Albistea entzun

Zientzia

Ernest Shackletonen 'Endurance' ontzia aurkitu dute Antartikan

Hiru kilometroko sakoneran topatu dute, osorik eta oso egoera onean, Weddell itsasoan. 'Endurance' 1915ean hondoratu zen, Shackleton eta haren espediziokideak Antartika oinez gurutzatzera joan zirenean.

Jakes Goikoetxea -

2022ko martxoak 9

Denbora gelditu da. 2022ko martxoa 1915eko azaroa bihurtu da. Agulhas II izotza hausteko ontzian duela mende pasatxoko argazki bat ikusi dute, baina zuzenean: Endurance hitzak agertu dira pantailetan, itsasontzi baten txopan. Ernest Shackleton kapitain eta esploratzailearen itsasontzia da. 1915ean hondoratu bezala ageri da, ukitu gabea eta kalterik gabea ia. Itsas faunak kolonizatu du: anemonek, itsas izarrek, belakiek... Ez dago, ordea, egurra jaten duten izakien arrastorik.

Endurance 22 espedizioak aurkitu du. Hori zen helburua. 3.008 metroko sakoneran aurkitu dute, Weddell itsasoan. «Inoiz ikusi dudan egurrezko hondoratzerik onena da», esan du Mensun Boundek, espedizioko Esplorazio zuzendariak. «Zutik dago, itsas hondoan harro, ukigabe eta izugarri ondo kontserbatuta».

Espedizioa Lurmutur Hiritik (Hegoafrika) abiatu aurretik zehaztu zuten itsasontzia urpeko zer eremutan egon zitekeen, eta eremu horren barruan topatu dute. 1915ean, hondoratu aurretik, Worsley kapitainak jasota utzi zuen itsasontzia zer lekutan irentsi zuen urak. Sestantea erabili zuen horretarako. Puntu horretatik sei kilometro eta erdi hegoaldera dago Endurance hondoratuta. Ez da harritzekoa: Worsleyk ontzia hondoratu baino hiru egun lehenago apuntatu zuen haren kokapena, eta Endurance 22ko kideek ez zekiten Worsleyk ontziaren kokapena zehaztu zuenetik hondoratu arteko hiru egunetan hondakinak zenbat eta norantz mugitu ziren jitoan. Izotza mugitu egiten baita.

Urtebete izotzetan

Shackletonek Antartika oinez zeharkatuko zuen lehen pertsona izan nahi zuen. Espedizio bat antolatu zuen: Trans-Antartika Inperiala. Izotzak haien ontzia harrapatu zuen. Urtebetetik gora egin zuten izotzetan harrapatuta: aurrena, itsasontzian bizitzen; gero, izotzetan, izotzaren mugimenduek eta gogortasunak Endurance puskatu zutenean.

Hiru salbamendu txalupa arrastaka eraman zituzten izotzetan, itsasora iritsi arte. Shackleton eta bost marinel Hego Georgia uhartera iritsi ziren arraunean, eta Elefante uhartean geratutako espediziokideak erreskatatu zituzten. Bi urte eta hilabete bat pasatu ziren Londrestik abiatu zirenetik Txilera eraman zituzten arte. Guztiak, bizirik.

Sinbolo bihurtu ziren Shackleton eta Endurance: batetik, garai bateko abenturena, Hego Poloaren esplorazioarena, mugen bila aritzearena; bestetik, izenak eta izanak bat eginez, iraun handiarena, egoerarik larrienei aurre egiteko gaitasunarena.

Bazuen espedizio hark oraindik argitu edo erakutsi ez zen misterio bat, ordea: non ote zeuden 1915ean Artikoko izotzak txikitutako eta Weddell itsasoko urak irentsitako Endurance bergantinaren arrastoak. Espedizio bat abiatu zen haiek bilatzera: Endurance 22. Falkland uharteetako (Malvinak) Itsas Ondarearen Fideikomisoa ongintzako erakundeak antolatu du.

Filmatu eta eskaneatu

Ontzia aurkitu eta gero, filmatu eta eskaneatu egingo dute. Hiru dimentsiotan eskaneatzeko tresna bat dute. Espedizioaren helburua ez da ontziaren arrastoak lehorreratzea eta museoren batean-edo erakusgai jartzea. Ezin dute. Endurance babestuta dago: leku eta monumentu historikotzat hartuta dago, eta ezin da dagoen lekutik mugitu edo atera.

Ur azpiko Saab Sabertooth ibilgailu bat erabili dute Endurance aurkitzeko. Ibilgailu autonomoa da: kanpotik gobernatu daiteke, eta bertan ez da pertsonarik joaten. Kamerak laser bidezko eskanerra eta sonarra ditu. Sonarrak soinu uhinak bidaltzen ditu, eta, haiek zerbait jotakoan, bueltan etortzen zaizkio. Jasotako oihartzunaren arabera, zer jo duen jakin dezakete. Horrela nabigatzen dute izurdeek eta saguzarrek. Saab Sabertooth izena du. Bai, Saab auto ekoizle suediarra izandakoaren marka da. Saab berriak segurtasunerako gailuak eta material militarra egiten ditu —hala egiten zuen autoak egiten hasi aurretik ere—.

2019an ere antolatu zuen Endurance aurkitzeko espedizio bat, baina orduan galdu egin zuten ur azpiko ibilgailua. Gainera, ibilgailuak ez zuen ikusten eta biltzen zuen informazioaren berri aldi berean bidaltzen, eta, beraz, ibilgailuak bildutako informazio guztia ere galdu egin zuten. Oraingoan, ordea, zuntz optikoko kable bat izan da ibilgailuaren eta Agulhas II-ren arteko zilbor hestea. Ibilgailua hainbat aldiz uretaratu dute, eta haren bitartez jaso dituzte irudiak.

Espedizioaren helburu nagusia Endurance aurkitzea izan da, baina bestelako ikerketa zientifikoak ere egin dituzte. Klima aldaketak Antartikako izotzetan duen eragina aztertu dute. Bertako izotzaren hainbat lagin hartu dituzte, eguraldia aztertu dute... Antartikako baldintzek eragina dute mundu osoko kliman, ozeanoen tenperaturan batez ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Surfaren klixeak desegitea oso zaila da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Lopez de Gereñuk bere pasioetako bi uztartu ditu aurreneko aldiz: artea eta surfa. 'Surf Like You Are, Live Like You Surf' erakusketa jarri du Bilboko Itsasmuseumen. Erretratuak paperezko poltsetan egiten ditu.
Aleix Garrido dronearekin grabatzen. ©ALEIX GARRIDO

Hegan egitearen antzekoena?

Unai Etxenausia

Oraindik ere gerretan erabiltzen dira, baina oso bestelakoa da jende askok droneari ematen dion erabilera. Aisialdirako jarduera bat izateaz gain, eguneroko lanaren parte bihurtu da askorentzat. Legedia zorroztu da, eta baimen bereziak eskuratu behar dira arazo barik gidatu ahal izateko.
Toni Collette aktorea, <em>The Power</em> telesailaren irudi batean. Sari nagusia irabazteko hautagaietako bat da Lillen. ©AMAZON

Series Mania jaialdiko edukiak Iparraldean ikusgai, sarean

Urtzi Urkizu

Lillera joan gabe, lehian diren telesailak ikusi ahalko dira plataforma batean. Martxoaren 17tik 24ra egingo dute nazioarteko jaialdia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...