Metalgintza

Aurrerapen batzuk aitortu arren, sindikatuek protestei eutsiko diete Arabako metalgintzan

Subrogazioaz hitz egiteko prest azaldu da SEA, eta proposamen bat egiteko eskatu die sindikatuei. LABek uste du grebarako garaia dela.

Sindikatuek deituta, manifestazioa egin zuten otsailaren 19an Gasteizen. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2022ko martxoaren 4a
17:48
Entzun

Jarrerak urrun jarraitzen dute oraindik Arabako metalgintzan. Patronala eta sindikatuak hirugarren aldiz elkartu dira gaur, Gasteizen, hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi zituztenetik, baina huts egin du saioak ostera. Sindikatuen esanetan, aurrerapen txiki batzuk izan badira ere, eskaera nagusiei erantzun gabe jarraitzen du patronalak. Hori dela eta, aurreratu dute mobilizazioei eutsi egingo dietela datozen asteetan ere.

Protesta bateratua egin dute goizean ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzaren aurrean; dozena bat manifestari bildu dira bertan, metalgintzako sektorearentzat «hitzarmen duina» eskatzeko. Batera egiten ari dira bidea sindikatuak urte hasieraz geroztik, ituna berritzeko negoziazioei berriz ekin zietenetik. Izan ere, mahaia bildu gabe egon da ia urtebetez. Sindikatuek SEA patronalari egozten diote aldi baterako lan enpresen erabilera ez mugatzea, azpikontraten subrogazioa itunean sartu nahi ez izatea eta lanordu kopurua ez doitzea, besteak beste. Baita soldatak KPIaren arabera ez eguneratzea ere.

Bada, diru kontuetan ez, baina eskaera batzuetan «aurrerapen txikiak» egon direla aitortu dute sindikatuek. Esaterako, subrogazioaren inguruan negoziatzeko prest azaldu da patronala, aurreko bileratan ez bezala, eta proposamen zehatz bat egiteko eskatu die sindikatuei. CCOOren arabera, «joera aldaketa bat» ekar lezake horrek, betiere aldaketa hori mamitzen bada negoziazioan, eta keinu hutsa ez bada.

Alde horretatik, baikor azaldu da ELA, eta «benetako negoziazioa izateko jarrera» aitortu dio SEAri. Ohartarazi dio, baina, sektoreko erronkei erantzutea eta prekaritatea amaitzea dutela helburu, eta, bide horretan, ez duela aurrerapausorik eman gai garrantzitsuenetan: «Ez dago lanaldi jaitsierarik, ez dago KPIaren igoerarik, ez dago hobekuntzarik gaixo agirietan, ez dago hobekuntzarik malgutasunean...», salatu du. Hori dela eta, iragarri du protestekin jarraituko duela. Hala jakinarazi du CCOOk ere.

Greba eskaria

LABek ere bat egin du gainerako sindikatuen analisiarekin, eta aitortu du «mugimendu txikiak» egon direla patronalaren partetik. Sindikatuaren iritziz, orain arteko mobilizazioen ondorio izan dira, ordea. «SEAk bere burua behartuta ikusi du, mobilizazioen ondorioz, aldaketa txiki batzuk egitera, baina sektoreko arazo nagusiei erantzun gabe jarraitzen du», salatu du oharrean.

Hori dela eta, LABek uste du patronalaren negoziatzeko borondatea «ziurtatu gabe» dagoela. Eta protestak gogortzeko garaia dela iritzi dio. Hain zuen, iritzi dio grebarako garaia dela, eta horrela jakinarazi die plataforma bateratua osatzen duten gainerako sindikatuei: «Momentu egokiena da sei sindikatuok mobilizazioak indartzeko». Hilaren 25ean elkartuko dira berriz bi aldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.