Albistea entzun

Kulturaren industria

Unesco: «Kultur eskaera handitu egin da, baina sortzaileek gero eta zailago dute lan egitea»

Nazioarteko erakundeak eskatu du kultur politikak berriz pentsatzeko, sortzaileak «behar bezala babesteko». Besteak beste, gutxieneko soldata eta oinarrizko errenta unibertsala aipatu dituzte, aukera gisa.

Unescok plazaraturiko txosteneko grafikoetako bat.
Unescok plazaraturiko txosteneko grafikoetako bat. Unesco / BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2022ko otsailak 8

Izurriaren eraginez, hamar milioi lanpostu galdu ziren 2020an, kulturaren alorrean. Hori eta beste hainbat datu plazaratu ditu gaur Unescok, sortzaileek pairatzen duten egoera aztertzeko. Txosten bat argitaratu du Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, eta horretan kultur politikak berriz pentsatzeko eskatu du.

Ber/pentsatu sorkuntza politikak: kultura ondasun publiko global gisa tratatzen du izenburu txostenak, eta 331 orrialde ditu. Gaur aurkeztu dute, Parisen.

Erakundearen arabera, izurriak agerian utzi du kulturaren eta sorkuntzaren alorrak zer garrantzi duen gizartea batzeko, hezkuntzarako baliabideak plazaratzeko, edo, besterik gabe, norberaren ongizatea bermatzeko. Haatik, pandemiaren aurkako neurriek sekulako kolpea eman diote alorrari. Txostengileen arabera, bistan geratu dira zelako gabeziak dauden munduan kultur aniztasuna babesteko, herrialde aberatsen eta pobreen arteko sortzaileen egoeran zelako arrakala dagoen, eta herrialde aberatsenetako sortzaileen artean ere zein muturreko desberdintasunak dauden.

Txostengileen arabera, egoera horrek galarazi egiten die pertsonei mundu osoko kultur adierazpideez gozatzea. Hori arriskutsua dela uste dute, kulturak gizartea batzeko eta herrien arteko bakea bultzatzen duela iritzita.

Nabarmendu dutenez, munduaren barne produktu gordinaren %3,1 sortzen du kulturaren alorrak, eta lanpostuen %6,2.

Paradoxa

Gaur mundu osoan gertatzen den paradoxa nabarmendu dute txostengileek: jendeak gero eta kultur eduki gehiago erabiltzen ditu, eta haiekiko duen dependentzia ere handitu egin da, «baina, aldi berean, artea eta kultura sortzen dutenek gero eta zailtasun handiagoak dituzte lan egiteko», adierazi du Ernesto Ottone Unescoko Kultura Saileko zuzendariorde orokorrak.

2020ko datuak jaso dituzte txostenean. Kalkulatu dutenez, hamar milioi lanpostu galdu ziren sorkuntzaren industrian, izurriak eraginda. Industrion balio erantsi gordina 657.000 milioi euro gutxitu zen, eta, datuak ematen dituzten herrialdeetan, alorreko enpresen diru sarrerak %20-40 artean murriztu ziren.

Baina arazoa ez da bakarrik izurria izan. Aurreko urteetan ere, asko murriztu ziren diru sarrerak eta lanpostuak alorrean. Birusak beste kolpe bat besterik ez dio eman ordurako zaurituriko alorrari, eta are gehiago okertu ditu horretan lan egiten dutenen baldintzak.

«Gizarte Segurantzako sarea ez zen egokia artistentzat herrialde askotan, eta pandemiak agerian utzi du zein zaurgarri diren kulturaren eta sorkuntzaren alorreko langileak».

Ottonek dei egin du kulturaren langileei gainerako langileei ematen zaien babesa emateko. «Berriz pentsatu behar dugu nola eman lan egoera iraunkor eta inklusiboa kulturaren eta artearen profesionalei, gizartearentzat hil ala bizikoa den eginkizun bat baitute mundu osoan».

Gutxieneko soldata eta autonomoak

Unescok gobernuei dei egiten die sortzaileak babesteko, eta proposamen praktikoak egiten ditu. Esaterako, kulturaren alorrean gutxieneko soldata ezartzea iradoki du, eta autonomoentzako pentsio planak eta gaixotasun laguntzak jartzea.

Txostenean oinarrizko errenta unibertsal bat ezartzeko aukera gero eta gehiago eskatzen dela aipatu dute.

Horrez gain, Interneten argitaratzen diren edukiak ordaintzeko sistema justuagoak diseinatu behar direla adierazi du, eta, besteak beste, ohartarazi du eduki digitaletatik eratorritako diru sarrerek ez dituztela konpentsatzen zuzeneko ekitaldien murrizketak eragindako galera handiak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Altonaga, atzo, <em>Axularren gerizapean</em> liburuaren aurkezpenean. ©JON URBE / FOKU

Itzalekoak, argitara

Jone Bastida Alzuru

Axular Egunaren «misterioa» argitu nahi izan du Altonagak bere azken liburuan: 'Axularren gerizapean'. Itzalean geratutako idazleei buruzko datuak bildu ditu

Vincent Bestaven, Jurgi Ekiza, Xan Bidegain eta Felix Buff, Willis Drummondeko kideak. ©GUILLAUME FAUVEAU

«Ez dago itxaropena beste biderik»

Julen Korkostegi Elortza

Willis Drummond musika taldeak «garai askotako soinuaren konbinazio bat» bildu du 'Hala ere' disko berrian. Kontraesanen ideiak inguratzen du lana, izenburutik hasi eta azalean ageri den mandarinaraino.
<b>Txomin Urriza, Camille Dizabo, Annelise Arnaud-Cazamayou eta Alan Billi, Orbel taldeko kideak.</b> ©FANNY MAILLARD

Orbel, isiltasunari plaza eskainita

Ainize Madariaga

'Lur hezea' diskoa jalgi berri du taldeak. Hirugarren obra honetan, giro «mistiko» eta «berezia» landu dute taldekideek

Rafael Moneok bere ibilbidean ondutako arkitektura proiektuen marrazkiz eta planoz josia da Nafarroako Artxiboko erakusketa aretoa. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Rafael Moneo, garabirik gabe eraikitzea

Uxue Rey Gorraiz

‘Rafael Moneo Nafarroan’ erakusketa zabaldu dute Nafarroako Artxiboan. Arkitektoaren ibilbidearen atzera begirakoa egiten du bildumak, eta haren bizitza pertsonalari ere egiten dio so

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...