Lan gatazkak

Vulcanizados Zuloaga greba eskubidea urratzen ari dela salatu dute

Langileek 247 egun daramatzate greban, eta auzitara jo dute. Argudiatu dute enpresak beharginak ordezkatu dituela eta produkzioa atera duela.

Greban dauden langileak, enpresaren aurrean. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 1a
17:01
Entzun

Zaratamoko (Bizkaia) Vulcanizados Zuloaga ez da enpresa oso handia: 42 langile ditu, baina haietatik 32 daude greban iaztik. Gaur, 247. eguna egin dute, eta Bilboko Lan Arloko 2. Epaitegian izan dira. Zuzendaritza grebarako eskubidea urratzen ari dela iritzita, salaketa jarri dute han. Bi argudio erabili dituzte hori gertatzen ari dela azaltzeko. Batetik, ikusi dute zuzendaritza greban dauden langileak ordezkatzen ari dela, besteak beste, mobilizazioan parte hartzen ari ez diren beharginak greban daudenen lanpostuetan aritzera behartuz. Eta, bestetik, berretsi dute enpresak produkzioaren zati handi bat kanpora atera duela, beste lantegi batera, Andoaingo (Gipuzkoa) Cortusara. Greban dauden langileek azaldu dutenez, hango kudeatzailearekin bildu dira, eta hark aitortu die Vulcanizados Zualoagarentzat egiten zituzten lanak «hamar aldiz» handitu direla greba hasi zenetik.

Argudio horiekin jo dute auzitara. Ez zen haien asmoa, baina, azaldu dutenez, «beste erremediorik» ez dute izan. Lan Ikuskaritzan salaketa jar zezaketen, baina aukera hori baztertu dute Novaltiako langileen kasuan erakunde horrek zein jarrera agertu duen ikusi ondoren —954 egun daramatzate greban—.

Vulcanizados Zuloagakoek irregulartasunak ikusi dituzte lanuzteak hasi zituztenetik. Baina, haien ustez, larriena da denbora honetan guztian zuzendaritzak haiekin hitz egitera esertzeko asmorik erakutsi ez izana. Grebari ekin eta zazpi hilabetera bildu ziren aurrenekoz, otsailaren 4an, Eusko Jaurlaritzaren Preco lan gatazketan bitartekaritza lanak egiteko zerbitzuan. Zuzendaritzak beste proposamen bat eskatu zien beharginei, eta haiek «berehala» helarazi zioten. Erantzunik jaso gabe jarraitzen dutela salatu dute.

Testu horretan aldaketa batzuk jaso dituzte. Aurrenekoan, maila guztietako langileen soldatak igotzeko eskatu zuten; orain, azpiko hiru mailakoenak igotzeko eta gainerakoei KPIaren araberako eguneratzeko. Langile gehien biltzen dituen kategorian 1.000 euro ingurukoa da hileko soldata —17.159 euro gordin urtean—, eta badira hortik behera jasotzen dutenak ere. Hori gertatzen da Espainiako industria kimikoko hitzarmena aplikatzen dielako enpresak. Sektore horretan ez dago euskal itunik, eta greban dauden langileak enpresa hitzarmen propioa eskatzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.