Zaintza zerbitzuen «merkantilizazio azkar eta basatia» salatu du LABek

Martxoaren 8aren atarian, zaintza sistema publiko-komunitario bat eratzeko «borondate politiko eta instituzionala» eskatu du sindikatuak. CCOOk azaleratu duenez, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berdintasun planak eduki behar dituzten 1.451 enpresetatik soilik 291k erregistratu dituzte.

Eli Etxeberria eta Garbiñe Aranburu, gaurko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko martxoaren 7a
16:01
Entzun

Martxoaren 8aren atarian, zaintza sistema publiko-komunitarioaren aldeko aldarriarekin bat egin du LAB sindikatuak, eta, horretarako, «zaintzaren negozioa desegitera» deitu du. Hain zuzen, zaintza zerbitzuen «merkantilizazio azkar eta basatia» salatu du gaur Eli Etxeberria Idazkaritza Feministako arduradunak, Bilbon eginiko agerraldi batean: «Azken hogei urteetan, mendekotasuna dutenen zaintza jarduera ekonomiko bihurtu da, enpresa gutxi batzuei izugarrizko etekinak ematen dizkiena». Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak «gogoeta sakon bat» eskatu du zaintza ereduaren inguruan.

Zahar etxeetako pribatizazio prozesua jarri du Etxeberriak negozioaren adibide gisa. Ahoztar Zelaietaren Residencias SA liburuan ageri diren datuak eman ditu: Hego Euskal Herrian dauden 385 egoitzetatik 30 dira publikoak: %7,8. Antzera dago etxez etxeko laguntza zerbitzua: Gipuzkoako eta Bizkaiko dozena erdi salbuespen kenduta, «sistematikoki azpikontratatzen» da; Nafarroan, ordea, ia ez dago pribatizaziorik, udaletako edo mankomunitateetako lantaldeen bidez kudeatzen baita: «Horrek demostratzen du negozio bihurtzea hautu politiko bat dela».

Pribatizazioak ondorioak ditu langileen baldintzetan eta arretaren kalitatean, Etxeberriak deitoratu duenez. Baina, gainera, «klientelismo sareak» sortu direla nabarmendu du: «EAJko kargu ohien eskutik sortutako enpresa, elkarte edo fundazioak daude sare horietan, edo alderdiko kideentzat ate birakariak dituztenak». Adibide gisa jarri du Urgantzi: «Bizkaian etxez etxeko zerbitzuan dagoen monopoliorik handienetakoa». Era berean, gogora ekarri du GESCA eta ANEa patronaletan irabazi asmoa duten enpresa ugari biltzen direla, eta horietako batzuek dozenaka egoitza dituztela Euskal Herritik kanpo ere: DomusVi, Vitalitas, Sanitas, Ballesol...

Errealitate hori ikusita, pribatizaziorako joeran atzera egitea galdegin du LABek. «Mugimendu sindikala eta mugimendu feminista zaintza sistema publiko-komunitarioa eskatzen ari gara, eta horretarako borondate politiko eta instituzionala behar da orain», adierazi du Aranburuk. Langileen lan baldintzak hobetzeko ez ezik, zaintzara bideratutako aurrekontua areagotzeko ere eskatu du, «baina gardentasun handiagoa ere behar dugu diru publikoaren erabileraren inguruan». Etxeko langileen egoeraz ere mintzatu da: «Ezin ditugu ahaztu: funtsezko lana egiten dute, baina lan erregimen orokorretik kanpo daude, eta, beraz, lan eskubiderik gabe».

Lanaldi partzialen feminizazioa

CCOOrentzat ere funtsezkoa da zaintza lanei «balioa ematea», emakumeen lan eta bizi baldintzetan eragiten duelako, besteak beste. Urtero bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko lan merkatuan emakumeek duten egoerari buruzko datuak eman ditu, eta berretsi du «genero arrakala esanguratsua» dagoela. Emakumeen Idazkaritzako arduradun Estibaliz Montero Mendozak gogora ekarri du kontratu partzialen %76,7 emakumeenak direla. «Behin-behinekotasuna ere hazten ari da sektore publikoan, emakumeak nagusi diren eremuan: langile publikoen %44,6 behin-behinekoak dira, baina andreen artean, %50era iristen dira; pandemiaren aurretik baino hamar puntu gehiago, eta duela hamar urte baino hamasei puntu gehiago».

Berdintasun planei ere erreparatu die sindikatuak: bihartik aurrera, 50 langiletik gorako enpresa guztiek eduki beharko dute halako plan bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.451 enpresa daude legez derrigortuta, baina soilik 291k erregistratu dute berdintasun plana. Enpresen «borondate faltari» egotzi dio Monterok: «2019an onartu zen dekretua: denbora izan dute». Loli Garcia EAEko CCOOko idazkari nagusiak erantsi du serio hartu behar dela gai hori: «Berdintasun plana ez da tramite soil bat: negoziazio kolektiboaren parte bat da. Beraz, enpresaren eta langileen ordezkarien artean jorratu behar da». Nabarmendu du planak tresna onak direla soldata arrakalari aurre egiteko: «Eta hor arazo asko izaten ari gara: enpresek soldaten ikuskaritzak egin behar dituzte, eta ez dira ari informazio hori ematen». Ohartarazi du sindikatua adi ibiliko dela: «Enpresek berdintasun planak egin beharko dituzte diru laguntzak lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.