Albistea entzun

Analisia

Moskuk zehazten du agenda

 

Arantxa Elizegi Egilegor -

2022ko otsailak 24

Asteetako krisi diplomatikoa piztu da. Ezustean piztu ere. Duela hiru egun grabatu zuen Errusiako presidente Vladimir Putinek gaur goizaldean Ukrainaren aurkako erasoaldia hasi baino minutu batzuk lehenago zabaldutako hitzaldia; Donetsken eta Luhansken independentzia aitortu zuen egun berean. «Ukraina desmilitarizatzen eta desnazifikatzen» ahaleginduko direla dio bertan. Mendebaldeko indarrak dira naziak, AEBak, NATO Ipar Atlantikoko Aliantzaren Erakundea eta Ukrainako egungo gobernua zehazki.

Erasoa «nazioarteko zuzenbidearen urraketa» izan dela esan du NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek. AEBetako presidente Joe Bidenek bonba hotsak entzuten hasi eta gutxira deitu dio Ukrainako estatuburu Volodimir Zelenskiri sostengua adierazteko. Eskuak burura eraman dituzte EB Europako Batasuneko buruzagi ia guztiek ere. «Gerra Europara ekartzea» egotzi diote Putini, eta haren erregimenaren aurkako zigor ekonomikoak iragarri dituzte. Baina hor amaitu dira Mendebaldearen indar erakustaldiak.

Krisiaren hasieratik Putinek argi utzi du berak hartzen dituela erabakiak, eta ez beste inork. Hainbat astez Errusiaren inbasioa «berehalakoa» izango zela ohartarazten aritu den Biden bera makurrarazi eta harekin bilera bat hitzartzeko gai izan da Errusiako zerbitzu sekretuetako buru izandakoa. Hain zuzen ere, AEBetako eta Errusiako Atzerri ministroek bilera egitekoa zuten egun berean hasi du Putinek erasoaldia. Ezin mezu argiagorik helarazi.

AEBek Irak inbaditu zutenetik egindako tropa mugimendurik handiena da Errusiarena —ordu hartan 175.000 soldadu bidali zituen Washingtonek—. Ukrainak jakin badaki bakarrik dagoela gerra honetan, adierazpenak adierazpen ez NATOri, ez AEBei, ez zaielako esku hartzea komeni, horrek gerra Europa osora zabaltzeko arriskua dakarrelako, eta, trukean, irabazteko gutxi dutelako. Horiek hala, muturrera jo du Zelenskik, eta iragarri du Kievek armak emango dizkiola «borrokarako moduan den herritar orori».

Kiev bakartuta, eta Mendebaldearen kritikei entzungor eginez, badirudi Putinek dagoeneko erabaki duela hurrengo hitzordua noiz eta non izango den. Moskuk ziurtatu nahi du SESBeko kide ohia ez dela NATOn sartuko, baina baita bertako gobernuak ez diola gehiago bizkarra emango ere, bide batez, mugakide dituen gainontzeko estatuei, eta Mendebaldeari, argi utziz nork duen aginte makila. Erasoaldi honen iraupena Moskun erabakiko dute, baita haren osteko egoera geopolitikoa zer-nolakoa izango den ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Abortatzeko eskubideak etorkizun ziurgabea

Zuriñe Iglesias Sarasola

Azken 25 urteetan hobekuntzak egon dira munduan abortatzeko eskubidean: Afrikan eman da aurrerapausorik handiena. Europa da andreen eskubideak gehien babesten dituena, eta legedi hori leuntzeko erdibidean geratu da Asia. Amerikan izan dira aldaketa nabarienak: AEBetan, txarrera, eta Latinoamerikan, hobera.

 ©Fernando Bizerra / EFE

Bolsonaro, Lula eta zentroa

Cecilia Valdez

Urriaren 2an, Brasilen historiako boz orokorrik garrantzitsuenetako batzuk egingo dira. Ekonomikoki ezin okerrago dago herrialdea, eta, hori gutxi balitz bezala, bizimodu soziala erabat militarizatuta dago.

Boris Johnson, joan den astean, Zeelanda Berrian. ©CHRIS J. RATCLIFFE / EFE

Johnsonen gobernua kolokan jarri dute bi ministroren dimisioek

Gorka Berasategi Otamendi

Erresuma Batuko Finantza eta Osasun ministroek gobernua utzi dute, eta mugimenduak nabarmen zaildu dio Johnsoni agintean jarraitzea

Traktore bat, herenegun, Milan inguruko lursail batean. ©ANDREA FASANI / EFE

Italia iparraldeko bost eskualdetan larrialdia ezarri dute, lehortea dela eta

Igor Susaeta

Azken 70 urteotako idorterik gogorrena jasaten ari dira Po ibaiaren ibarrean. Gobernuak aukera du etxeetan eta enpresetan ur kontsumoa mugatzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...