Albistea entzun

Euskal Elkargoaren batzarra

Turismorako bizitegien konpentsazio neurria ezartzea onartu du Euskal Elkargoak

Urte osoko alokairurako bizitegi bat eskaini beharko dute jabeek. 11.000 bizitegi libratzea espero dute hautetsiek. 689 milioi euroko aurrekontua izanen du Euskal Elkargoak 2022rako.

Gaur goizean egiten ari dira Euskal Hirigune Elkargoko batzarra
Gaur goizean egiten ari dira Euskal Hirigune Elkargoko batzarra Berria Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko martxoak 5

Euskal Hirigune Elkargoak turismorako bizitegien hazkundea oztopatzeko neurria onartu du, gaur goizean egin duen batzarrean. 220 hautetsik parte hartu dute bozkan, eta horietarik 169k eman dute aldeko bozka. Heldu den ekainetik aitzina, turismorako bizitegi bat alokagai duten jabeek urte osorako beste bizitegi bat eskaini beharko dute, konpentsatzeko. Beren etxebizitza nagusia urtean 120 egunez baino gehiagoz alokatzen duten jabeei dagokie neurria, baita bigarren etxebizitza aldi baterako alokairuan eskaintzen dutenei ere. Konpentsatzeko bizitegia hiri berean eskaini beharko dute, eta gutxi gorabehera ezaugarri berak izan beharko ditu.

Bi salbuespen ezarri dituzte. Urtean zehar bederatzi hilabetez ikasleei alokatzen dieten jabeek gainerako hiru hilabeteetan turismorako baliatu ahalko dute. Turismorako etxebizitza beraien etxebizitza nagusiaren eraikin berean duten jabeak ere salbuetsiak izanen dira. Azken hilabeteetan eragile sozial eta politiko andanak plazaratu dute konpentsazio neurria ezartzea. Iazko azaroaren 20an Baionan etxebizitza eskubidearen alde manifestazioa antolatu zutenen aldarrikapena zen. Euskal Elkargoak hartutako neurri hori etxebizitzari dagokionez «tentsio eremuan» sartzen diren Lapurdi kostaldeko 24 herritan aplikatuko da.

Daniel Olzomendi Turismo gaietarako Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari ordeak aurkeztu du hautetsiei egindako proposamena. «Azken 30 urteetan erabateko lerratzea izan da; ezin dugu horrela segitu», erran du. Haren hitzetan, azken bost urteetan izan da gorakadarik handiena. Jabe anitzek alokairuan zituzten etxebizitzak berreskuratu dituzte, turismorako baliatzeko. Turismo alokatzeak proposatzen dituzten plataformek egin dituzten kritikei ere erantzun die: «Duela bost urte ere bazen ekonomia turistiko bat, ez du honek oztopatuko». Filipe Aramendik ere ildo beretik jo du: «Gaur egun turismora bideratuak diren etxebizitzak urte osoko alokairura bideratu behar ditugu berriz. Erraten digute etxe jabeek dirua galduko dutela, baina ez da egia; urte osoko alokairuarekin ere dirua irabaziko dute».

Hautetsi andanak babestu du neurria, ezkerrekoek zein eskuinekoek. Hala, Maider Arostegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapez eta Errepublikanoetako auzapezak bere herriko adineko emazte baten adibidea eman du: bizitegia alokatzen zion jabeak etxebizitza berreskuratu nahi izan du, turismora bideratzeko. Horrelako adibideak anitz direla baieztatu zuten batek baino gehiagok.

Azken asteetan, turismorako bizitegiak eskaintzen dituzten plataformak ere hasi dira mobilizatzen. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren arabera, neurria Administrazio Auzitegira eramateko mehatxua egin diote. Konpentsazio neurri hori ez da berria; jadanik hartu izan dute Paris bezalako Frantziako Estatuko hiri nagusi batzuetan. Horietan ere Administrazio Auzitegira jo zuten, baina ez zuten neurria bertan behera uztea lortu.

Kotte Ezenarro kontra

Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapeza izan zen kontra ahotsa altxatu zuten bakarrenetako bat. «Zinezko arazo bati» ematen zaion «erantzun okerra» da, adierazi du. Bere hiriko adibidearekin ilustratu du: galdeketa bat egin dute, eta gaur egun etxebizitza turismora bideratzen dutenen %3k baizik ez lukete urteko alokairura bideratuko neurria pasatuko balitz. «Beldur naiz horietako anitzek etxebizitza saltzeko hautua ez duten eginen, hemengo herritarrentzat eskuragarria ez den merkatuko prezioan. Urte osoan alokatzeko beharrik izango ez luketen dirudun batzuen esku geldituko lirateke».

Guillaume Barucq Miarritzeko hautetsiak ere kezkak agertu ditu neurriak eman ditzakeen emaitzei buruz, baita Donibane Lohitzuneko hautetsiek ere. Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapezak, bere aldetik, neurria babestu du, ezarri dituen salbuespenekin «oreka bat» lortu dutela ebatzita.

