Hezkuntza legea

Urkulluk hezkuntza akordiorako zirriborroaren «balorazio oso ona» egin du

Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C's-k eskola publikoaren garrantziari eta euskarari buruz galdetu diote Eusko Legebiltzarrean Iñigo Urkulluri. Itunpeko eskolak eta publikoak mantentzearen alde egin du, eta ez du argitu murgiltze eredu orokortua ezarriko duten ala ez.

Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean, gaur goizean. L. RICO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 18a
11:38
Entzun

Murgiltze eredua, segregazioa, hezkuntza publikoak eta itunpekoak izan beharreko garrantzia... Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioa eta legea ontzeko prozesuak mahai gainean jarri du hezkuntza, eta pil-pilean daude haren gaineko eztabaidak. Gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, hizpide izan dute akordioaren oinarriak ezartzeko sortutako lantaldearen lehen zirriborroa —atzo adostu zuten beste hamabost egun ematea dokumentuari zuzenketak egiteko— . Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari zer pentsatzen duen galdetu diote Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik eta PP+C's-ko Carlos Iturgaizek. Urkulluk hitz gutxi behar izan ditu testua zer iruditzen zaion esateko: «Ea nola baloratzen dudan hezkuntzaren oinarrien zirriborroa? Bada, orain arte egindako lanaren balorazioa oso positiboa da».

Balorazio orokorra egitearekin batera, bi gaitan zentratu dira: hezkuntza publikoaren garrantzian eta euskaran. Gorrotxategik kritikatu du zirriborroak ez duela aintzat hartzen hezkuntza sistemaren «gaitz» nagusietako bat, «legitimatu» egiten duela hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren sistema, «bere ondorio txar guztiekin». Urkulluri galdera argia egin dio: «Gobernu honek ba al dauka asmorik neurriak adosteko eskola publikoak pisu handiagoa izan dezan hezkuntza sisteman?». Urkulluk erantzun dio gobernu programan bertan hartua dutela konpromisoa: «Gure konpromisoa da bidezko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua indartzea, euskal eskola publikoaren funtsezko izaera aitortuz». Hori «eufemismo bat» dela leporatu dio Gorrotxategik, eta proposamen zehatzagoetara jo du: «[Momentu hau] aukera bat da joera pribatizatzaileei buelta emateko eta apustu irmoa egiteko jabetza publikoko eskola sare bat progresiboki garatzearen alde».

Gorrotxategik, erreskadan, hainbat datu bota ditu, haren hitzetan, itunpeko sareari ematen dioten garrantziaren erakusgarri direnak: Andoainen, lekuen %21 dira publikoak; Aretxabaletan, %41; Arrasaten, %34; Azpeitian, %42... Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoa «erabat abandonatuta» daukan seinale dira datuok, Gorrotxategiren irudiko. Gainera, sareen «dualtasun» horren ondorio iruditzen zaio segregazioa ere, eta esan du ezinbestekoa dela eskola publikoaren presentzia handitzea, segregazioa murriztekotan. Bestelako iritzia du Urkulluk, eta itunpeko ikastetxeak nahiz publikoak mantentzearen alde dagoela adierazi du: «Sistema publikoaren eta itunpekoaren arteko bizikidetza eredu berezi eta eraginkorra mantendu egingo da».

Iturgaiz, aldiz, euskararen presentziarekin izan da kritiko. Nabarmendu du Kataluniako murgiltze eredua «kopiatu» nahi dutela eta euskara izango dela sistema osoaren ardatza. «Ez duzue onartzen porrot bat dela euskalduntzea hezkuntza sistemaren helburu bakarra izatea». Urkulluk erantzun dio euskara ez dela inposatzen eta familiek aukeratzen dutela D eredua. Ez du argitu legean murgiltze eredu orokortua jasotzeko asmoa duten ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.