Hilberria

Abelin Linazisoro idazle eta aktorea hil da

79 urte zituela zendu da. 'Goenkale' saioan antzeztutako Xaturren rolak egin zuen ezagun bereziki, baina, horrez gain, literaturan, antzerkigintzan eta euskara irakasten aritu zen, besteak beste. Zumaiako kultur mugimenduaren sustatzaile ere izan zen, eta hango zineforumaren sortzaile.

jarraia209960.jpg
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko otsailaren 23a
10:22
Entzun

Abelin Linazisoro Azkue (Zumaia, 1942) idazle eta aktorea zendu da, 79 urterekin. Gaztea zenean hasi zen antzerkigintzan, eta, gerora, 1994an, Euskal Telebistako Goenkale saioan hasi zen lanean. Xaturren rola antzeztu zuen zazpi urtez.

Hiru nobela idatzi zituen Linazisorok, 1995etik 2005era bitartean: Axun (1995, Susa), Iraganean galdua (2001, Txalaparta) eta Aitortza (2005, Txalaparta). Besteak beste, abertzaletasuna, herri txikietako bizimodua eta amodiozko kontuak jorratu zituen. Aitortza aurkeztu zuenean, adierazi zuen liburua «gerra pasatu duen emakume batek gerra ezagutu ez duen beste belaunaldi bateko emakume bati egiten dion aitortza» zela. Hain zuzen ere, eleberri horrekin trilogia bat osatu zuen Linazisorok. «Hiruretan abertzaletasuna eta maitasuna dira oinarria. Lehenengoaren helburua zen azaltzea abertzaleek maitatu dezaketela. Herri honetan, ezker abertzaleko jendea gaiztotzat hartzen dute batzuek, terroristatzat-eta joz. Abertzale bihozbera baten istorioa zen Axun. Bigarrenean, oraindik gehiago sakondu nuen: ETAko pertsonaia bat sartu nuen. Eta hirugarrenean, gerrara joan ez zirenek herrietan bizi izandakoa kontatu dut, betiere maitasun istorio batekin lotuta».

Laugarrena ere idatzi zuen. «Ironia sartu nahi nuen. Matxista baten ikuspegitik kontatutakoa da, eta, gero, istorio bera emakumearen begietatik azaltzen dut. Ez dakit zer egingo dudan horrekin. Presarik ez daukat». Azkenean, baina, ez zuen inoiz argitaratu lan hori.

Bikoizketa lanetan ere aritu zen, eta AEK-ko irakasle izan zen.

Horrez gain, herriko kultur mugimenduan parte hartu zuen, batez ere antzerkigintzarekin eta zinemarekin lotutako ekintzetan; besteak beste, Zumaiako Ostarrena zineforumaren sustatzaile izan zen; 19 urte zituela hasi zen saioak antolatzen. Zumaiarren kontakizunak ere jaso zituen, eta herriaren historia biltzeko lan egin zuen. Zumaiako Baleike aldizkariko Gure Zumai Zarra atalean adineko hainbat zumaiarri elkarrizketak egin zizkien, eta herri horren historiaren transmisioan lan eskerga egin zuen.

Torturak pairatua

Euskaltzale eta abertzale porrokatua zen Linazisoro, eta ETAko fronte kulturaleko kide izan zen 1960ko hamarkadan. 1969an atxilotu egin zuen Espainiako Poliziak. Euskarazko olerkiak herritarren artean zabaltzeko lortu zuten multikopiagailu batekin batera, Lauaxetaren olerki batzuk atzeman zizkioten. Torturatu egin zuten, eta komisarian jasandako tratu txarrek betiko iraun ziotela azaldu zuen hainbat alditan. «60 orduz torturatu ninduten, eta sei egun pasatu behar izan nituen zauriak sendatzen, epailearen aurretik pasatu arte. Etxeko eskaileretatik erori ote nintzen galdetu zidan epaileak», adierazi zion BERRIAri, elkarrizketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.