Inauteriak

Ia ekintza guztiei eutsiko diete Tolosako inauterietan

Kabi Alai elkartearen eskutik izango da txupinazoa, ostegunean, eta, besteak beste, danborrada, diana eta Alborada egingo dituzte inauterietan.

Gaur aurkeztu dute Tolosako inauterietako egitaraua. TOLOSAKO UDALA
ane insausti barandiaran
2022ko otsailaren 21a
14:23
Entzun

Otsailaren 10ean iragarri zuen Tolosako Udalak (Gipuzkoa) Inauteriak egingo zirela. Ordutik, zenbait «eragilerekin elkarlan estuan» aritu dira, egitaraua prestatzeko lanetan, eta gaur aurkeztu dute programazio osoa. Aurtengo inauteriak «desberdinak eta bereziak» izango direla adierazi du Olatz Peon Tolosako alkateak gaur egindako agerraldian. Baina osasun egoerara egokitutako neurriak hartuta, ohiko ia ekintza guztiak antolatzea lortu dute.

Neurrien artean, karrozen arteko distantzia handituko da, kultur etxetik aurrera Rondilla kalea hutsik utziko da, herritarrek oinez ibiltzeko tarte gehiago izan dezaten, eta zezen plazako sarrera-irteerak musikarik gabe egingo dira. Horrez gain, jende pilaketak daudenetan maskara erabiltzeko eskatu du udalak.

Peonek ondorengo mezua zabaldu nahi izan die herritarrei: «Batzen eta berdintzen gaituzten jaiak dira inauteriak, izan daitezela ilusioa berreskuratzeko eta elkarrekin gozatzeko jaiak, errespetuan, elkarbizitzan eta berdintasunean oinarritutakoak, guztionak eta guztiontzako, jaiez modu seguruan goza dezagun».

Egitaraua

Ostegunean, Kabi Alai elkarteak irakurriko du pregoia, udaletxetik. Gero, 12:00etan botako dute jaien hasiera iragartzeko suziria, Plaza Zaharrean. Ostiral mehean danborrada eta Arpegiren emanaldia izango dira. Zaldunita bezperan, berriz, buruhandiak eta erraldoiak, txaranga eta danborrada izango dira, besteak beste.

Zaldunitari dagokionez, Diana egingo du Tolosako Udal Musika Bandak, eta txarangak eta karrozak ibiliko dira egun osoan. Astelenitan ere txarangak eta karrozak irtengo dira. Asteartitan, berriz, alborada, karrozak eta txarangen bilkurak izango dira.

Guztira, 25 karrozak parte hartuko dute aurten: hamabik igandean, bik astelehenean eta 11k asteartean. San Frantzisko pasealekuan jarriko dira, elkarren artean ohi baino distantzia handiagoarekin, eta goizeko hamaiketatik gaueko hamaiketara jarri ahal izango dute musika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.