Herbehereak

GIBaren aldaera oso gaizto bat atzeman dute Herbehereetan

Oxford Unibertsitateko ikertzaileen arabera, CD4+ zelulak ohi baino bi aldiz azkarrago gutxitzen dira, eta epe laburragoan gara dezakete hiesa. Diagnostiko goiztiarraren garrantzia gogorarazi dute.

jarraia209227.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 4a
13:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Science zientzia aldizkariak jakinarazi duenez, GIBaren aldaera oso gaizto bat hauteman dute Herbehereetan, Oxford Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketaren arabera. VB deituriko aldaerarekin kutsatutako pazienteek birus karga 3,5 eta 5,5 aldiz handiagoa dute odolean, beste aldaera batzuekin kutsatu direnekin alderatuta. Hala, CD4+ zelulak ohi baino bi aldiz azkarrago gutxitzen dira, eta epe laburragoan gara dezakete hiesa.

Nolanahi ere, ikerketak egiaztatu duenez, VB aldaera zuten pazienteek erretrobirusen aurkako tratamendua hartu ondoren «immunitate sistema berreskuratu zuten, eta GIBaren beste aldaera batzuekin kutsatutakoen antzeko biziraupena izan zuten».

VB aldaerak sistema immunitarioaren indarraren gainbehera «bizkorragoa» eragiten duela eta, Christophe Fraser ikerketa taldeko buruak «diagnostiko goiztiarraren garrantzia» gogorarazi du, tratamenduarekin ahalik eta azkarren hasteko. Gisa horretara, gainerakoei kutsatzeko arriskua «saihestuko» lukete.

Ikertzaileen arabera, VB aldaera 90eko hamarkadan sortu zen, Herbehereetan, eta beste aldaera batzuk baino azkarrago hedatu zen 2000. urtean. 2010etik aurrera, ordea, beheranzko joera hartu du.

GIBa duela 40 urte agertu zenetik, 79,3 milioi lagun infektatu dira harekin, eta 36,3 milioi hil dira hiesarekin lotutako gaixotasunen ondorioz, Unaids GIB/HIESaren Gaineko Nazio Batuen Programa Bateratuak emandako datuen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.