Hezkuntza Legea

Hezkuntza itunerako oinarrietan «euskarazko eredu orokortu eta bakarra» falta dela sumatu du Ikastolen Elkarteak

Begi onez hartu du doakotasunaren kontzeptua eta segregazioaren gainean egiten den proposamena, eta, hurrengo egunetan sakonago xehatuko badu ere, esan du Hezkuntza Akordioa eta Legea aberasteko proposamenak egingo dituela.

Kontseiluak eragileekin egindako agerraldia, euskarazko eredu orokortu eta bakarra eskatzeko. RAUL BOGAJO / FOKU
2022ko otsailaren 10a
19:20
Entzun

Ikastolen Elkarteak plazaratu du lehen iritzia. Euskarazko ereduaren zehaztapen faltan, euskal curriculumaren eta Euskal Herriaren aitortzan ikusi ditu hutsunerik handienak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordeko buruak hezkuntza sistemarako hitzarmenaren oinarriak jaso dituen dokumentuan. Bestalde, begi onez ikusi ditu doakotasunari eta segregazioari buruz egiten dituen proposamenak. Dokumentua aberasteko ekarpenak egiteko prestasuna agertu du.

Uste du eredu berri baterantz egiteko garaia dela, «eztabaida antzuetan» erori gabe: «Gure iritziz, adostasun sozial berri bat eraikitzeko garaia da, denok batera hezkuntza eredu berri baterantz urratsak egiteko garaia da».

Ados dago denek eskubide eta betebehar berdinak izango dituzten puntuarekin. Halaber, bat egiten du doakotasunari buruzko proposamenarekin: «Bat egiten dugu ere Hezkuntza Zerbitzu Publiko horretan egongo diren ikastetxeek %100 finantzatuak egongo direla eta, ondorioz, zerbitzu publikoan dauden ikastetxeetan doakotasun erreala bermatuko dela dioen azalpenarekin». Baina betebeharren baldintzetan bakarra agertzea «harrigarria» egin zaie. «Segregazioa eta gizarte bazterketa gainditzeko ahaleginean aktiboki jarduten duten neurrian». Uler dezakegu lehenengo testuan konpromiso eta betebeharrak ez agertzea, baina ez dugu ulertzen baldintza bakar bat agertzea (baldintza horrekin ados egon arren)». Ikastolek aurkeztutako dekalogoan puntu hauek jaso zituzten: euskal curriculumean oinarritutakoa; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; hezkidetza, laikotasuna eta inklusibitatean oinarritua; irabazi asmorik gabekoa, kudeaketa autonomo eta parte-hartze demokratikoarekin. «Uste dugu balio horietan guztietan oinarritutako zerbitzua beharko lukeela izan. Bereziki euskarari dagokionez, zergatik ez da ipintzen euskara segregazioaren parean? Horrelako esaldi baten bitartez izatea proposatzen dugu: '...betiere ikasleen euskalduntze ahaleginean aktiboki jarduten duten neurrian'».

Dokumentuak euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren alde egiten du, baina aurreraxeago gehitzen du euskal hezkuntza dagoeneko euskara ardatz duen sistema eleaniztuna dela. Horrenbestez, ikastolen elkarteak uste du ez dela argi geratzen zein den aldea. «Hori, guretzat, ezinbesteko neurria da, askotan adierazi dugun moduan. Murgiltze eredua ezarriko den ala ez ere argitu beharra dagoela uste dugu; urteetan aldarrikatzen ari gara hau ere. Beraz, akordioarekin lege artikulatua jorratu ahal izateko, beharrezkotzat deritzogu hezkuntza-sistemak eredu orokortu eta bakarra izango duela berariaz jasotzea». Hezkuntza sistema ziklo berri batean sartzekotan, hizkuntzaren gaiari ere anbizio heltzea ezinbestekotzat dute: «Oinarrizko euskara-gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea da aukerarik justuena eta berdinzaleena, eta lehen akordio honek hori jaso beharko luke». Iazko abenduaren 16an aurkeztu zuen Kontseiluak Hezkuntzaren gehiengo sindikal eta eragileekin batera eskaera horixe egiten zuen adierazpena. Ikastolen elkarteaz gain, EHIGE, Kristau Eskolak, HikHasi, Heize, ELA, LAB eta Steilas zeuden akordioan, besteak beste.

Halaber, sumatu du ez direla aipatzen euskal curriculuma eta Euskal Herria: «Agerikoa da EAEn lantzen den Lege baten inguruan ari garela; hala ere, Ikastolok uste dugu gure gizarte osoan dagoen nahia bideratzeko ahalegina egin beharra dagoela. Eta horretarako bideak badaudela uste dugu: batetik, Euskal Herrian dauden ikastetxe guztien arteko harremanak bideratuz edo ikastetxeen arteko sareak hedatzea bultzatuz; eta, bestetik, Europa mailan dagoen legedia erabiliz, elkarlana sustatzeko erakundeak sortuz eta baliatuz, egungo errealitatetik abiatuta hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eraikitzeko tresna izan daitekeena eta denontzat estrategikoak diren proiektuak bideratzeko balio dezakeena».

Segregazioaren inguruan egiten duen proposamena egokitzat jo du: «Eskolatzeko orduan herritar guztien aukera berdintasuna (baldintza berdinak bermatuz) eta hezkuntza eskaintzaren barruan ikastetxea hautatzeko eskubideak bermatzen dira... Biak».

Dokumentua jorratzen eta xehatzen segituko dutela iragarri dute, eta ekarpenak Eusko Legebiltzarrera igorriko dituztela esan dute, «guztion artean aberasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.