Jean Rene Etxegarai lehendakariak hartu du azken hitza. «Batzuek deitoratu duzue gehiegi izatea, beste batzuek ez dela aski. Seguruenik erran nahi du oreka egokia atzeman dugula».

Finantzak jomugan

2022. urterako aurrekontuari buruzko bozketa ere egin zuten atzoko batzarrean batu ziren hautetsiek. 689 milioi euroko diru saila onartu zuten: 407 milioi euro funtzionamendurako eta 190 milioi euro inbertsiorako. Egindako proposamenaren alde gehiengo zabal batek bozkatu bazuen ere, hitza hartu zuten hautetsiek kritika zorrotzak egin zituzten Euskal Elkargoaren finantza egoerari buruz.

Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta Aturri-Errobi lurralde eremuko erreferenteak «lurralde ekitatea eta lurralde elkartasuna» aipatu zituen, ekipamenduei begira oreka bilatu beharko litzatekeela argudiatuta. Aurrekontuaren aurkezpen zehatzagoa eskatu zuen, politika bakoitzeko eta lurralde bakoitzeko zenbat inbertitzen den erakutsia izan dadin. Proiektuen eraikuntza deskontzentratzeko beharra ere azpimarratu zuen, «eskatzaile-emaile» eskematik ateratzeko. Eta gastuen emendatzea ere kritikatu zuen, bereziki funtzionamendu gastuena. «Langile gastua %9 emendatu da urte batez». Gastuen emendatzeak elkargoaren inbertsio gaitasuna murrizten duela ohartarazi zuen. Abstenitu zen.

Peio Etxeleku Errobi lurralde eremuko erreferentearen hitzetan, seigarren aurrekontua da norabide berean. «Kezka» agertu zuen, eta «funtzionamendu gastuaren hazkunde zentzugabe eta inkontrolatua» salatu zituen. «Deriba», «antolaketa zentralizatu eta teknokratikoa»... Hitz gogorrak izan zituen. Egoera horrek hautetsiak «gero eta urrunago» uzten dituela deitoratu zuen. azkenik, inbertsioen inekitatea ere salatu zuen, proportzionalki diru gehien Baiona-Angelu-Miarritze eremuak jasotzen duela gaitzetsita. Txosten batean bildu du azken urteetako bilakaera eta hautetsiei helarazi die. Aurrekontuaren kontra bozkatu zuen.

Kontra bozkatu zuten ere Sandrine Dervillek eta Mathieu Bergek. Etxelekuren argumentuekin bat eginez funtzionamendu gastuen emendatzea kritikatu zuten biek ala biek. Ororen buru, 133 hautetsik bozkatu zuten aurrekontuaren alde, 27k kontra eta 46 abstenitu ziren.

Aurekontua defendatu zuen Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak. «Hautetsi gutxi batzuk entzutean iduri du paretaren kontra goazela». Bere hitzetan, arazoa «beste nonbait» dago. Etxelekuk finantza egoerari buruz bidalitako dokumentua ere aipatu zuen «nardaturik», eta ondoko egunetan «puntuz puntu» erantzunen dutela jakinarazi zuen. Inbertsioen koherentzia defendatu zuen, eta inbertsio horiek lurralde osoari baliagarri zaizkiola. «Batzuek elkarrekin segitu nahi ez badute, badugu juridikoki aukera berriz banatzeko, baina orain arte hautetsi bakarr

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskarazko irakaskuntzaren aldeko protes bat, 2021ean ©Guillaume Fauveau

NBEk azalpenak eskatu dizkio Frantziako Gobernuari hizkuntza gutxituei buruz

Ekhi Erremundegi Beloki

NBE beldur da Frantziako Konstituzio Kontseiluak 'Molac legearen' kontra hartutako erabakiak Frantziako gutxiengo linguistikoen giza eskubideei kalte garrantzitsuak eragiten ahal dizkiela

Etxean Zaindu eta Zaintel aurkeztu dituzte ©Jaizki Fontaneda / Foku

Eusko Jaurlaritzak familia zaintzaileak laguntzeko bi zerbitzu aurkeztu ditu

Isabel Jaurena

Mendeko pertsonak zaintzen dituztenen eguneroko bizitza erraztea da helburua

Errigoraren agerraldia joan den larunbatean. ©/ Errigora

Errigorak diru bilketa antolatu du Nafarroako suteengatik

Isabel Jaurena

Etorkizunean halakorik berriz ez gertatzeko erabiliko dira irabazi guztiak.

Miarritzeko ordainlekua, artxiboko irudian. ©Nicolas Mollo

Gizon bat hil da Miarritzen izandako auto istripu batean

Berria

Miarritzeko ordainlekuan gertatu zen istripua, atzo. Bi emazte Baionako ospitalera eraman behar izan dituzte, larri. Bi haur arinki zauritu dira, eta Baionako ospitalera eraman dituzte horiek ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...