Ukrainako mugan, harrera «beroa» errefuxiatuei

Chelmeko baptisten eliza aterpetxe bilakatu da egunotan, errefuxiatuei harrera egiteko. Hirurogei bat boluntario ari dira lanean, eta 220 ohe dituzte. Iheslariak «oso eskertuta» daude herrian izan duten harrerarekin.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2022ko martxoaren 3a
16:06
Entzun

Eliza Baptista etxeen artean ia bereizten ez den adreiluzko eraikin bat da Chelmen (Polonia), Ukrainako mugatik 26 kilometrora. Joan den igandean eman zuten azken meza. Ordurako 60 bat ohe prestatuak zituzten, elizaren beste gela batzuetan, baina astelehenean aulki guztiak-eta baztertzea erabaki zuten, mugaren bestaldetik laguntza eske zetorrenarentzat lekua egiteko. Orain aldarea ere ohez betea dago.

Elizara igandero errezora doazen emakumeak, berriz, sukaldean txandaka antolatu dira. Otordurako denbora dute oraindik, baina patatak zuritu eta zuritu ari dira solas animatua tarteko. Arrain usaina duen zopa moduko bat dute kal-kal eltzeetan, eta Henrik Skrzypkowski apaizak goilara sartu du eltzeetako batean. «Very good» (oso ongi) ozen esanez joan da jangelara, sukaldariak barrez utzita. Skrzypkowski batetik bestera dabil, dena bere lekuan dagoela ikusten, telefonoa jo eta jo duela. «Ez da erraza hau dena aurrera ateratzea, baina zazpi seme-alaba ditut, eta hiru Downen sindromearekin. Badakit zer den lan egitea».

Etxeko txoko guztiak erakusten ari da, eta gela batera sartzen den bakoitzean grabatzeko eskatu du. «Erakutsi ondo gure elizan zer egiten dugun». Elizako gela nagusian oheak bata bestearen ondoan pilatzen dira. Abesbatzak kantatzen duen tokia ere logela bat da. «220 ohe daude, eta beste 30 jarriko ditugu, baina ez dira gehiago kabitzen. Dena den, ez dugu inor kalean uzten. Gurean tokirik ez badago, Chelmeko beste aterpetxe batzuetara eramaten ditugu, eta orain arte ondo moldatu gara. Hau da orain egitea egokitu zaiguna, eta nik oso pozik laguntzen diot behar duenari. Etxera eramango nituzke beharrezkoa balitz». Lau babesleku ezarri dituzte Chelmen, Dorohuskeko mugara iristen direnentzat.

Lana egiteaz gain, agintzen ere badaki Skrzypkowskik. Bi mutil gazte elkarrizketan ari dira, lasai eserita, eta apaizari ez zaio asko gustatu. Sukaldeko txoko batetik bi erratz hartu eta eman dizkie. «Egongela txukundu, mesedez», esan du ingelesez. «Israeldarrak dira, eta laguntzera etorri dira hona». Bertako 30 boluntarioz gain, 40 inguru etorri dira atzerritik eta Poloniako beste hainbat lekutatik. Kanpotarrak alemaniarrak dira gehienak.

«Ezin ditugu begiak itxi»

Gazte alemaniar bat elizatik bi maletatzarrekin atera da, eta autoan sartu ditu. «Bagoaz Koloniara». Presaka dabil, eta bere burua aurkezteko astirik ere ez du hartu. Emakume bat eta haren bi alaba eramango dituzte etxera. «Hainbat familia hartzeko prestatu gara lagunak. Egoera honen aurrean, ezin ditugu begiak itxi. Atzo heldu ginen, eta gaur bertan bagoaz».

Izan ere, iheslariek ez dute denbora asko egingo aterpetxean. «Gu bihar edo etzi bagoaz, Poloniako beste puntara», azaldu du Iryna Tokartxukek. Volodimir-Volinskikoa da, eta Gdanskera joango da bi alabarekin. «Senarrak ekarri gintuen hona, baina bera itzuli egin da». Ez du erantzun nahi izan zertara.

