Osasungintza

Zortzi sindikatuk bat egin dute etziko osasun sistema publikoaren aldeko manifestazioarekin, Iruñean

LAB, ELA, CCOO, ESK, Steilas, CGT, Solidari eta CNT sindikatuek bat egin dute, etzi egingo den manifestazioarekin, 'Osasun publikoa defenda dezagun' lelopean, . Iruñeko Konstituzio plazatik abiatuko da, 19:00etan.

LAB, ELA, CCOO, ESK, Steilas, CGT, Solidari eta CNT sindikatuen prentsaurrekoa, gaur goizean. LAB NAFARROA
unai etxenausia
2022ko otsailaren 16a
12:21
Entzun

LAB, ELA, CCOO, ESK, Steilas, CGT, Solidari eta CNT sindikatuek osasun publikoaren alde ostiralerako deituta dagoen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Manifestazioa Iruñeko Konstituzio plazatik abiatuko da, 19:00etan, Osasun publikoa defenda dezagun lelopean.

Zortzi sindikatuek elkarrekin eman dute prentsaurrekoa gaur. Imanol Karrera Nafarroako LABeko bozeramaileak adierazi du pandemiaren bi urte hauetan Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ez duela izan «inolako estrategiarik osasun publikoaren gabeziak konpontzeko». Eta, ondorioz, salatu du osasuna arriskuan jarri duten eta langileak mugara eramaten dituzten gabeziak daudela: «Gobernuak gu zaintzeaz eta sendatzeaz arduratzen diren langileak zaintzeari utzi dio. Dramatikoa da langileen egoera, neke fisiko eta emozional izugarriarekin. Kontratatutako langileen egoera erabat prekarioa da».

Hauek dira, besteak beste, sindikatu horien aldarrikapenak: plantilla dimentsionatzea eta egonkortzea, behin-behinekotasun tasei aurre eginez, baliabide publikoen optimizazioa, eta diskriminazioen amaiera.

LABeko bozeramailearen ostean, Maider Huarte Osasunbidea ELAren arduradunak hartu du hitza. Azaldu duenez, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren arazoak pandemia baino lehenagokoak dira. Are, bi arrazoitan laburbil daitezkeela esan du: «Alde batetik, Nafarroako osasun gastua BPGren %5ekoa da, eta Europako gastuaren batez bestekoa, berriz, %7. Bestalde, lan baldintzak langile gutxiegi, zaharkitu eta behin-behinekotasun izugarriarekin izateak markatzen ditu».

Huarteren esanetan, egoera horri aurre egiteko Nafarroako gastua Europako Batasunekoarekin parekatu beharko litzateke. Eta ohartarazi du UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik ez dutela zerbitzu publikoen aldeko apustu garbirik ikusi.

Osakidetzan ere

Osakidetzako sindikatuek ere protesta egin dute gaur. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak elkarretaratzeak egin dituzte Santiago (Gasteiz), Gurutzeta (Bizkaia) eta Donostiako ospitaleen aurrean, baita hainbat osasun zentrotan ere. Argitu dute ez dutela tarterik ikusten otsailaren 25ean lehen mailako arretan eta 28an osasun sistema publikoan egingo diren grebak bertan behera uzteko, eta ohartarazi dute «benetako negoziaziorik ezean mobilizazio gehiago» izango direla.

Gabirel Perezek, SATSE sindikatuaren bozeramaileak, salatu du ez dutela onartuko osasuna «suntsitzea», eta gastu publikoa BPGaren %7 parekatzea zein gastu horren laurdena lehen mailako arretara bideratzea eskatu du. Horrez gain, esan du Osakidetzak asistentziaren kalitatea murriztu duela, eta Eusko Jaurlaritza enpleguaren kalitatearekin «jolasten» ari dela.

Jesus Oñate LABeko kideak Osakidetzaren negoziatzeko borondaterik eza kritikatu du, eta gogorarazi du azken hitzarmena duela 11 urte sinatu zela, Eusko Jaurlaritzak berrikusteko borondaterik izan gabe. Gainera, ziurtatu du «gutxienez 3.500» langile falta direla, eta profesional asko beste leku batzuetara joaten ari direla: Osakidetzak «tratu txarrak» ematen dizkielako «lan baldintza negargarriekin». Nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua direla egoera horren «erantzule».

Oñatek dei egin die berriro herritarrei grebekin bat egin eta haien osasun eskubideak aldarrikatzeko. «Osakidetzak benetako negoziazioa egiten ez badu, mobilizazioak eta grebak haziz joango dira», ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.