Lan merkatua

Otsailean, 747 langabe gehiago

Gizarte Segurantzak, ordea, 3.785 kotizatzaile irabazi ditu. Kontratu berrien %15 izan dira mugagabeak.

Nafarroan handitu da gehien langabezia. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 2a
09:25
Entzun

Otsaila ez da hilabete ona izan Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, 149.508 lagun daude langabe gisa erregistratuta enplegu bulegoetan, urtarrilaren amaieran baino 747 gehiago.

Egia da, ordea, lurralde batetik bestera alde handia dagoela. Nafarroan gora egin du nabarmen langabeen kopuruak (+876), eta Araban ere langabe gehiago batu dira zerrendetara (+193). Emaitzak hobeak izan dira Gipuzkoan (-259) eta Bizkaian (-63). baina ez dira nahikoa izan goranzko joera orokorra geratzeko.

Azken urtean, nabarmen behera egin du langabezian daudenen kopuruak: 2021eko otsailean baino 22.506 langabe gutxiago daude.

Gora egin du, berriz, Gizarte Segurantzaren kotizatzaileen kopuruak: duela urtebete baino 33.686 afiliatu gehiago daude, eta horietatik 3.785 aurreko hilean hasi dira lanean.

Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, otsailaren amaieran 5.802 langile zeuden aldi baterakoerregulazioan, eta 3.393 autonomo ari ziren COVID-19aren ondorioz sortutako langabezia sari berezia jasotzen.

Kontratu mugagabe gehiago

Kontratazioari dagokionez, asko handitu da kontratu mugagabeen kopurua, aurreko urteetakoekin alderatuz gero. Orotara, 90.000 kontratu izenpetu ziren otsailean Hego Euskal Herrian, eta horietatik 13.684 izan dira mugagabeak, hau da, %15,2. Urtarrilean ere %10etik gora izan ziren, eta lan erreformaren ondorio izan zela nabarmendu zuen Espainiako Lan Ministerioak, legedi berriak oztopo gehiago jartzen dituelako aldi baterako kontratuak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.