Albistea entzun

Zaldibarko zabortegia

Verter Recyclingek ia bikoiztu egin zituen irabaziak amildu aurreko bi urteetan

2019an, Zaldibarko zabortegia hautsi aurreko urtean, 3,8 milioi euroren mozkin garbia atera zuten jabeek, eta ireki zutenetik, 15,1 milioi eurorena. Irabazien hazkunde ezohikoak izan zituen 2018an eta 2019an, eta jabeek 5,5 milioi euro patrikaratu zituzten 2012tik.

Zaldibarko zabortegia, urtarril honetan, ziilatze lanak amaituta.
Zaldibarko zabortegia, urtarril honetan, ziilatze lanak amaituta. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2022ko otsailak 11

Hautsi eta amildu ez balitz, aurten beteko zen Zaldibarko zabortegia (Bizkaia). 2011n ireki zuten, eta berez 35 urtez aritzeko baimena zuen, 2046 arte. Baina espero baino hiru aldiz azkarrago ari zen betetzen, zabor tonak eta tonak hartuz, eta, amildu zenean, Iñaki Arriola orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak azaldu zuen erritmo berean jarraitu izan balu aurten bertan gainezka egongo zela zabortegia eta itxi egin beharko zuketela. Zabor mendia handituz zihoan erritmo berean zihoazen diru sarrerak handituz jabeentzat, eta hori erakusten dute Verter Recycling 2002 sozietate mugatuaren kontabilitate liburuek: 2018an eta 2019an ia bikoiztu egin zituen aurreko sei urteetako irabazi garbiak.

2012 eta 2017 artean 8,6 milioi euroren mozkin garbia irabazi zuten zabortegiaren jabeek. 2016 arte, urteko irabazi garbiak inoiz ez ziren 1,5 milioira iritsi. 2017an azeleratu ziren irabaziak: 1,74 milioi euro. 2018an, are gehiago, aurreko urtean baino milioi bat euro gehiago irabazi baitzuten, garbi: 2,72 milioi euro guztira. Eta 2019an, askoz gehiago oraindik, aurreko urtean baino milioi bat euro gehiago irabazi zutelako: 3,8 milioi euro. Guztira, 15,1 milioi euroren irabazi garbiak jaso zituen enpresak zortzi urte horietan. Eta horietatik 6,5 milioi (%43), zabortegia amildu aurreko bi urteetan.

Zabortegia handitzen ari zen erritmoaren seinale da datua: hondakinen %37 azkeneko bi urte horietan hartu zituen. Baina bada datu deigarri bat hazkunde horretan: 2019an aurreko urtean baino hondakin gutxiago jaso zituen Zaldibarko zabortegiak, 30.000 tona gutxiago —agiri ofizialen arabera, 511.000 tona hondakin hartu zituen 2019an, eta 541.000 tona 2018an—. Eta, hondakin gutxiagorekin ere, 2018an baino milioi bat euro gehiago irabazi zituzten jabeek —jasotako tonako kobratzen dute zabortegiek, eta materialaren arabera—. Auditoria dokumentuek ez dute argitzen zertan oinarritu zen irabazien hazkunde hori urte batetik bestera; gastu batzuk murriztu zituztela aipatzen du.

Lau milioi euro patrikara

Zorrak kitatu, probisioak gorde, irabazi garbiak atera... eta jabeei onurak ere ematen zizkien zabortegiak. BERRIAk argitaratu izan ditu Verter Recyclingen aurreko urteetako diru kontuak, eta, horien arabera, aurreko urteetan ere dibidenduak eman zizkien enpresak jabeei: 2014an, 2015ean eta 2016an, urtero 405.768 euro; eta 2013an, 202.883 euro. Baina azken bi urteetan askoz irabazi handiagoak atera zituzten jabeek ere: 2019an 3,25 milioi euro partitu zituzten enpresaren jabeen artean; eta 2018an, 811.536 euro. Guztira, azken bi urte horietan bakarrik, lau milioi euro patrikaratu zituzten jabeek; eta 2012tik, 5,5 milioi euro baino gehiago.

Azken bi urteetan zabortegiak hartu zuen abiaduraren erakusle, konparaketa hau: 2012 eta 2017 artean 1,76 tona hondakin jaso zituen Verterrek, eta 8,6 milioi euro irabazi. Horrek esan nahi du jasotako hondakin tona bakoitzeko 4,9 euroren irabazi garbia atera zutela. 2018an eta 2019an, berriz, 1,05 tona hondakin jaso zituzten, eta 6,5 milioi euro garbi irabazi. Alegia, 6,2 euro hondakin tona bakoitzeko. Errentagarritasunaren hazkunde hori nola gertatu zen ez dago garbi agiri ofizialei begiratuta. Baina kontuak berez egin litezke: amildu ez balitz eta 2022 arte erritmo berean jarraitu izan balute zaborrez betetzen, beste hamar bat milioi euro gehiagoren irabazi garbia pilatuko zuten 2022 arte.

Ahoztar Zelaieta kazetariak argitara eman ditu Verter Recyclingen 2019ko diru kontuak. Berez 2020an aurkeztu behar zituen, baina pandemiaren harira atzeratu egin dizkiete betekizun batzuk enpresei, eta aste honetara arte ez dira publiko egin. 2020ko abenduan sinatu eta aurkeztu zuten 2019ko diru kontuen auditoria. Gaurve auditoreek egin dute txostena. 2018ko diru kontuak ere haiek auditatu zizkioten Verter Recyclingi; aurretik beste enpresa bati ematen zioten lan hori.

