Europako Kontseiluak Pablo Gonzalezen atxiloketa salatu du

Kazetaritzaren eta kazetarien segurtasuna bermatzeko lanean diharduen plataformak egin du salaketa, mezu baten bitartez.

Europar Kontseiluak Pablo Gonzalezen atxiloketa salatu du.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko martxoaren 10a
15:30
Entzun

Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloketa salatu du gaur Europako Kontseiluan kazetaritzaren eta kazetarien segurtasuna bermatzeko defentsan lan egiten duen plataformak, mezu baten bitartez. Poloniako Barne Segurtasunerako Agentziak, hots, herrialdeko kontraespioitza zerbitzuak, otsailaren 28an atxilotu zuen kazetaria.

Mezuan adierazi duenez, gainera, Gonzalezek otsailaren 27an bidali zuen azken artikulua, eta, ondoren, atseden hartzera zihoala esan zuen. Polonian zegoen kazetaria, Ukrainatik ihes egindako errefuxiatuen egoeraren berri ematen, eta «espioitza delitua» egotzita atxilotu zuten. Otsailaren 28tik, inkomunikatuta eduki dute Gonzalez zenbait egunez. Gonzalo Boye haren abokatuak Twitter bidez azaldu duenez, «bidegabe» dago espetxeratua, eta, orain arte, ezin izan du senideekin eta abokatuarekin harremanetan jarri.

Poloniako kontraespioitzak martxoaren 1ean zehaztu zuen Gonzalez Przemysl hirian (Polonia) atxilotu zutela, eta ez Rzeszowen (Polonia). Gaineratu zuen «atzerriko inteligentzia zerbitzu baten jardueretan parte hartzea» leporatzen zaiola kazetariari; delitu horrengatik, hamar urterainoko espetxe zigorra eskatu daiteke.

Kazetariak Babesteko Batzordeak eta Prentsaren Nazioarteko Institutuak Europako Kontseiluari jakinarazi zioten gertatutakoa, eta, orain, Poloniako Gobernuak salaketari buruzko azalpenak ematea espero du Kontseiluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.