Ukrainarrak, poloniarren babesean

Mugimendu handia dago egunotan Dorohusken, Ukraina eta Polonia arteko mugan: gerratik ihesi datoz batzuk; haiek laguntzera beste batzuk. BERRIA gerratik ihesi doazen errefuxiatuen igarobide horretan dago, haien berri handik bertatik emateko.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2022ko martxoaren 2a
10:54
Entzun

Metalezko hesi batzuek bereizten dituzte bi mundu. Honantz jendetza dago, kamioiak eta autoak ere bai, geldirik bazterretan, baina harantz ezin ikusi zer dagoen. Polizia garai batek alto eman, eta atzera egiteko dio polonieraz, handik ezin dela pasatu. Hitzak ulertu gabe ere, keinuak unibertsalak dira. Polizia asko dago inguruan, militarrak ere bai, eta iheslariak, eta borrokara itzuli nahi dutenak, eta boluntarioak, Dorohusk haien denen pasabide bilakatu baita egunotan: Poloniak Ukrainarekin partekatzen dituen guneetako bat da, errepide nagusietako bat iristen den lekua.

Aspaldian itxirik dagoela dirudien taberna, denetarik daukan denda, eta dirua aldatzeko etxola bat ziren orain arte, itxuraz, mugalarien eta 500 biztanle inguruko herritarren bilguneak, baina orain kafea eramateko eskaintzen duten denda-kamioi pare bat eta beste horrenbeste supermerkatu inprobisatu dituzte. Komun batzuk ere bai. Dena da doan, denak dira inguruko herritarrek ekartzen dituzten produktuak, baina, inprobisazioaren barruan, antolaketa zorrotza da.

Autobus bat geratu da, eta jendea jaitsi gabe igo dira bi boluntario kaxa handi bana bete kafe eskuan. Autoz datozenei ere eskaintzen diete edatekoa eta jatekoa dozenaka boluntariok. Bi emakume gazte ari dira kamioi txikian termoak irekitzen eta irakindako ura kafe disolbatuarekin nahasten kartoizko edalontzietan, kolpean iritsi diren bidaiariei bero pixka bat emateko prest. «Tori zuretzat ere», dio gazteenak, hitz egitera geratu gabe. «Denentzako daukagu hemen». Boluntarioak kaxa hustuekin jaitsi dira. Badoa autobusa, bidaiariek agur egin bitartean.

Irakurri gehiago: NBEk uste du lau milioi ukrainarrek utz dezaketela herrialdea

Beste autobus bat iritsi da Ukrainatik, eta oraingoan bidaiariak jaitsi egin dira. Pargma Bunkok salto egin du, ahizpak ere bai, atzetik, arin. Amari gehiago kosta zaio. Rivnetik datoz. «Autobuseko denok gara Rivnekoak». Ama isildu gabe ari da, baina Bunkok nahiago du ez itzuli zer esaten ari den. Isiltzeko keinua egin dio. «Haserre dago. Bidaia guztia egin du madarikazioka». Bunko ez dago haserre, «triste» baizik. Duela astebete, «giroan tentsioa» nabari zuen, baina ez zuten espero «inondik inora ere» gertatzen ari dena. «Gure hiria kaltetuta dago; hildakoak daude, errusiar soldatuak leku guztietan, eta Poloniara etorri gara herritar asko, hainbat lekutara. Gutako askok senideak ditugu Polonian». Varsoviara doa autobusa. «Nire aitaren lehengusu batzuk bizi dira han, eta haien etxera joango gara». Aita Ukrainan utzi dute, «borrokan».

Ez daki zer egingo duen bihartik aurrera. Dantzalekuetan sartzeko adina bete berri du, baina ez dago festetarako. «Unibertsitatea ere utzi behar izan dut, eta orain, auskalo. Lehenbailehen itzuli nahiko nuke. Hau berehala igarotzea espero dut». Aitak kezkatzen du batez ere. «Gu salbu gaude, baina gure aita, anaia eta semeak ez». Ia denek dute senideren bat borroka frontean, nahiz eta, bere aitak bezala, askok ez duten armarik sekula hartu. «Borrokatzera deitu dituzte, eta gehienak bi aldiz pentsatu gabe joan dira», dio, harro. Ahizpak, baietz, burua gora eta behera mugituz. Amak ez dio alabari kasu egin, eta marmarrean jarraitzen du.

Denetarik eskaintzen duten postura gerturatu dira ama-alabak. Emakume batek erakusmahaiaren bestaldeko kaxak erakutsi ditu: ogitartekoak, esnea, konpresak, xaboia, gosaritarako zerealak, goxokiak... Zakur eta katu jana ere eskaini die. Gauza asko hartu dituzte, baina ez dute animaliarik. Inguruan era guztietako zakurrak daude. Badira makina bat katu ere, jabeen etxe eramangarrietan, goxo. Zerbait jan, hankak askatu, motxilak bete, eta sartu dira berriz ere autobusera.

