Albistea entzun

Korrika kulturala

Berregin dute anphora

Senperen hasi dute Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak 'Hautsi da anphora' diskoa gogoratzeko emanaldi bira. «Egungo belarriekin» eman dituzte orduko kanta eta testuak, eta Arestirekiko sentitzen duten oinordetza nabarmendu dute

Ruper Ordorika eta Bernardo Atxaga, Senperen, 'Hautsi da anphora' diskoa gogoratzen, Gabriel Aresti gogoan hartuta
Ruper Ordorika eta Bernardo Atxaga, Senperen, 'Hautsi da anphora' diskoa gogoratzen, Gabriel Aresti gogoan hartuta Iñigo Astiz Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko martxoak 7

Sortu zituzten kontrako norabidean eman zituzten atzo Senperen (Lapurdi) Ruper Ordorika musikariak eta Bernardo Atxaga idazleak Hautsi da anphora diskoko abestiak. Atxagak 1978an atera zuen bere lehen liburua, Etiopia izeneko poema bilduma, eta hango testuak oinarri hartuta osatu zituen bere lehen diskoa izango zenaren abestiak Ordorikak, 1980an. Dena zuten aurretik. Eta, hain zuzen ere, lau hamarkadako ibilbide oparo horren ondoren begiratu zioten Atxagak eta Ordorikak bi sortzaile gazte haiek egindako lanari atzokoan. Horregatik kontrako norabidearena: Senperen, euren iturbururantz aritu zirelako igerian. Ordu eta erdi inguruko saioa osatu zuten, orotara, eta erdi kontzertu eta erdi errezital moduko formatua izan zuen; Ordorikaren abestiak eta Atxagaren gogoeta zein irakurketak tartekatuz. Gaur bertan hasiko den Bilboko Loraldia jaialdiaren eskariz bildu dira berriz bi sortzaileak diskoa gogoratzeko, eta bost emanaldiko bira antolatu dute hurrengo asteetan Korrika kulturalaren babesean. Ibilaldi gaurkotu horren lehen urratsa ere izan zen atzokoa.

«Egungo belarriekin». Emanaldiko lehen momentutik bertatik azaldu zuen Ordorikak diskoko abestiak nola eskainiko zituzten. Diskoko ordena berean eta egitura eta hitz berberekin bai, baina baita eguneratuta ere. Berreginda, nolabait. Bixente Martinez, Arkaitz Miner, Hasier Oleaga eta Lutxo Neira musikariak izan zituen ondoan operazio horretarako, eta kontzertuko lehen abestitik geratu zen argi kantek izango zuten tonua. Diskoan ez bezala, talde osoak lagunduta abiatu baitzuen Hi hintzena abestia Ordorikak atzokoan, sarrera moduko horren ondoren taldea isildu, diskoa abiatzen duen gitarra arpegio gordin berbera azaltzen utzi, eta kantatzen hastearekin batera, berriz ere taldearen babesera bueltatzeko. «Hi hintzena,/ bi arraia zaharren gurutzaketa,/ galdu da, galdu haiz/ hautsi da anphora...».

Arestiren euskaraz eta Arestiren ziutatean

Gabriel Aresti izan zuen gogoan Atxagak bere lehen hitz hartzean. Haren Nire izena poema irakurri zuen lehen-lehenik — "Hiltzen naizenean egonen da/ nire lauzaren gainean eskribu hau:/ 'Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego./Pérez y López./ Marmolistas. Derio'»—, eta harekin izandako hartu-emana eta hari jasotako oinordetza izan zituen gogoan. «Ruper Ordorika bisitan joan zitzaion», gogoratu zuen idazleak, «eta galdetu zion zer idazten ari ote zen, eta Gabriel Arestik erantzun zion: 'Nire iturria agortu da'». Haren heriotza izan zuen gogoan ondoren, eta Atxagak onartuta, neurri batean, hark irekitako bideari jarraituz heldu ziren hala Etiopia liburua, nola Hautsi da anphora diskoa ere. «Orduko autore gazte batzuok haren hizkuntza, haren euskara klaroa eta hiria, ziutatea, Bilbo jaso genuen sari; hiri bat zeinetan herdoilaren tristeziarekin batera, lanbroa den, udazkenetan, soinekoa».

Eta Ordorikaren musika zuzenean gero: Herdoilarena.

Umorea izan zen nagusi Atxagaren hitz hartzeetan, halere. Pott bandako kideek Arriaga antzokian egiten zituzten bilkurak izan zituen gogoan, esaterako, eta barre algaraka jarri zuen publikoa bertako kafetegian eskaintzen zituzten Sandwich Arriaga izenekoen errezeta errezitatzerakoan. JK tabernako gin tonic-ak ere izan zituen gogoan beste une batean, Luigi Anselmi poetaren testu bat errezitatzerakoan, Juan Carlos Egillorren tira satiriko bat deskribatu zuen, eta Cantabrico jatetxeko pasartea ere bai, kasu horretan, Joxe Migel Iztueta Kortajarena Lazkao Txiki bertsolaria aipatuz. «Ez dago esaterik, ez zuelako izan garatzeko modu handirik, baina poeta handia zela uste dut, poesia zeramala bihotzean».

