak: Euskaraldiak irauten duen bitartean egindako aldaketen artean, lehen hitza euskaraz egiteari eutsi diote tinkoen, baita euskaraz ulertzen dutenekin hizkuntza horretan egiteari ere. Hala ondorioztatu du Siadecok egindako ikerketak; gaur aurkeztu dute, Bilbon, eta nabarmendu dute emaitzak kontuan hartuko dituztela aurtengo Euskaraldiari begira. «Arnasa luzeko egitasmoa da hau», adierazi du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.

178.184 lagunek parte hartu zuten bigarren Euskaraldian, 2018koan baino ia %21 gutxiagok. Jaitsiera horretan COVID-19ak izandako eragina nabarmendu du Amonarrizek. Izan ere, 2020ko azaroan eta abenduan egin zen ariketa soziala, pandemia betean, Ipar Euskal Herrian konfinamendua indarrean zela (jaitsiera %37koa izan zen bertan), eta Hegoaldean, etxeratze agindua; eta lanarekin eta aisialdiarekin lotutako harreman sozialak nabarmen murriztuta zeudela. «Zaila izan zen, baina erabaki zen Euskaraldia egin egin behar zela; lortu genuen euskara berriro agenda soziopolitikoaren erdigunean jartzea eta herritarren esku jartzea hizkuntza ohituretarako heldulekuak». Dena den, Amonarrizek ez du ukatu COVID-19aren itzala: «Eragina izan du aurreko fasean, garapenean eta ondoren: antolaketan, mezuaren hedapenean, ariguneak sortzean, parte hartzean... Kaleko presentzia asko gutxitu zen, baina herritarrek balorazio ona egin zuten».

Are, jende berria erakartzeko gaitasuna izan zuen ariketak 2020an: bost partaidetik bat berria izan zen. «Belarripresten artean, gehiago izan ziren lehen aldiz izena eman zutenak», zehaztu du Unai Oiartzun Siadecoko ordezkariak. Rolen hautaketa oraindik hizkuntza gaitasunarekin lotzen dela azaldu du, gainera; bigarren Euskaraldian ere, ahobizi figura izan zen nagusi (%77): «Ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta altuagoa izan da ahobizien proportzioa; gune erdaldunagoetan, berriz, altuagoa da belarriprestena». Helburuan ere antzeman dute alderik: «Parte hartzaile gehienek euskararen erabilera handitu nahi dute, eta belarripresten artean pisu berezia du euskaraz egiteko aukera berriak bilatzeak».

Ariketa sozialak utzitako ohitura aldaketei dagokienez, «ezagunekin eta kalean» izan dira «aurrerapausorik handienak eta egonkorrenak», ikerketaren arabera. «Lehen hitza euskaraz egiteari eutsi zaio: zaila da hasieran, baina, lehen pausoa emanda, errazagoa da gerora aldaketa hori mantentzea. Aldiz, ohikoagoak edo estuagoak diren harremanetan, Euskaraldian zehar aldaketak izaten dira, baina gerora errazago egiten da atzera», esplikatu du Oiartzunek. Entitateetan ere berdin gertatzen dela nabaritu dute: «Ariketa amaitzean, atzera buelta ere gertatzen da, baina ez da izaten aurrerabidea baino handiagoa: beti geratzen da hondar bat».

Entitateek lehen aldiz izan zuten Euskaraldian parte hartzeko aukera 2020an: 8.309 egoitzak eman zuten izena (entitate batzuek egoitza bat baino gehiago izan dezakete), eta 24.363 arigune sortu zituzten, Lide Rekondo Siadecoko kideak azaldu duenez. Orekatuta egon ziren barne eta kanpo ariguneak, baina praktikan aldeak sumatu dituzte: «Kanpoko ariguneak sortzea errazagoa izan zaie; barne ariguneek lanketa sakonagoa eta kontzientziazio handiagoa eskatzen dute».

Hiriguneetan arreta

Siadecok egindako ikerketaren emaitzek lagundu egingo dute aurtengo Euskaraldiari begira erabaki batzuk hartzen, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu duenez. Ildo horretan, parte hartzea handitzera deitu du: «2020an txikiagoa izan zen, baina, hala ere, ariketa masiboa izan zen, eta masa handi horrek lagun diezaguke jende gehiagorengana iristen, partaideak eragile aktiboago bihurtuta». Hiriguneei buruz mintzatu da berariaz: «Euskaldun asko dago bertan; hirugarren Euskaraldian hirietan presentzia handiagoa lortu behar genuke».

Txostenak txapen garrantzia nabarmendu du, eta horrekin bat etorri da Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria: «Nafarroan, ariketa hau inportantea izan da elkar ezagutzeko, eta txapek balio dute identifikatzeko: askotan gaztelaniaz egiten dugu lehen hitza, ez dakigulako bestea euskalduna denik. Ikusi dugu euskaldunon komunitate garrantzitsua dugula, ez bakarrik kopurutan, baizik eta konpromisoan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.