Beste bi aste izango dituzte hezkuntza itunerako testuari ekarpenak egiteko

Eragileek eta alderdiek martxoaren 4ra arte izango dute aukera akordiorako aurkeztu duten lehen zirriborroari zuzenketak egiteko

Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Beste hamabost egun izango dituzte hezkuntza itunaren zirriborroari ekarpenak egiteko. Horrenbestez, atzeratu egingo da hezkuntza akordioa. Aste honetan hainbat alderdik egindako eskaerei jaramon eginez, Eusko Legebiltzarrean hitzarmenaren oinarriak zehazteko sortutako lantaldea atzo bildu zen, eta aho batez hartu zuten erabakia: epea luzatuko dute.

Alderdi politikoek nahiz hezkuntza eragileek gaur arte zuten ekarpenak egiteko epea, baina, atzo adostutakoaren ondorioz, martxoaren 4ra arte izango dute. Lantaldea berriz ere martxoaren 7an elkartuko da zuzenketei buruz hitz egiteko. Hortik aurrera izango duten egutegia oraindik ez daukate zehaztuta. 7ko bileran erabakiko dute aurkeztutako zuzenketak bozkatzeko bilera noiz egingo duten.

Eusko Legebiltzarrak urrian erabaki zuen hezkuntza hitzarmenerako lantalde bat sortzea. Geroztik, ehun eragile inguru igaro dira bertatik, eta Kataluniara bisita bat ere egin zuten legebiltzarkideek, hango egoera bertatik bertara ezagutzeko. Gorka Alvarez (EAJ) lantaldeko presidenteak dokumentu bat osatu zuen agerraldietatik eta bidaiatik jasotako ekarpenekin, eta joan den asteartean eman zuen haren berri Eusko Legebiltzarrean.

Besteak beste, euskara ardatz duen eredu eleaniztun bat proposatzen du testuak, baina ez du murgiltzea aipatzen. Gainera, beste puntu garrantzitsu batzuk ere biltzen ditu: hala nola zenbait konpromiso onartzen dituzten ikastetxe publikoek eta itunpekoek Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatuko dutela eta itunpeko eskolek ezingo dituztela kuotak kobratu. Txostena ez da publikoa izan orain arte, baina, herritar batek hala eskatuta, Eusko Legebiltzarraren webgunean eskuragarri jartzea erabaki dute talde guztiek.

Alderdien eskariz

Legebiltzarreko taldeek eta hezkuntza eragileek dokumentua esku artean izan zutenean, hariekarpenak egiteko tartea zabaldu zuten, berez gaur amaitzekoa zena. Ordea, aste honetan denbora gehiago eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk, eskaera formal bat aurkeztuz —hilabete gehiago eskatzen zuten—, baita PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak eta Carlos Iturgaiz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren buruak ere, prentsari egindako adierazpenen bidez. Halaber, EH Bilduk esana zuen beraiek ez zutela denbora gehiago behar, zuzenketak prest dituztelako, baina akordiorako baliagarri izanez gero prest zeudela epea luzatzeko. Eusko Jaurlaritzak ere ez zion aterik itxi epea zabaltzeari.

Azkenean, halaxe egitea erabaki dute, eta eragileek eta alderdiek beste hamabost egun izango dituzte testuari ekarpenak egiteko.Behin ekarpenak egiteko epea amaituta, lantaldeko legebiltzarkideek haien inguruan eztabaidatu eta bozkatu beharko dute, behin betiko testua idazteko.

Alderdiek esan izan dute badaudela aukerak akordioa lortzeko. EAJko legebiltzarkide Leixuri Arrizabalagak dokumentua aurkeztu zuten egunean adierazi zuen akordiorako abiapuntu ona ezartzen duela: «Uste dugu oinarri horiekin kontsentsu zabal bat egon litekeela euskal hezkuntza sistema bermatzeko eta ziurtatzeko». EH Bilduko Ikoitz Arresek adostasuna lau alderdi nagusiek lortzea du begiz joa: «Argi dugu helburua dela hezkuntza hitzarmenean lau indar politiko nagusiok bat egitea, eta, epeak luzatzeak akordio bat lortzea errazteko balio baldin badezake, ez gara gu izango hori oztopatuko dutenak».

Dokumentuak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuratik igaro beharko du, eta, onespena jasoz gero, Eusko Jaurlaritzari igorriko diote. Hark hitzemana du testu hori oinarritzat hartuta onduko duela hezkuntza legea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek esan izan duenez, haien asmoa da Gobernu Kontseiluak lege proiektua urrian edo azaroan onartzea eta, Eusko Legebiltzarretik igaro ostean, datorren urteko udaberrian onartzea legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.