Nola jaten da platano bat?

Atxaga: «Lazkao Txikik berak kontatuta dakigu, halako batean, berari eta lagun bati platanoa atera ziotela, eta aurrenekoa aldia zen platanoa ateratzen zietela. Eztabaida handia izan zuten nola jan behar ote zen, azalarekin edo azalik gabe. Progresoa ez da txorakeria, eta gu handik urte batzuetara hara joaten ginenean, guk bagenekien nola jan behar zen platanoa. Halere, larri xamar ibiltzen ginen orduan berri-berriak ziren kiwiekin. Orduan, euskal kulturaren barruan, serio esan dezagun, badaude horrelako lotura sakon batzuk».

Eta Lazkao Txikiren Egunsentiari bertso sortaren amaiera errezitatu zuen ondoren idazleak, eta bertso horiek berak kantatu Ordorikak. Eta berriz kantuetara.

Bilbo izan zen emanaldiko gune nagusia, hain zuzen ere. Egileek behin baino gehiagotan azaldu izan dutenez, han ezagutu zuten elkar, han sortu zen Pott Banda, eta hango giroak ere esplikatzen du Hautsi da anphora diskoa. Etengabeak izan ziren saioan hiriari buruzko aipamenak, horregatik, eta, are nabarmenago egiten zuten erreferentzia hori eszenarioa behin baino gehiagotan janzten zuten Juan Carlos Egillor ilustratzailearen lanen proiekzioek. Tarteka, hark eskuz idatzitako hiriaren izenak hartzen zuen agertokiaren zati handi bat, esaterako: «Bilbao, Bilbao, Bilbao, Bilbao, Bilbao, Bilbao, Bilbao...».

Aurrerabide moralik ez

Ordea, lehen emanaldia Senperen egin izana ez zen kasualitate hutsa izan. Ordorikak emanaldian gogoratu zuenez, Hautsi da anphora grabatzen ari zirela, «behin baino gehiagotan» izan ziren Senperen, zeren eta, sasoi hartan, han baitzuen etxea Jean Phocas musika teknikariak, Mirandeko bordan zehazki. «Izan bedi hau bere gorazarre, eta baita ere Michel Ducaurena, hark egin baitzituen bozak disko honetan».

Ordorikak «egungo belarriekin» jo zuen bezala, esan liteke Atxagak ere «egungo begiekin» gogoratu zituela bere lehen liburuko testuetako batzuk ere. Eta Ukrainako gerrari egin zion aipamena, kasurako, Esparta, Liliput abestiari sarrera emateko, horretarako makulutzat hartuz Paul Klee margolariaren Angelus Novus margolana eta Walter Benjaminek hari buruz idatzitakoak. «Aingeru horrek aurpegia iraganerantz bihurtua duelarik, ez du ikusten historian gertaera, data, izen segidarik, baizik eta katastrofe bakar bat: hondakina hondakinaren gainean. Ez du ikusten aurrerabide argitsu bat, fatalitatea ikusten du, deabrua, Txerren, aingeruaren baitan». Eta azken gogoeta bat gehitu zuen gero. «Ez da ikusten aurrerabide moralik gure progresoan, brutalitatea sumatzen da».

Emanaldiak eta disko berritua

Diskoko abestiak amaitutakoan beste bat gehiago eskatu zuen publikoak. Aresti hartu zuen berriz gogoan Atxagak, eta Ni ez naiz Noruegako errege diskoan datorren Berandu dabiltza kantua eskaini zuten musikariek, hura ere Atxagaren letrekin sortua. «Eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak isurtzen hasi zenean, etengabe, Otis Redding badiako kaian eseri zen aireplano eroriei kantatzeko blues band».

Ostegunean Iruñean izango dira berriz anfora berregiten, ostiralean BIlbon, martxoaren 20an Eibarren (Gipuzkoa), martxoaren 25ean Gasteizen, eta, azkenik, 27an Errenterian.

Elkar argitaletxeak diskoa berrargitaratu du, bestalde, berriz masterizaturik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nerea Ibarzabal kantuan, bertsokideak atzean dituela. ©BOB EDME

Lehoiaren ahoan sartu du burua

Miren Mujika Telleria

Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionako saioa, eta, lehen itzuliko puntuak batuta, ia ziurtatua du Iruñerako sailkatzea. Datorren astean argituko da nortzuk ariko diren finalean
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
'Bilketa.eus' atariko pantaila irudi batzuk ©BERRIA

Artxiboetan barna sartzeko

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Baionako mediatekak zutik eman 'Bilketa.eus' ataria berritu dute. 26.000 dokumentu biltzen ditu digitalizaturik, eta ikerketa bide berriak eskaintzen ditu. Bilatu nahi den hitz oro kausi daiteke edozein dokumentutan. Liburu zaharrak, ikonografiak, prentsa zaharra… denetarik atzeman daiteke.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.