Poloniako boluntarioak

Autobusez ez ezik, autoz eta oinez ere badator jende asko Ukrainatik, baina kontrako bidetik ere badatoz, Poloniako hainbat herri eta hiritatik. Anna Lagowska-Lewinska alabarekin etorri da Varsoviatik. Hirugarren bidaia du mugara, Errusia Ukraina bonbardatzen hasi zenez geroztik, duela astebete. Bi auto dituzte, hainbat gauzaz karga-karga eginda. Bi ume eta lau emakume jasoko dituzte oraingoan, eta Chelmera eraman, Dorohusketik 26 kilometrora ireki duten aterpetxe batera.

Igandera arte joan-etorrian ibiliko dira, jendeak eramateko eskatzen dien lekura, eta buelta. «Hona etorri gara hainbat pertsona jasotzera. Ukrainako gizon batzuk ekarri ditugu lehenik, borrokaa itzuli nahi izan baitute. Varsoviako autobus geltokian hartu ditugu, eta, orain, hemen jendea hartu, eta itzuli egingo gara. Lo egiteko lekua, jatekoa eta babesa eskaintzen dizkiegu, beharrezkoa dutenean laguntzeko. Jende asko etortzen ari gara gure kabuz, eta ahal dugun guztia laguntzen saiatzen gara».

Autoan eramango dituenetako bat da Sryna Matveichueck. Kiev hiriburutik Rivnera joan zen lehenik, autoz, lehengusu batekin, eta autobusez heldu da mugara. Haurdun dago, «sei hilabeteko». Sabela borobilean laztanduz, hizketan hasi da. Ez du kamera aurrean atera nahi, hitz egin ere ez hasieran, baina pixkanaka lasaitu da, eta senarraz egin ditu lehen hitzak. «Borrokan geratu da, baina nik atera egin behar nuen. Bistan da horrela ezin naizela han geratu». Senarra ondoan nahi luke, baina «herrialdea defendatzeko» geratu da: «Seme-alabek etorkizun bat izateko. Gure herria handia da, eta defendatu egin behar dugu».

Ez zuen «inolaz ere» Ukrainatik joan nahi. «Duela egun batzuk zoriontsu nintzen, eta bat-batean hau dena gertatu da. Oraindik ez dut sinesten». Jertsearekin lehortu ditu masailetik behera erori zaizkion bi malko, baina arnasa hartu eta irribarre egin du. «Orain garrantzitsuena hau da», sabela ukituz. «Une honetan, Kiev ez da segurua; Kievetik kanpo ere ez zaude seguru, ospitaleetan ere ez, eta nik oraintxe bertan horixe behar dut, nire alaba jaiotzeko leku seguru bat». Lagowska-Lewinskak sorbalda igurtzi dio, eta besotik hartu du. Autoan sartu dira.

Laguntzaile ukrainarra

Denborak aurrera egin ahala, mugimenduak errepikatzen diren neurrian, mugaren haranzko hertsitasuna hasieran uste baino malguagoa bilakatzen da. Gizon talde bat dago poliziekin hizketan. Denbora egin dute zain, auto batean sartu eta Ukrainarantz muga igaro bitartean. Errepidea zeharkatu du Anton Hnybidak, haiekin hizketan jardun eta gero. Kazetariak gerturatu zaizkio bat-batean.

Ez doa Ukrainara: «Nik ez dut esperientzia militarrik». Mugan geratzera etorri da bera. Ukrainarra da, baina Iraketik iritsi da hona, laguntzeko asmoz. Muga zeharkatu nahi dutenekin hitz egiten du, «bestaldera» doazenekin. «Boluntario asko daude Ukraina askatzeko prest: esperientzia militarra dutenak, medikuak...». Uste zuen baino prestasun handiagoa dago gerrako ukrainarren aldean. «Ukrainako armada oso prest dago gerrari aurre egiteko. Ni hemen lagungarriago izan naiteke han baino».

Zalaparta gutxiago ateratzen dute Liang Justinek eta Chen Zoeyk. Izkina batean daude, Lublin jartzen duen pankarta bat eskuan dutela. Dorohusketik ehun bat kilometrora dago Lublin, Polonian, eta ordubete pasatxo dago autoz Dorohusketik. Haiek dagoeneko lau ordu daramatzate zain, inork hirira joan nahiko balu ere. «Ukrainarrak hartzera etorri gara, haiei laguntza eta babesa ematera», erantzun du Chenek. Lublingo Eliza katoliko bateko kide dira, eta bizilagun dituztenekin sare bat osatu dute ukrainarrak etxean hartzeko. «Atzo ere hemen izan ginen. Ikasleak gara, eta denbora dugu laguntzeko».

Liang eta Zoey bezala, luze daramate edadetutako bi gizonek eta emakume batek errepide bazterrean, mugitu ere egin gabe, zirilikoz idatzitako kartelak eskuan. Mugatik auto bat sartzen den bakoitzean, adi begiratzen dute, baina oraingoz ez zaie inor gelditu. Gerratik ihesi datozenak hartzeko zain geratuko dira, joan-etorriaren erdi-erdian, behar den arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.