Ondorioak ekonomian

Jaurlaritzak esan du enpresak hasiak direla Ukrainako erasoaren ondorioak pairatzen

Tapiak ohartarazi du esportazioei eragingo diela krisiak, enpresa askori eskaerak murriztu edo bertan behera geratu baitzaizkie

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua, gaur, legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko otsailaren 24a
15:56
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia hasi dela jada Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ondorioak nabaritzen. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak ohartarazi du «zuzenean» eragin diela esportazioei, enpresa askori eskaerak murriztu edo bertan behera geratu baitzaizkie.

Sailburuak aitortu du euskal enpresa gutxik dituztela lantegiak Ukrainan, baina zehaztu du kokapenari bainoago enpresen jarduerari eragingo diola krisiak, ondorioak eskaera zorroetan eta esportazioetan nabarituko baitituzte. Hain zuzen, esportatzaile diren eta petrolioaren, gasaren nahiz makina-erremintaren alorretan lan egiten duten enpresek nabaritu dute lehen kolpea, Tapiak azaldu duenez.

Sailburuaren hitzetan, Errusiako armadak Ukrainaren aurka hasitako erasoarekin, bi herrialde horien arteko gatazka «gerra bihurtu da jada». «Pandemia gure ehun ekonomikoari lasaitasun apur bat ematen ari zen honetan, albiste honek bete-betean eragiten dio», esan du Gasteizko legebiltzarraren atarian egin dituen adierazpenetan. Eta ohartarazi du erasoak krisi humanitario «izugarria» eragin dezakeela.

Azaldu du, halaber, Europako Batasunak eta AEBek Errusiari jarri dizkioten isunak ezagutu arte zaila izango dela zehaztea krisiak zer eragin izango duen ekonomian. Hori dela eta, «ikuspegi osoz» jardutea eskatu du, egoerari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.