Hezkuntza legea

‘Euskal Eskola Publikoaz Harro’ Topaguneko kideek «hezkuntza sistemaren segregazioa» amaitzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Topaguneko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Gasteizen. Gaineratu dute ez dutela onartuko «eskola publikoa sistemaren erdigunean» jartzen ez duen beste akordiorik.

Gaur goizeko prentsaurrekoaren argazkia Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
unai etxenausia
2022ko otsailaren 3a
17:24
Entzun

Erabakitzear dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntzaren inguruko akordio berria, Hezkuntza Lege berri baten oinarri izango dena. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak nahi du datozen «30 urteetarako indarrean mantendu». Horren harira, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideek egungo legean aldaketa sakonak egiteko eskatu dute gaur goizean Gasteizen egin duten prentsaurrekoan. Haien arabera, bereizketa horrek lotura zuzena du hezkuntza sare pribatu-itunpekoak Euskal Herrian duen pisuarekin; izan ere, bi sare egoteak, berez, «segregazioa sortzen» du: «Segregazioa da nagusi hezkuntza sistema osoan: segregazio ekonomiko eta soziala». Horregatik, nabarmendu dute ez dutela onartuko «eskola publikoa sistemaren erdigunean» jartzen ez duen beste akordiorik.

Topaguneko kideek ez dute ikusten alderdi politiko gehienek hezkuntza publikoa indartzeko asmorik daukatenik. Ohartarazi dute egungo legea errotik aldatzen ez bada hezkuntza sistema «desorekatua eta diskriminatzailea» izango dela aurrerantzean ere. Are, gaineratu dute euskal eskola publikoa merkeagoa eta ekologikoagoa dela, eta gaur egun gizarteari ekarpen handiena egiten diona: «Euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta baldintzarik zailenetan ere ikasle gehien euskalduntzen duena».

«Eredu bakarraren alde»

Hezkuntza Lege berriak jaso beharko lituzkeen konpromisoak eta zeharkatu beharko ez lituzkeen mugak plazaratu dituzte prentsaurrekoan. Nabarmendu dute ez dela onargarria «eskola publikoa eta pribatua parekatzen duen akordiorik edo legerik», eta Jaurlaritzak «eredu bakarraren alde» egin beharko lukeela. «Zergatik finantzatu guztion diruarekin guztiontzat ez diren ikastetxeak?», galdetu diote Jaurlaritzari.

Hezkuntza Lege berrian alderdi politikoen arteko akordioa garrantzitsua da Topaguneko kideen iritziz, baina «hori bezain garrantzitsua da» hezkuntza eragileekin eta eskola publikoko komunitatearekin adostasunak bilatzea. Beraz, ohartarazi dute eskatutakoa betetzen ez bada «salaketara eta mobilizazioetara» jotzea baino ez zaiela geldituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.