Hezkuntza

Hezkuntza sistema «zaharkitua» eraldatzeko deia egin dute

Hezkuntza plazara adierazpena aurkeztu dute; EAEn ontzen ari diren legea hizpide, gogoratu dute hezkuntzarako, inklusiorako eta euskalduntzeko eskubideak bermatu behar dituela

arantxa iraola
2022ko martxoaren 5a
14:00
Entzun

Hezkuntzarekin «konprometitutako» Euskal Herri osoko pertsonak elkartu dira gaur Hernanin, eta Hezkuntza plazara deituriko manifestua aurkeztu dute, lerroburu honekin: Oinarrizko Hezkuntza Akordioa. Eskubideetatik konpromisora. Gogora ekarri dute orain dela hamabost urte onartu zela lehen aldiz akordio hori, eta «berritzeko» deia egin dute: «Hezkuntza deialdia egitera gatoz, berritu dezagun Euskal Herriko oinarrizko hezkuntza akordioa». Atzean dagoen mugimenduaren garrantzia nabarmendu dute: «Badakigu milaka garela hezkuntza eskubideak bermatuko dituen hezkuntza sistema eraldatzearen alde gaudenak». Nora Salbotxek eta Asier Etxenikek irakurri dute adierazpena.

Hiru habetan oinarritu nahi dute akordioa. Batetik, hezkuntza sistemaren «oinarri sendoak» finkatzea ezinbestekotzat dute. Hezkuntza sistema «zaharkitua» eraldatzeko kapaz izan behar du: «Erronka berrietara egokitzeko». Bestetik, «hezkuntza eskubideen» inguruan ardaztu behar da eraldaketa: «Ikasle guztiek eskubide guztiak bermatzeko». Hirugarrenik, hezkuntza komunitateak eta administrazioak elkarlanean jardun behar dute, zuztarreko printzipioetan oinarrituta: «Kooperazioa, auzolana, elkarlana, batasuna».

Bide horietan lana galanki egin dela uste dute, baina ezinbestekoa dela sakontzen jarraitzea. «Egungo hezkuntza sistemek ez dute gehiagorako ematen, ez dute egungo erronkei erantzuteko gaitasunik». COVID-19aren izurriarekin, gainera, hezkuntza sistemaren «arrakalak» oraindik ere agerikoagoak egin direla uste dute. «Guretzat ez da aukera bat gauden lekuan gelditzea, gauza berdinak egiten jarraitzeak emaitza ezberdina emango lukeela pentsatzea. Elkarrekin pentsatzea eta herri bezala jardutea dagokigu erronka handiei aurre egin ahal izateko». 2020ko udazkenean egin zuten agerraldi bat horren gainean ohartarazteko, adi jarraitu behar dela uste dute.

Lege berriari buruz
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren hezkuntza lege berriaren oinarriei dagokionez, gogora ekarri dute hezkuntzarako, inklusiorako eta euskalduntzeko eskubideak bermatu behar dituela. Eskaerak helarazi dizkiete, zentzu horretan, talde politikoei, legea garatzeko prozesuan aintzat har ditzaten. Hezkuntza sistema «publikoak» izan behar du hitzartuko den akordioaren ardatza, eskoletako «segregazioa» gainditzeko neurriak zehaztu behar dira, eta «euskara ardatz eta euskal curriculuma oinarri» duen sistema lortze aldera jarri behar dira lege berriaren oinarriak.

Hiru eskubide horiek ezinbestean bermatu behar dira, eta beste hainbat aldaketari ere erreparatu behar zaie testu berrian: eraldaketa pedagogiko eta metodologikoak sustatu behar dira, hezkuntza komunitateen autonomia eta parte hartzea bultzatu behar da, hezkuntza sistema publiko bakarrera bidean urrats sendoak egin behar dira, eta euskal herritarrek hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidearen alde irmo egin behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.