Bertsolaritza

23 taldek hartuko dute parte Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketan

Martxoaren 25etik maiatzaren 15era bitartean jokatuko dira kanporaketak, eta finala, berriz, maiatzaren 28an izango da Larrabetzun

2017an jokatu zen lehenengo aldiz txapelketa. BERTSOZALE ELKARTEA
mikel lizarralde
2022ko otsailaren 24a
16:17
Entzun

Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzea du helburu nagusi Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketak, eta aurreko bi aldietan bezala (2017an eta 2019an), aurten ere xede horrekin antolatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. «Taldekakoaren bitartez, oinarrian eragin gura da, hau da, bertso eskolak eta eskualdeak indartu gura dira». Horregatik, «giro informalean eta jai giroan» egin nahi dituzte saioak. «Batez ere, bertsolari hasiberriei plazarako bidea erraztea, eta arrazoi desberdinengatik ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez dutenei aukera desberdin bat eskaintzea».

Txapelketan parte hartuko duten taldeak, gutxienez, sei lagunekoak izango dira, nahiz eta zortzi-hamar ingurukoak izatea gomendatu duen elkarteak. Izan ere, saio bakoitzerako hiru bertsolari, gai jartzaile bat, epaile bat eta laguntzaile bat jarri beharko ditu talde bakoitzak.

Guztira 23 taldek hartuko dute parte txapelketan, 200 bat bertsolarik orotara. Eta horien artean profil ezberdinekoak izango dira: gazteak, beteranoak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasiberriak, Bizkaiko txapeldunak, txapelketetan parte hartu dutenak eta baita sekula parte hartu ez dutenak ere.

Honako hauek dira talde parte hartzaileak: Akerbeltzen Antxumak (Markina-Xemein), Azkena eta etxera (Busturialdea), Basordako Piratak (Uribe Kosta), Beethovenen Belarriak (Busturialdea), Estropezu (Arrigorriaga), Ez Dakit Ba! (Busturialdea), Far Westeko Bertsolariak (Enkarterri-Ezkerraldea), Gerri Maltxurrak (Uribe Kosta), Itallen (Larrabetzu), Kantakunek (Busturialdea), Koipelustriek (Durangaldea), Kristiñanak (Durangaldea), Laukijjek (Durangaldea), Leioatik Leioara (Leioa), Poto Baptist School (Lekeitio), Potojorri (Bilbo), Santutxuko Bertso Eskola (Santutxu), TAKE IT Easy! (Mungia), TAKETa Lez (Mungia), Topera (Arratia), Tosu Bizirik (Uribe Kosta), Urruxarrak (Iurreta) eta Zornotzako Bertso Oskola (Zornotza)

Talde bakoitzak epaile bat edukiko du kanporaketa bakoitzean. Horrez gain, publikoaren iritzia ere kontuan hartuko da. Beraz, saio bakoitza puntuatzeko hiru taldeetako epaileen balorazioa gehi publikoaren balorazioa hartuko dira kontuan. Saio bakoitzaren ondoren, hiru taldeetatik –edo bitik-, ze taldek egingo duen aurrera erabaki beharko dute denen artean.

Kanporaketa faseko saio gehienak hiru taldeka jokatuko dira, eta kanporaketa bakoitzeko talde bat pasatuko da finalera. Kanporaketa bakoitzean hiru saio labur izango dira: lehenengo taldea bigarrenaren kontra, bigarrena hirugarrenaren kontra, eta hirugarrena lehenengoaren kontra. Saio bakoitzetik talde batek egingo du aurrera.

Finalaren egunean hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Finalaurreko bakoitzean hiru taldeek saio bakarra jokatu dute, eta irabazlea sailkatuko da finalera.

Lehen kanporaketa martxoaren 25ean jokatuko dute Itallen, Urruxarrak eta Far Westeko Bertsolariak taldeek, Barakaldon, eta ondoren beste zazpi saio jokatuko dira maiatzaren 15era bitartean.

Finala, berriz, maiatzaren 28an jokatuko da, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera, Larrabetzun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.