Zaldibarko zabortegiko hondamendia

Etzi bi urte beteko dira Zaldibarren zaborra amildu zenetik

Manifestazioa egingo dute igandean, Ermutik, biktimak gogoan.

Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 4a
10:52
Entzun

Igandean bi urte beteko dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia amildu zenetik. Hainbat ekitaldi egingo dituzte hondamendia gogoratzeko, eta, batez ere, han hil ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak. Sololuzeren gorpuzkirik ez agertu, gainera.

Egunean bertan, manifestazioa egingo dute, 12:00etan, Ermuko plazan (Bizkaia), Aldaketaldiak, Ekologistak Martxan elkarteak, Larreko Mahaiak eta Zaldibar Argitu plataformak antolatuta. 13:00etan, ekitaldi berezia egingo dute.

Gaur ere, adierazpenak egin dituzte urteurrenaren harira. Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak esan du inoiz ez zela eraiki behar zabortegia mendi baten magalean. «Jabetzen naiz zabortegiak beharrezkoak direla hondakinak kudeatzeko, baina Euskadin badira eremu lauagoak, mendi bat baino egokiagoak, zabortegi bat jartzeko».

Zabortegia egonkortzeko lana amaituta, alkateak esan du inguruko biztanleak «lasaiago» daudela orain, eta justiziaren zain dago, ustezko ingurumen delitu baten inguruko epaia noiz helduko.

Europa eta perituak

Gertatutakoa ikertzen jarraitzeko erabaki zuen urtarrilaren 27an Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak, eta informazio gehiago eskatu zien Eusko Jaurlaritzari eta Europako Batzordeari.

Zabortegiak itxita behar zuela ondorioztatu dute perituek. Hasieratik akatsak, utzikeria eta kontrol egokiaren falta egon zirela adierazi dute, epailearen aginduz egindako txosten batean. Akatsak maila guztietan egin zituzten, gainera: proiektu teknikoetan, hondakindegiaren kudeaketan eta jardueraren kontrol publikoan.

Horrekin loturiko prentsa ohar bat zabaldu du Podemos-Ahal Dugu taldeak. «Pitzadura berriak ireki dira Eusko Jaurlaritzaren zorupean», adierazi dute. Talde morearentzat, Europako Legebiltzarraren eskaerak eta perituen txostenak zalantzan jartzen dute Jaurlaritzak hondamendiaren erantzukizunik ez izatearen argudioa.

Taldeak itxaropena agertu du Europako Legebiltzarraren ikerketaren inguruan, horrek argituko duelakoan «EAJren eta PSEren arteko gobernuak irregulartasunik edo arduragabekeriarik egin ote zuen».

Idoia Villanueva Podemoseko eurodiputatu eta Nazioarteko gaietako idazkariak nabarmendu du aho batez hartu dela erabakia EBko Parlamentuko Eskaeren Batzordean. BERRIAk lorturiko eta zabalduriko perituen txostena aipatu du alderdiak. «Zantzu guztiek adierazten zuten irristatzeko arrisku handia zegoela, eta, beraz, zabortegia itxi behar zuten», gaitzetsi du Miren Gorrotxategik, koalizioak Gasteizko legebiltzarrean duen eledunak. «Nola liteke Eusko Jaurlaritzak ez onartzea kontrolek huts egin dutela?».

Haren arabera, Eusko Jaurlaritza «hasieratik aritu da bere kudeaketa txarra estaltzen eta erantzukizun guztia Verter Recycling enpresari leporatzen». Gogoratu du EAJk eta PSEk galarazi egin zutela ikerketa batzorde bat sortzea Eusko Legebiltzarrean. «Euskadin, EAJk eta PSEk ikerketa guztiak blindatzen dituzte; Europan, berriz, zalantzan jartzen da Eusko Jaurlaritzaren erantzukizun falta».

Gorrotxategik eta taldeko zuzendaritzako beste hainbat kidek igandeko manifestaziora joango direla esan dute.

Sindikatuak, Ermura

Manifestazioan egongo dira, halaber, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariak. Ohar bateratua plazaratu dute gaur, urteurrenaren harira.

BERRIAk zabalduriko txostena aipatu dute langileen ordezkariek. «Nahiz eta egoera larriaren jakitun egon, enpresak ez zuen ezer egin erorketa saihesteko; ez zituzten langileak ohartarazi, eta ez zuten gailu berezirik ezarri, eta ez zen ekoizpena gelditu. Katastrofea gertatu zen, eta bi langile hil zituen».

Sindikatuon arabera, «frogatuta» geratu da Verter Recyclingek zuzeneko erantzukizuna duela heriotzen gainean. Halere, enpresaren arduradunek «diru kopuru baten truke» kartzela zigorrak saihestu dituztela nabarmendu dute. «Egiaztatu dugu langileen heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak merke ateratzen zaizkiola patronalari, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean gauzak ez direla aldatuko».

Halere, administrazioak ere zuzeneko erantzukizuna duela adierazi dute. «Horregatik, garrantzi berezia du erantzukizunak argitzeak, baita politikoak ere». Eusko Jaurlaritzari leporatu diote segurtasun eta osasun arloko politikak aldatu nahi ez izatea, lan istripuak etengabe gertatzen jarraitu arren.

«Era berean, ingurumen politikek eta hondakinak kudeatzeko politikek klase nagusien eta haien interesen bide neoliberal eta ekozidari jarraitzen diote». Bizitza eta osasuna lehenetsiko dituen beste sistema bat garatzera deitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.