Memoria

Estatuaren «zigorgabetasun estrategia» salatuko dute martxoaren 3an

Martxoaren 3ko biktimen elkarteak Argentinako Kereilako ordezkaritza batzuen babesa izango du osteguneko ekitaldietan. Araban frankismoko krimenengatik kereila bat abiatzeko eskatu diete instituzioei.

Martxoak 3 elkarteko kideak gaurko agerraldian. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko martxoaren 1a
12:46
Entzun

Ostegun honetan, 46 urte beteko dira Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil eta beste ehunka zauritu zituenetik, eta, urtero legez, Martxoak 3 elkarteak biktimen omenezko ekitaldiak antolatu ditu. Elkarteak prentsaurrekoa egin du gaur goizean, Gasteizen, eta Nerea Martinez Aranburuzabalak eta Andoni Txaskok salatu dute 46 urte geroago oraindik ez dela «justiziarik» egin eta Espainian «zigorgabetasuna» dela nagusi. Elkarteko kideek ohartarazi dute justizia lortzeko eta zigorgabetasuna hausteko lanean jarraituko dutela.

Martinezek nabarmendu du borroka horretan ezinbestekoa izan dela Gasteizko herriaren elkartasuna, eta baita munduko beste txoko askotatik iritsitako babesa ere. Hala, jakinarazi du aurten antolatutako ekitaldietan Argentinako kereilan eta beste ekinbide juridiko, politiko eta instituzional batzuetan bidelagun diren elkarteek parte hartuko dutela; besteak beste, Iruñeko, Sartagudako, Kataluniako, Madrilgo, Asturiasko eta Valentziako ordezkaritzak izango dira Gasteizen. Modu horretan, erakutsi nahi dute Gasteizko sarraskia ez dela gertakari «bakan» bat, «estatu indarkeriaren errepresio eta zigorgabetasun estrategia sistematiko eta estruktural baten icebergaren punta baizik».

Martxoak 3 elkarteko kideek iragarri dute bide horretan ez dutela baztertzen ekinbide judizial gehiago abiatzea, eta Arabako instituzioekin batera kereila bat aurkezteko lanean jarraituko dutela. Elkarteak uste du Arabako erakundeek eta biktimek elkarrekin jorratu beharko luketela bide hori, eta kereilak martxoaren 3ko gertakariak ez ezik frankismoaren eta trantsizioko krimenak ere jaso beharko lituzkeela.

Bestalde, Jacinto Lara abokatuak nabarmendu du Argentinako kereilak «mugarria» ezarri duela estatuaren indarkeriaren «zigorgabetasunaren» aurkako borrokan. Lehen aldiz, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an egindako estatu krimenaren biktimek prozesu judizial bat aurrera eraman dute, eta, horren ondorioz, Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia auzipetu dute giza hilketa larriagotuagatik, gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan. Lararen ustez, auto hori «Espainiako bidegabekeriaren eta zigorgabetasunaren aurkako borrokaren hamarkada hauetan guztietan eman den pausorik garrantzitsuena izan da». Gogoratu du, halaber, Martin Villaren aurka Argentinan irekita zegoen auzibidea etetea onartu zuela Argentinako Ganbera Kriminal Federalak, baina ebazpen haren aurkako kasazio helegitea jarri dutela, eta, beraz, auzibidea ez dela bertan behera geratu. «Martin Villa oraindik inputatuta dago gizateriaren aurkako delituengatik».

Osteguneko ekitaldiak
Gasteizko gertakarien urtemugaren harira antolatu diren ekitaldi guztietara joateko deia egin du Martxoak 3 elkarteak gaurko agerraldian: besteak beste, EH Bilduk Zaramaga auzoan biktimen alde jarritako oroitarrian 12:30erako deitutako ekitaldi politikoan, eta baita ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek 18:30ean leku berean egingo duten omenaldira eta manifestaziora ere.

Babesa eta agerraldi eskea
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du martxoaren 3ko ekitaldiekin, ohar batean jakinarazi duenez. «1976ko martxoaren 3ko biktimei egiten diegun omenaldirik onena borrokan jarraitzea da, arlo publikoaren eta erruz ordaindutako konkisten defentsan, eta preskribatzen ez duten gizateriaren aurkako krimenengatik justizia exijituz».

Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategik idazki bat erregistratu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean eskatzeko Martin Villa Giza Eskubideen Batzordera joan dadin 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskian izandako loturari buruzko azalpenak ematera. «Egia entzutea eta jakitea merezi dugu. Biktimek merezi dute, eta berak erantzun behar du», esan du Gorrotxategik.

Era berean, Elkarrekin Podemos-IUk omenaldi ekitaldi guztietan parte hartuko dutela iragarri du, eta bertan parte hartzera deitu du bere militantzia osoa. Podemosek eta Izquierda Unidak omenaldia egingo diete biktimei Zaramagako oroitarrian ostegun honetan, 11:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.