Eliza katolikoa

Bilboko Elizbarrutia hogei abusu kasu inguru ikertzen ari da

Elizak bere ardura aitortu du: «Biktimak entzun nahi ditugu, ikertu, konpondu eta, batez ere, zauriak itxi nahi ditugu».

Bilboko San Inazio auzoko eliza, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2022ko otsailaren 20a
20:50
Entzun

Bilboko Elizbarrutiak 2019an sortutako batzordeak sexu abusuen inguruko hogei salaketa jaso ditu, eta haietako seik apaizei eragiten diete. Hala iragarri du Elizak berak osatutako Adingabeen Aurkako Abusuen Babeserako eta Prebentziorako Batzordeak. Kasuak ikertzen ari dira, eta horren berri eman dute gaur egin dituzten mezetan.

Plazaratu duen agirian, Elizak bere ardura aitortu du, eta esan du zauriak itxi nahi dituela: «Zabaldutako arazo bat izateak ez digu kentzen gizartearen aurrean dugun betebehar morala». Elizbarrutiaren arabera, batzordea «beharrezko ikerketak» egiten ari da, eta, kasu batzuetan, «kanpoko erakunde espezializatuen laguntza eskatu du».

Carlos Olabarrik, batzordearen zuzendariak, esan du beranduegi jokatzen ari direla, eta kasuak jakin arren ezkutatu eta estali izan dituztela.

Beste bost

Urtarrilaren 4an jakinarazi zuen Bilboko Elizbarrutiak ikerketa bat zabaldu zuela adingabeei egindako bost sexu abusu argitzeko.

Orduan, Espainiako El País egunkariak 251 salaketa bidali zizkien Vatikanoari eta Espainiako Eliza katolikoari, eta haietatik bost Bizkaian gertatutakoak dira; haiek ikertuko zituela iragarri zuen elizbarrutiak.

Abusu horiek 1950eko hamarkadatik 1990ekora egindakoak dira, Bizkaiko bost erlijio zentrotan. Zehazki, Barakaldoko San Bizente Paulekoa ikastetxean, 1950eko hamarkadan; Bediako San Joan Bataiatzailearen elizan, 1964 eta 1966 artean; Bilboko Santa Marina haurrentzako erietxean, 1971n; Bilboko Kristo Erregeraen parrokian, 1976an; eta Bilboko Maristak ikastetxean, 1990ean.

Bilboko Elizbarrutiak El País-en lanaren balioa aitortu zuen, eta gertakariok salatu dituzten biktimak ere goraipatu zituen. Ikerketa bat zabaldu zuten, eta «eraso horien inguruan informazioren bat eman dezakeen edonori» zabaldu zizkioten elizbarrutiko ateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.