Altuna III.a-Martija 22-15 Elezkano II.a-Zabaleta

Zoragarri dabiltza Altuna eta Martija

Finalaurrekoetako ligaxkako lehen puntua eskuratu dute, Elezkano-Zabaletari irabazita (22-15). Neurketaren bigarren zati bikaina egin dute.

Altuna eta Elezkano, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 6a
20:49
Entzun

«Aurkaria hobea denean, txalotzea besterik ez da geratzen». Hala aitortu zuen atzo neurketaren ostean Danel Elezkanok. Finalaurrekoetako ligaxkako lehen puntua lortu dute Altuna III.a-Martijak Bizkaia pilotalekuan, Elezkano-Zabaleta mendean hartuta (22-15).

Neurketaren lehen zatian eman eta jaso ibili ziren bi bikoteak. Aurreneko ligaxkan lehen bi postuetan sailkatutako bi bikoteak dira, eta hori nabaritu da kantxan: maila handiko neurketa ikusi dute pilotazaleek.

Hasieran, Elezkano izan zen asmatu zuena, baita Zabaleta ere (0-4), baina ez ziren gutxiago izan Altuna eta Martija. Behin eta berriz berdinketa erakutsi zuen markagailuak. 4-4, 10-10... 13-13ra arte: orduan hasi ziren neurketa hausten gorriak.

Defentsa lanetan bikain ibili ziren, eta tantoak bukatzen Elezkanok baino gehiago asmatu zuen Altunak (19-13). Martijak ere Zabaletak baino segurtasun gehiago eskaini zuen atzeko koadroetan. Itxura bikaina eman zuten biek. Urdinek, berriz, ez zioten eutsi hasieran erakutsi zuten sendotasunari. Lan asko eginda, lortu zituzten beste tanto pare bat, baina gaur egun asko behar da Altuna eta Martija mendean hartzeko. Azkenean, 22-15.

Altunak azaldu zuen zein izan den neurketaren gakoa: «Ez diegu partida dominatzen utzi, eta beraiek horretara ohituta daude». Oso pozik agertu zen, eta Martijaren maila bikaina goraipatu zuen.

Bitan jokatu zuten elkarren aurka ligaxkan, eta bietan nagusitu ziren Altuna III.a-Martija: 22-17 eta 22-13. Atzokoa hirugarrena izan da. Txapelketan sei garaipen jarraian daramatzate. Larunbatean, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko beste neurketan, Irribarria-Rezustak 22-20 irabazi zieten Laso-Imazi.

1.294 pilotakada

Atzo Bilbon jokatu zen jaialdiko lehen norgehiagoka ere albiste izan zen: bi ordu baino gehiago iraun zuen partidak, eta 1.294 pilotakada jo zituzten protagonistek. Astakeria bat; ahituta amaitu zuten pilotariek. Azkenean, Zabala-Oier Etxeberriak 22-21 irabazi zieten Zubizarreta-Eskirozi, eta Promozio Txapelketako finalaurrekoak jokatuko zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.