Makina-erreminta

Makina-erreminta %15,4 hazi da 2021ean

Sektoreak 1.528 milioiren salmentak izan ditu, eta horietatik %75etik gora atzerriko merkatuetan. Ekainean egingo dute biurtekoa, BECen. 

Makina-erremintaren biurteko azoka, atxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
aitor biain
2022ko otsailaren 11
12:42
Entzun

AFM Makina-erremintako patronala pozik dago 2021. urteak utzi dituen emaitzekin. Zailtasunak zailtasun, iazkoa «urte ona» izan dela azpimarratu du Xabier Ortueta klusterreko zuzendari nagusiak. Sektorearen fakturazioa %15,4 handitu da, eta pandemian galdutakoaren zati handi bat berreskuratu du. «Jauzi nabarmena ikusi dugu pandemiaren lehen sei hilabeteetan izandako bat-bateko beheraldiaren ondoren».

Euskal industriarentzat oinarrizkoa den sektorea da makina-erreminta, eta pandemiaren gordinenean lurrikara handi bati aurre egin behar izan zion. Autogintzaren geldialdiak aurrena eta COVID-19aren krisiak ondoren, ataka larrian utzi zuen sektorea, ia eskaririk gabe geratzeraino. Ari da suspertzen, edonola ere, eta iazko emaitzak dira horren erakusle.

Sektoreak 1.528 milioi euroren salmentak izan ditu 2021ean, eta horietatik 1.204,38 milioi esportazioak izan dira. Esan beharrik ez dago: kanpoko salmenta horiei esker hazi da sektorea: %19,72 egin dute gora. Hauek dira produktu gehien esportatu dituzten herrialdeak: AEBak (%10,6), Txina (%9,8), Alemania (%9,7), Italia (%8,5), Frantzia (% 5,8), India (%5,5), Turkia (%5,1), Mexiko (%4,3), Portugal (%3,9), eta Erresuma Batua (%2,9).

Azpisektoreka, ordea, badira aldeak. Hau da, enpresa batzuek besteek baino arazo gehiago dituzte oraindik ere. Esaterako, harroketa makineriarekin aritzen direnek %19,82 handitu dituzte salmentak, 670,27 milioi euroraino, eta pandemia aurreko datuak gainditu dituzte. Bereziki, fresaketa sektorearen datu onak azpimarratu ditu patronalak, nola teknologian hala merkatu kuotan liderra bilakatu baita.

Aldiz, deformazioan aritzen diren enpresen fakturazioa % 3,53 apaldu da, eskaera kopurua hobetu duten arren. Autogintza eta aeronautika guztiz lehengoratu ez izanak moteldu du susperraldia, Ortuetak adierazi duenez.

Ziurgabetasuna nazioartean
Mundu zabaleko merkatuetan zalantza eta ziurgabetasun handiak dira oraindik ere, eta, AFMk adierazi duene,z horrek susperraldian eragin dezake. Ukrainako krisi geopolitikoa, zenbait osagai falta eta energiaren eta garraio kostuen garestitzeak aipatu ditu horien artean. «Orain, jarduerari eta marjinei eutsi behar diegu, berrikuntzan eta digitalizazioan inbertitzen jarraitu ahal izateko, testuinguru nahasi eta inflazionista batean: hori da gure erronka nagusia», adierazi du Cesar Garbalena AFMko presidenteak.

Euskal Herriko eta Espainiako merkatuei dagokionez, aldiz, galdutakoaren zati bat berreskuratu badute ere, oraindik bere ahalmen osotik «urrun» daudela aitortu du patronalak. Hala ere, aurreikuspenei begira baikor azaldu da, eta uste du zenbait alorretan pandemia aurreko emaitzak ere hobetuko dituela. Ildo horretan, Jaurlaritzak makinak berritzeko abiatutako Renove plana txalotu du Garbalenak. «Konbentzituta gaude hori dela bidea».

Biurtekoaren zain
Barne merkatua suspertzeko itxaropen guztiak makina-erremintaren biurtekoan ditu jarriak sektoreak. Ekainaren 13tik 17ra egingo dute, Barakaldoko BECen (Bizkaia). 2020an ziren egitekoa, baina, pandemiaren ondorioz, atzeratzea erabaki zuten hasieran, eta bertan behera utzi behar izan zuten azkenean. Bada, aurten berreskuratuko dute. «BECeko eta AFMko talde bateratua lanean ari da BIEMH 2022 azoka industria berriz biltzeko gunea izan dadin», adierazi du Ortuetak. «Erakusleiho bikaina dugu salmentei bultzada emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.