Irribarria-Rezusta 22-10 Jaka-Mariezkurrena

Gipuzkoar ezkerrek aise hartu dituzte mendean Jaka eta Mariezkurrena

Jakak eta Mariezkurrenak bereziki makal hasi dute neurketa, eta gorriek errenkadan egin dituzte lehenbiziko hamar tantoak. Ordutik, urdinek urrun izan dute markagailua iraultzeko parada. Sailkapenak estu segitzen du Binakakoan.

Iker Irribarria pilotaria gaur, Eibarko Astelena pilotalekuan. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko otsailaren 6a
19:46
Entzun

Partida erabakigarria zen gaur Eibarko Astelenan (Gipuzkoa) jokatu beharrekoa. Binakako Txapelketako ligaxka azkeneko jardunaldietan da, eta, sailkapena zeinen estu dagoen ikusita, bi bikoteek ezinbestekoa zuten garaipena zeinek bere helburuari eusteko: Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak lehenbiziko postuetako bat eskuratzeko, eta Jon Mariezkurrenak eta Erik Jakak sailkapenetik kanpo utziko lituzketen postuetara ez erortzeko. Azkenik, Irribarria eta Rezusta aise gailendu dira gaur (22-10). Zortzigarren garaipena dute, eta lehenbizikoak dira sailkapenean. Partida hau igarota, bi jardunaldi baizik ez dira gelditzen ligaxkan.

Bi bikoteen arteko aldea aski handia izan da partidaren hasieratik. Izan ere, gipuzkoar ezkerrek, Irribarriak eta Rezustak, hamar tanto egin dituzte segidan, gorriak oraindik ere hutsean zirela (10-0). Hamaikagarrenean egin dute tantoa Mariezkurrenak eta Jakak estreinakoz, baina ordurako franko baldintzatua zen neurketa.

Egiazki, une batzuetan gorriak partidan sartzeko moduan zeudela ematen bazuen ere, huts batzuk egin ditu berriz berriozartarrak, eta ez dute erdietsi dinamika aldatzerik. Jaka asmatzen hasi da aurreko koadroetan, itxuratu du pixka bat partida: 15-8 jarri dute markagailuan, baina istant bakar batez ere ez da sumatu urdinen garaipena arriskuan zenik, gorriek tanto onak eta hutsak tartekatu baitituzte. Berriz ere urdinen joko ona eta gorrien hutsak izan dira protagonista, eta aparteko trabarik gabe ailegatu dira 22ra (22-10).

Beñat Rezusta sendo aritu da partida guztian, huts bakarra eginda. Mariezkurrena berriozartarra konfiantza galdurik dago oraindik, tanto polit bat edo beste eginagatik, eta Irribarria indartsu eta serio aritu da une oro.

Gipuzkoar ezkerren bikotea indarturik atera da jardunaldi honetan. Jaka-Mariezkurrena, berriz, sailkapenaren zuloan sartzeko beldurrez. Lau garaipen dituzte pilaturik, eta zazpigarren dira sailkapenean. Ezkurdia eta Tolosa dituzte atzean, hiru partida irabazita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.