Albistea entzun

Futbola

Euskarak ere zabaldu du UEFAren atea

UEFAk homologatutako entrenatzaile tituluak euskara hutsean ateratzeko akordioa lortu dute Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Jaurlaritzak. Hastapenetik Erregional mailara arteko tituluak dira.

Euskarak ere zabaldu du UEFAren atea
Euskarak ere zabaldu du UEFAren atea Tamaina handiagoan ikusi

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza -

2022ko otsailak 14 09:09

UEFAk homologatutako entrenatzaile ikastaroak euskaraz egin ahal izango dira, lehen aldiz, Gipuzkoako Futbol Federazioaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren arteko akordio bati esker. UEFA C eta UEFA B ikastaroak egin ahal izango dira euskaraz —UEFA A eta UEFA Pro ikastaroak ere badaude—. Hizkuntza gutxitu batek lehen aldiz ireki du UEFAren atea. “Garrantzitsua da albistea, orain arte ez geneukalako aukera hori”, adierazi du Beñat Larrañaga Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteordeak.

«Hizkuntza eskubideen alorrean askotan begiratzen dugu Katalunia aldera, baina, gaur-gaurkoz, han ez daukate horrelako aukerarik», gogoratu du Larrañagak. Ez Araban, ez Bizkaian, ez Nafarroan eta ez Lapurdin, Gipuzkoarekin muga egiten duten probintzietan gaur egun ez dago modurik entrenatzaile titulua euskara hutsean ateratzeko. «Eta, zergatik ez, beste lurralde batzuei ere bide bat ireki diezaieke honek». Hizkuntz Eskubideen Behatokiak txalotu egin du Gipuzkoako Futbol Federazioak emandako pausoa.

Oinarrizko maila da UEFA C entrenatzaile titulua. «Hastapen mailatik gazte mailara arteko jokalariak entrenatzeko titulua da, eta sarean egiten da ikastaroa; praktika batzuekin osatzen da amaieran». Besteak beste, Eskola Kirola sartzen da hor. UEFA B tituluak, berriz, Erregional mailara arte entrenatzeko aukera eskaintzen du. “Gure egunerokotasunari eragiten diote bi titulu horiek”, zehaztu du Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteordeak. UEFA A tituluak Espainiako Estatuan entrenatzeko aukera eskaintzen du, eta UEFA Pro tituluak elite mailan entrenatzekoa.

Bizipen pertsonaletik tiraka

Aztiker ikerguneak 2016an egindako ikerketa baten arabera, Gipuzkoako entrenatzaileen %90 euskaldunak ziren, euskal hiztunak. «Baina %40koa zen euskararen erabilera». Gipuzkoako Futbol Federazioko egungo presidenteordeak bere larruan bizi izan zuen entrenatzaile ikastaroak euskaraz egin ezina. «Hiru ikastaro ziren garai batean eta gazteleraz egin behar izan nituen hirurak. Azken ikastaroaren amaieran proiektu bat aurkeztu beharra zegoen, eta proiektu hori euskaraz egiteko baimena eskatu nuen».

Baina ezezkoa jaso zuen Larrañagak: entrenatzaile eskolako zuzendaritzak ukatu egin zion eskubide hori. «Eskerrak eman nahi dizkiet, hazi bat erein zutelako egun hartan, eta hazi horri esker iritsi garelako honaino». Tarte horretan, 2020ko abenduaren 15ean, hauteskundeak egin zituzten Gipuzkoako Futbol Federazioan, eta Garai berriak plataformak irabazi zituen —Manu Diaz da egungo presidentea—. «Nik neukan pentsamenduarekin bat egin zuen lantalde bat osatu genuen berehala. Hasieratik argi geneukan: euskarak ardatz izan behar zuen Gipuzkoako Futbol Federazioaren bizitzan; entrenatzaile eskolan hori borrokatuko dugula defendatu genuen, eta lehen egunetik aktibatu dugu lanketa hori. Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ginen». Lanketa zabalago bat eginda dauka Jaurlaritzak: Kirolean Euskara Sustatzeko Plana 2021-2024. «Eta plan horren barruan txertatu dugu gurea, baina lehenagotik ari ginen lanketa egiten». Larrañaga “pozik” dago Jaurlaritzarekin lortutako akordioarekin. «Bi aldeen borondateek bat egin dute».

Ohitura sortzen

Larrañagak badaki titulua gauza bat dela eta erabilera beste bat. «Badakigu neurri bakarrarekin ez dugula lortuko erabilera bat-batean igotzea, baina ohitura sortzen hastea da gakoa». Dagoeneko tituluak dauzkaten entrenatzaileei ere eskainiko diete hizkuntza estrategien inguruko ikastaro bat. «Eta klubekin elkarlanean aritu nahi dugu, haien beharretara hurbiltzeko eta haiek ere euskara planak edukitzeko».

Futbolaren eta euskararen inguruan «imajinario kolektibo bat» sortzearen garrantzia azpimarratu du Larrañagak. «Oso euskaldunak izanagatik, orain arte gazteleraz aritu behar izan dugu futbolean. Hori guztia aldatzen hasiko gara. Futbolean ere euskararen inguruan ohitura, kultura sortzen hasi behar dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kike Barja, baloiarekin, gaur. ©Efe

Osasunak berdindu egin du Espainiako Kopari heldu aurretik

Julen Etxeberria

Ez Mallorcak, ez Osasunak ez du merezi izan irabaztea. Jagoba Arrasateren taldea jokalari bat gehiagorekin aritu da 70. minututik aurrera, baina ez da gai izan abantaila aprobetxatzeko.

 ©REALA

«Gozamena da jende honekin Zubietan izatea; segitu nahi dut»

Jon Ander De la Hoz

Realak ondo kokatuta ekingo dio ligaren azken herenari, Igor Zubeldiaren ustez. Azkoitiarra «gustura» dago txuri-urdinek egin duten lanarekin, baita berak egin duenarekin ere.
Gernikako jokalariak, finalerdietarako sailkapena ospatzen. ©J. CEBOLLADA / EFE

Gernika Kopako finalerdietan ariko da, Gironari ezustean irabazita

Ainara Arratibel Gascon

Gernika Kopako finalerdietan ariko da, Gironari ezustean irabazita: 65-79. Bizkaitarrek Perfumerias Avenida izango dute aurkari gaur

Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzailea, partida batean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Euskararen aldeko «diskriminazio positiboa» babestu du Garitanok

Jone Bastida Alzuru

Euskal hiztunak euskal hedabideetan euskaraz soilik aritzea defendatu du, eta horren aldeko apustua egin behar dela azpimarratu. Galdakaoko Udalak antolatutako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.