Tortura

Zabalzaren familia: «Aurrerapauso handia da, baina bide luzea gelditzen da egiteko»

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak omendu dute Mikel Zabalza, Orbaizetan. Asteon, Jaurlaritzak biktima gisa aitortu du Zabalza.

Zabalzaren senideak eta erakundeetako ordezkariak, gaur, Orbaizetan (Nafarroa). IñIGO URIZ / FOKU
2022ko otsailaren 27a
16:05
Entzun

«Aurrerapauso handi bat». Hori da, Mikel Zabalzaren senideen iritziz, Eusko Jaurlaritzak hura estatu indarkeriaren biktima izan zela aitortzea. Hala esan dute gaur, Orbaizetako Lorentxo baserrian (Nafarroa), Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin batera egin dioten omenaldian.

Han izan dira, besteak beste, Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburua, Juana Balmaseda Balorazio Batzordeko presidentea, Ana Ollo Nafarroako Herritarren Harremanetarako kontseilaria, Orbaizetako Udaleko ordezkariak eta Nafarroako herriko eta Donostiako Mikel Gogoan taldeek ere.

12/2016 legearen gerizpean, Zabalzaren senitartekoek Jaurlaritzara jo zuten aitortza eske, legearen xedea baita «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa» ematea. Eskariak aztertzeko ardura duen Balorazio Batzordeak aldeko ebazpena argitaratu zuen ostiralean, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortu du Zabalza, senideei legez dagokien kalte ordaina pagatzearekin batera.

Zabalzaren senitartekoek esan dute euren helburu nagusia euren anaiari buruz «egia jakitea» dela: «Ezin dugu orria pasa egiarik ez badago». Gehitu dute torturak «berriz ez errepikatzea» espero dutela.

59 orrialde

Balorazio Batzordeak aho batez proposatu zuen Zabalza biktima gisa aitortzea eta kalte ordaina zortzi anai-arreben artean banatzea. Era berean, ostiralean, Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari eskatu zien Zabalza sartzeko «biktima dela aitortzeko eta bidegabeko sufrimendua jasan zuela aintzatesteko jarduera indibidual eta kolektibo guztietan». Alabaina, bi erakundeei gomendatu zien hori bera eska diezaietela Espainiako erakundeei, «haiek ere norabide berean jardun dezaten, kontuan hartuta zer-nolako erantzukizuna izan zuten segurtasuneko indar eta kidegoek aztertutako gertaeretan».

Izan ere, Balorazio Batzordeak 59 orrialdetan bildu ditu Zabalzaren auziari buruzko gertakariak eta balorazioak, eta argia da ondorioetan: «Batzorde honek [...] uste sendoa du, aski funtsatuta, baieztatzeko heriotza eragin zuen giza eskubideen urraketa bateragarria dela Bidasoa ibaia ez den bestelako ingurune likido batean murgildu izanarekin edo asaldu makroskopikorik uzten ez duen bortxazko asfixia metodoren batekin». Adituek ondorioztatu dutenez, «egitatezko presuntzio sendoak daude uste izateko Mikel Zabalza atxilotu eta torturatu egin zutela, tratu eta zigor anker, gizagabe eta umiliagarriak jasan zituela, eta horren ondorioz hil zela».

Agirian, adituek testigantzak, garai hartako albisteak, peritu txostenak eta beste zenbait dokumentazio iturri bildu dituzte. Horietan oinarrituta, gogorarazi dute Zabalzak hemeretzi egun egin zituela desagertuta atxilotu zutenetik gorpua agertu zen arte, eta atxiloaldian ez zuela abokatuaren edo medikuaren arretarik jaso: «Atxilotuen sarrera-irteerak edo ibilgailuen mugimenduak jasotzeko erregistro libururik ere ez da azaldu». Gainera, Polizia instantziei Zabalza non zegoen galdetzen hasi zitzaienean, Guardia Zibilak «ez zuen ezertan lagundu», eta, are, «ikerketa oztopatu baino ez zuen egin, eta, horren ondorioz, gertatutakoari buruzko ikerketa ez zen izan ez azkarra, ez sakona, ezta eraginkorra ere».

Horregatik, Guardia Zibilaren bertsioa —Zabalzak ihes egin zuela eta Bidasoa ibaian ito zela— «ez da inondik ere onargarria» adituentzat. Adibideak ere jarri dituzte hori argudiatzeko, «zalantzagarriak diren beste hainbat gauza» zerrendatuta: esaterako, gorpuak ibaian egotean izango lituzkeen «hozkadarik edo arrastatzeagatiko urradurarik» ez izatea edota haren alkandora osorik agertu izana. «Ondorioztatu dugu Mikel Zabalzaren bat-bateko ihesaren hipotesia oso inprobablea dela, sinestezina ez esateagatik, eskura ditugun datu guztien argitan», Balorazio Batzordeak azaldu zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.