Pribatutasuna

Texasko fiskalak Meta salatu du, erabiltzaileen datu biometrikoak baimenik gabe jaso eta saltzeagatik

Ken Paxtonen arabera, Facebooken enpresa nagusiak erabiltzaileen milioika datu jaso ditu hamar urtez, eta bere mesederako saldu ditu. Isuna milaka milioi dolarrekoa izan daiteke.

Mark Zuckerberg Metako presidentea. MICHAEL REYNOLDS, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko otsailaren 15a
16:34
Entzun

Mark Zuckerberg Meta konpainiako presidentearen buruhausteak ez dira Europan amaitzen. Ken Paxton Texasko (AEB) fiskal nagusiak salatu egin du Facebook sare sozialaren enpresa nagusia, baimenik gabe erabiltzaileen datu biometrikoak jaso eta saltzeagatik hamar urtez. Datu biometrikoak pertsona bat identifikatu dezaketen ezaugarri fisikoak, fisiologikoak eta jarrerari dagozkionak dira. Zehazki, begien, hatz marken, ahotsaren, eskuen eta aurpegiaren informazioa jaso eta beste enpresa bati saltzea leporatzen dio Paxtonek Metari.

Salaketa astelehenean aurkeztu zuen Paxtonek. Haren arabera, milioika datu biometriko jaso ditu Metak erabiltzaileen argazkietatik eta bideoetatik. Texasko fiskal nagusiak ohar batean azaldu du bere mesederako saldu dituela datu horiek guztiak Metak, eta baimenik gabe egin izanak eta denbora baten ostean ezabatu ez izanak Texasko datuen legea urratzen duela.

Ez da hau Facebooken datu politika ezbaian jartzen den lehen aldia. Paxtonek dio «beste adibide bat baino ez» dela, eta Texasko biztanleen «pribatutasunaren eta segurtasunaren alde» jarraituko duela lanean.

Salaketak aurrera eginez gero, eta Meta errudun joz gero, milaka milioi dolarreko isuna jaso dezake Facebookek. Metak 20 milioi erabiltzaile ditu Texasen, eta, hango legediaren arabera, baimenik gabe jaso eta saldu duen datu biometriko bakoitzagatik 25.000 dolar ordaindu beharko lituzke; horri beste 10.000 gehitu beharko litzaizkioke kasu bakoitzean salmenta praktika okerragatik.

AEBetako beste estatu batean, Illinoisen, antzeko salaketa kolektibo bati aurre egin behar izan zion Metak, eta orduko horretan 650 milioi dolarreko isun bat ordaindu behar izan zuen.

Europan ere pribatutasuna arazo du Metak

Europan ere erabiltzaileen pribatutasunarekin arazoak ditu Metak. Joan den astean, Facebook eta Instagram sare sozialak Europan ixteko mehatxua egin zuen Zuckerbergek, 2020ko uztailean Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak hartu zuen erabakiak debekatu egiten diolako erabiltzaile europarren datuak AEBetako bere egoitzara bidaltzea. Metak azaldu zuen horrek «zerbitzuak eskaintzeko bere gaitasuna» mugatu dezakeela; Metaren diru iturri nagusia online iragarkiak dira, eta epaiak iragarki horiek pertsonalizatzeko aukera murriztuko lioke.

Europako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen erabiltzaile europarren datu horiek AEBetara bidaltzeak haien oinarrizko eskubideak urra ditzakeela, eta ez dela bermatzen Europako Batasuneko Datuen Babeserako Araudia beteko denik.

Orain arte, EBren eta AEBen arteko akordio bati esker bidal zitzakeen datu horiek Kaliforniara Metak. Babes ezkutua deitzen zitzaion akordio horri, eta datuak bidali nahi zituzten konpainiek erabiltzaileari azaldu behar zioten zein zen datu politika eta beste norbaiti bidaltzeko asmoa ote zuen eta zergatik. Gainera, bermatu behar zuten datu horiek ez direla sekula erabiliko jaso zituztenean zuten helburua ez zen beste zerbaitetarako.

Europako Batasuneko Auzitegiaren erabakiak, ordea, akordio hori egokitzera behartu zuen Europako Batzordea. AEBetako Gobernuarekin ari dira orain negoziatzen Datuen Babeserako Araudia, han daudelako teknologia multinazionalik handienak, horien artean Meta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.