Tokartxuktar emakumeek, ordea, alde egitea erabaki zuten. «Ez zen batere segurua, eta horregatik alde egin genuen. Jainkoaren laguntzaz espero dezagun gerra amaitzea, eta lehenbailehen Ukrainara itzuli ahal izatea». Bere bi alabek ere, Miroslavak eta Lianak, gauza bera nahi dute: «Bakea lehenbailehen ezartzea, eta gure herrialdera eta gure bizitzetara itzuli ahal izatea». Uste zuten astebete-edo egingo zutela Polonian, baina «beldur» dira gerrak luzerako joko duela.

Elkarrekin daudelako, «elkarri babesa ematen», eramangarriagoa zaio egoera Irinari, eta piano bat izateak ere bai. Oheen artean dago, eta han eseri da. Oso ondo jotzen du, eta alabak kantuan jarri ditu, doinu hunkigarriak emateko. «Musika eskolan ikasi nuen pianoa jotzen, eta alabek ere musikarekin lotura handia dute». Errepertorioa amaitutakoan ume batzuk gerturatu dira pianora, eta harmonia bihurriak egin dituzte, teklak beldurrik gabe astinduta.

Gizon zahar bat sartu da gelara, eta laguntza eskatu du. «Gure etxeko beteranoa da», esanez agurtu du apaizak. «Arropaz arduratzen da. Chelmeko dendetan ematen diotena ekarri eta jartzen du txukun-txukun gela honetan». Gale txiki bateko apalek horma guztiak hartzen dituzte, eta umeentzat eta emakumeentzat bereizita daude. Gizonentzat apenas dagoen arroparik, ez baitago gizonik iheslarien artean. Ukrainan geratu dira gehienak borrokan.

Haurrak, ordea, badaude, eta asko gainera. Laguntzera joandako boluntarioetako batzuk haiekin aritzen dira. «Hasieran ez genuen jostailurik ere, baina Henrikek bazter guztiak mugitu zituen berehala, eta begira orain zenbat jostailu ditugun. Gazteentzat ping-ponga ere jarri ahal izan dugu».

Astelehenean iritsi zen Uri Meyselman israeldarra Haifatik, erratza pasatzen ari diren bi lagunekin, eta hitz egiteko gogoa du, ezer galdetu gabe ere gerturatu baita. «Umeak moldatzen dira azkarren egoera hauetara. Lagunak egiten dituzte gainera, eta festa bat da haientzat egoera hau».

Isiltasun barnekoia

Egongelan bi emakume daude egonean, isilik. Beste bi eseri dira haien ondoan, baina ez dute hitz egiteko gogorik. Nork bere pentsamenduetan dauka gogoa, harik eta ume txiki batek haietako baten gona astindu duen arte, negarrez. Zer edo zer esan dio amak ukraineraz, eta magalean hartu du.

Lasaitu bezain pronto egin du salto amarenetik, eta joan da lagunekin jolastera. Umeak korrika dabiltza batzuk, margotzen beste batzuk, baina jateko ordua gertu dagoela nabari da, haietako batzuk sukaldera sartzen baitira, zer dagoen ikustera.

Kristina Juamyszczukek esertzeko esan die. Zopa itxura zeukana saldarik gabeko masa bat da orain. «Ukrainako espezialitateetako bat da», esan du Skrzypkowskik sukaldariaren hitzak itzuliz. «Berotzeko onena», dio barrez. «Triste etortzen dira hona emakumeak, eta penak kentzeko onena sabela haien gustuko diren gauzekin betetzea da».

Plastikozko platerak kiskali egin dizkio eskuak sukaldariari, eta azkar utzi ditu bi umeren aurrean. «Kontuz gero, beroa dago eta». Emakumeak ere eseri dira, eta sukaldetik bost emakume atera dira, denak platerak eskuan dituztela.

«Zu ere eseri!», esan duela dirudi. Apaiza telefonoz ari da, eta ez dago itzulpen lanak egiteko, baina sukaldaria eserlekuari begira jarri da, eta keinu egin du. Berehala etorri da plater betearekin. Goseak egon ala ez, ez dago modurik ezezkorik esateko. Atuna dauka, asmatzea zaila den beste osagai batzuen artean. Goraino dagoen kafe edalontzi bat ere jarri du plateraren ondoan, ezer galdetu gabe, eta ondoan eseri da, kontu kontari, zerbait ulertuko balitzaio bezala.

Sabela beterik eta emakumeen istorioak gogoan alde egin du bisitariak. Apaizak eta sukaldariak agur esan diote aspaldiko lagunak balira bezala. «Nahi duzun arte. Badakizu non gauden».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.