9,5 milioi euro gordeta, zigilatzeko

Auditoreek nabarmentzen dute enpresaren egoera ekonomikoa ona zela amildu aurreko garai horretan. Epe laburreko zorrei aurre egiteko finantza baldintza onak zituen —zor hori ia erdira murriztu zuen 2019an—, enpresa abiatzeko maileguak kitatuak zituen... Eta zabortegia betetzean —aurten bertan gerta zitekeena—, hura zigilatu eta erabat ixteko 9,5 milioi euroko funts bat gordea zuen. Kontuak egiteko: 2018an 8,5 milioi euro zituzten gordeak obra horretarako, eta horrek esan nahi du urte batetik bestera milioi bat euro gehiago atera zutela lan horietarako. Zabortegia ixteko ordua gero eta gertuago sumatzen zuten seinaletzat har liteke.

Izan ere, zabortegiak negozio berezia dira: jabeak behartuta daude diru kantitate handiak gordetzera azkenerako, zabortegiak zigilatzeko lanek kostu handiak dituztelako. Verterrek ez zuen arazorik alde horretatik, irudi duenez, urtero handitzen zuelako obra horietarako probisioa.

2019ko diru kontuen berri ematen du auditoreak, baina ez du aztertzen, ez dagokiolako, ezbeharra gertatu ondorengo Verterren finantza egoera. Auditoria egin zuten garaian, enpresako jabeak negoziatzen ari ziren zabortegian hildako bi langileen familiekin. Iazko irailean akordioa egin zuten, eta langileen kontrako delituagatik Durangoko Instrukzioko 1. Aretoan egiten ari ziren epaiketa itxi egin zuten. Zuhurtziagabekeriazko bi hilketa egin zituztela aitortu zuten inputatuek —Jose Ignacio Barinaga enpresaren sortzaileak, Arrate Bilbao haren iloba eta enpresaren kudeatzaileak eta Juan Etxebarria ingeniariak— eta senideei kalte ordaina ematea hitzartu zuten: 2,75 milioi euro guztira. Verter Recycling enpresa likidatzen hasi ziren iaz —senideekin akordioa egin eta gutxira—, eta Barinagaren bi ilobak izendatu zituzten likidatzaile.

Auditoriak argitzen du 500.000 euroko berme bat jarria duela enpresak, eta aktibo likidoak blokeatuta dauzkala. Eusko Jaurlaritzak hartu ditu bere gain, subsidiarioki, hildako bi langileak bilatzeko eta zabortegia egonkortu eta zigilatzeko lanak, eta auditoriak ez du zehazten Verterrek kostu horietatik zenbat hartu dituen bere gain. Administrazio publikoari 30 milioi euro baino gehiago kostatu zaio zabortegia lehengoratzea.

Jaurlaritzak hiru zigor txosten irekiak ditu enpresaren kontra, Bizkaiko Diputazioak beste bat, zabortegia egonkortu eta ixteko egindako obren kostuari aurre egin beharko diote, hildako langileen senideei kalte-ordainak eman, eta Durangoko azken epaiketaren emaitzaren zain egon, beste zigorrik ere jasoko duten jakiteko. Eta, azken urteetan irabazi handiak izan bazituen ere, hemendik aurrera gastu handiak izango dituzte Verter Recyclingek eta haren jabeek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Txibite lehendakaria eta Ramon Alzorriz PSNko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. ©JESUS DIGES / EFE

Sindikatu Medikoaren hordagoari men egiteko prest azaldu da Txibite

Ion Orzaiz

Lehendakariak justifikatu du Osasunbideko sendagileei aukera ematea osasun pribatuan ere jardun daitezen: «Profesionalak erakartzeko bidea da». Erabakiaren aurka azaldu dira EH Bildu eta Ezkerra
Ikasbidea ikastola, Duran ©Irekia

Ikasbidea ikastetxeak hotzari aurre egiteko konponbide iraunkor bat eskatu du

Irati Urdalleta Lete

Azaldu dutenez, arazoak dituzte ikastetxeko galdararekin, baina Eusko Jaurlaritzak esan die ez dutela uda baino lehen konponduko. Salatu dute ikasgeletan hamahiru edo hamalau gradu izan dituztela.

'Aita Mari' ontziak Mediterraneoan aurkitutako migratzaileen ontzi baten erreskatea, artxiboko irudia. ©Itsas Salbamendu Humanitarioa

'Aita Mari' ontziari espediente bat ireki diote, ia milioi bat euroko isunekoa

Isabel Jaurena-Edurne Begiristain

Zigorra 2020ean Palermon (Sizilia, Italia) gertatu ziren ekintza batzuen baitakoa da. Aita Mari-k alegazioak aurkeztuko ditu.

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Komeni da zaurgarrienek maskara erabiltzen jarraitzea»

Edurne Begiristain

Osasun sistemaren gaineko presioa «apaldu» izanaren ondorio da garraio publikoan maskara janzteko derrigortasuna kendu izana, Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak azpimarratu duenez.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...